Zabalik Etikasi 2024n izena emateko epea

Bi talde osatuko dira. Lehenengo taldea Poloniara joango da eta bigarrena, berriz, Irlandako Iparraldera eta Pasaia eta Errenteriara

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Etikasi2024 giza eskubideen aldeko hezkuntza-programaren deialdia ireki du. Izena emateko epea martxoaren 15ean amaituko da eta hautatutako gazteen izenak apirilaren 16an emango dira ezagutzera.

Aurtengo deialdian bi modalitate izango dira. Lehen modalitatean parte hartzen duten 30 gazteek Poloniako Krakovia hirira bidaiatuko dute ekainaren 17tik 20ra bitartean. Bigarren talderako, berriz, 18 eta 30 urte bitarteko 20 gazte aukeratuko dira eta talde horrek Irlandako Iparraldea bisitatuko du uztailaren 2tik 6ra (Belfast eta Derry). Bigarren talde horrek, gainera, Pasaia eta Errenteria bisitatuko ditu urriaren hasieran.

Izen-emateak

Lehenengo talderako parte-hartzea ikastetxeen bidez bideratuko da. Horretarako, ikasgelaren tutoreak izen-ematea osatu eta, ondoren, ikasleek giza eskubideen gaia jorratzen duen bideo bat, bidali beharko dute martxoaren 15a baino lehen. Baldintzak, ebaluazio irizpideak, epeak eta gainerako informazio guztia egk.eus webgunean irakur daitezke.

Bigarren taldean parte-hartu nahi duten gazteek bere kabuz eman beharko dute izena. Horrekin batera, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte martxoaren 17a baino lehen: ikasturte honetan burutzen ari diren ikasketen matrikularen ziurtagiria (Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako Zikloetakoa edo eta Unibertsitateko gradukoa), ingelesezko B2 maila frogatzen duen ziurtagiria eta, giza eskubideen gaia jorratzen duen 1200-1500 hitz dituen idatzi bat. Ondoren banakako elkarrizketa bat egin beharko dute. Baldintzak, ebaluazio irizpideak, epeak eta gainerako informazio guztia hemen.

Bi modalitateetan bidaiak baino lehen formakuntza bat egingo da eta bidaiaren ondorengo itxiera-saioa egin beharko dituzte ikasleek.

EGK-k gastu guztiak ordainduko ditu, hegaldia, bidaia-asegurua, ostatua eta dietak barne.

Kontsulta edo informazio gehiago nahi izanez gero, 688 737 097/ 943 42 97 67 telefonora deitu edo bakea@egk.eus helbidera idatzi.