1.400 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute Euskarabideak antolatzen duen “Sarean Euskaraz” egitasmoan. Ekimen horren xedea da euskararen erabilera teknologia berrien esparruan sustatzea. Aurtengoa zazpigarren edizioa izan da eta programaren barruan antolatu diren tailer ezberdinetan kultura digitalaren eta euskararen zenbait alderdi landu dira.
Aurtengo edizioa bi jardunalditan banatu da, urriaren 10ean eta 11an hain zuzen ere. Baluarten programatutako jardueretan 12 ikastetxetako DBH4ko eta Batxilergoko lehen mailako 868 ikaslek parte hartu dute. Horiez gain, ekimena Iruñerritik kanpo diren beste bost ikastetxetako 400 ikasle gehiagotara iritsi da eta baita beste hamabost udalerritan antolatuko diren tailerretan parte hartu duten gazteengana ere.
‘Sarean Euskaraz’ ekimena 2017an jarri zen abian eta ordutik hona 7.000 gaztek baino gehiagok parte hartu dute euskararen erabilera sustatzea helburu duen egitasmo honetan. Ekimena Nafarroako Gobernuaren Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren ildo estrategiko baten barruan garatzen da.
Euskara eta Teknologia Berriak
Ekimenak helburu bikoitza du. Alde batetik, euskararen erabilera sustatu nahi du Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan (IKT) eta, bestetik, euskarazko kultura digitala bultzatu nahi du. Hortaz, aurtengo edizioan aplikazio ezberdinetako praktikak jorratu dira, hala nola, musika, argazkilaritza, jokoak… Aldi berean, gaurkotasun handia duten sareetako pribatutasuna edo 3.0 harremanak bezalako gaiak jorratu dira hitzaldien bidez.
Baluarten egin diren saioetan zortzi tailer, bi hitzaldi eta ‘Egunean behin’ jokoaren zuzeneko partida bat antolatu ziren.
Ekimenak urtero berritasun garrantzitsu bat izaten du. Aurten, adibidez, oinarrizko hiru gune antolatu dira. Lehenengoan, Ikas Aretoa, gazteek zortzi tailer praktikoetan parte hartzeko aukera izan dute: Bideo-mapping; errealitate birtuala, 3D inprimagailuak, robotika-Arduino, Gamer gela, AppInventor, musika sortzeko, nahasteko eta zabaltzeko aplikazioak, eta argazkilaritza.
Era Aretoan, berriz, ikasleek bi hitzaldietan parte hartzeko aukera izan dute: Gisa Elkarteko Maider Likonak emandako ‘Pribatutasuna sarean’ eta Emaizeko Ane Ortizek eskainitako ‘Harremanak 3.0: like bat eman’ .
Azkenik, Jolas Aretoaren bidez, ekimenak bere izaera ludikoa indartu du eta ‘Egunean behin’ euskarazko galdera-erantzunen jokoan aritu ahal izan ziren bertaratutakoek zuzeneko partida batean.