TikTok, Instagram, Twitter edo Facebooken sartu eta ‘scroll’ egiten hasten den erabiltzaileak, behatza behin eta berriz beherantz mugituz, orduak eman ditzake begiak pantailan itsatsita. Izan ere, ez dago amaiera finkatuta; algoritmoak beti du bideo edo argitalpen bat gehiago eskaintzeko, erabiltzailea denbora gehiago harrapatuta edukitzeko.
Orain, Europar Batasuna egoera iraultzeko urratsak ematen hasi da. Barne Merkatuko eta Kontsumitzailea Babesteko Batzordeak “zerbitzu digital jakin batzuen mendekotasun-izaerari” buruzko txosten bat egitea onartu du. Eurodiputatuek aldeko 38 botorekin eta kontrako botorik gabe atera zuten aurrera proiektua, eta azpimarratu zuten teknika kaltegarri eta desleialak aztertzeko eta debekatzeko beharra, oraingoz ez baitaude araututa.
Scroll infinitua
Ordezkariek adierazi dutenez, sare sozialetako ‘scroll’ infinituak pertsonen ahultasun eta nahiekin jolasten du, eta plataforma horiei denbora gehiago eskaintzera bultzatzen ditu. Batez ere adingabeei.
Eurodiputatuek, halaber, plataforma digitaletan oso hedatuta dauden beste praktika batzuek sor dezaketen mendekotasuna azpimarratu dute. Horien artean, pantaila freskatzea jakinarazpen berrien bila, bideoak amaitu ahala automatikoki erreproduzitzea (YouTube bezalako lekuetan ohikoa dena) edo Instagramen hain garrantzitsuak diren aldi baterako istorioak.
Europako Batzordeak dagoeneko ekin dio ebaluazio bat egiteko eta kontsumitzailea babesteko legeria eguneratzeko beharra baloratzeko lanari, eta emaitzak 2024rako espero dira.
Mendekotasun digitala
‘Scroll’ infinitua (edukiak bata bestearen atzean erakutsi, erabiltzaileak inoiz klik egin beharrik gabe, eta leku batetik irtetera bultzatzen duen etenik gabe) sare sozialetako adikziotzat hartzen da gaur egun.
Hau ez da lehen aldia Interneteko ‘scroll’ infinituak duen arriskuaz ohartarazten dena. Aza Raskinek, funtzioa 2006an sortu zuen ingeniariak, erabiltzailearengan sortzen duen mendekotasun-maila kokaina-kontsumoarekin alderatu zuen: “Pantailan zipriztinduta balego bezala da”. Gainera, adierazi zuen pantailaren desplazamendu edo ‘scroll’ horrek eragiten diola erabiltzaileari, hain zuzen ere, TikTok eta Instagram bezalako sare sozialetara itzultzea.