‘Sarean Euskaraz’ programaren 6. edizioa

Euskarabideak gazteen artean IKTen esparruan euskararen erabilera sustatzeko antolatzen duen programaren aurtengo edizioa urriaren 13tik 14ra bitartean ospatuko da.

Urriaren 13an eta 14an, Iruñeko Baluarte Jauregiak ‘Sarean Euskaraz’ programaren seigarren edizioa hartuko du. Bertan, DBH4 eta batxilergoko lehen mailako 1.300 ikasle inguru bilduko dira. Euskarabideak sustatzen duen programa horren xedea da gazteen artean informazio eta komunikazioa teknologien esparruan euskararen erabilera sustatzea.

Programak arrakasta handia du gazteen artean eta urtero metodologia berriak eskaintzen ditu. Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok azaldu duenez, “Programaren arrakasta gazteria, hartzaile izan ordez, interesatzen zaien eduki praktiko eta funtzional baten protagonista aktibo izatean datza. Gazteek kultura digitalaren diziplina ezberdinak erabiliz esperimentatu, sortu eta dibertitu ahal izateko aukera dute. Eta hori guztia euskaraz. Gogoan izan behar da gazteriaren % 30ak euskaraz badakiela”.

Jardunaldiak

Bi egunetan zehar Iruñerriko 10 ikastetxetako ikasleak Baluarten izango diren hiru guneetatik igaroko dira. Horietan, adibidez, sarearen erabilera segurua eta 3.0 harremanen pribatutasunari buruzko segurtasuna bezalako gaiak jorratuko dituzten hitzaldi labur eta dinamikoak entzuteko aukera izango dute.

Horiez gain, beste hainbat jarduera ere eskainiko dira, hala nola, musika-sorkuntza; bideo-mappinga; Android mugikorretarako aplikazio ezberdinen sorrera; Arduino errealitate birtuala; 3D inprimagailuak; telefono adimenduen bidez eginiko argazkigintza edo jokoen tailer bat. Aldi berean, berrikuntza gisa, IKTen inguruan egin diren zenbait esperientzia azalduko dira modu ludikoan eta Egunean Behin lehiaketaren zuzeneko partidak ere izango dira.

Baluartera joaten diren ikasleez gain, Altsasuko, Berako, Doneztebeko, Leitzako eta Tafallako beste 400 bat ikaslek ere programan parte hartzeko aukera izango dute haien ikastetxeetan izango diren tailerren bidez.

Aurreko edizioak

Aurtengoa ‘Sarean Euskaraz’ programaren seigarren edizioa izango da. Aurreko edizioetan, guztira, 4.300 gaztek parte hartu ahal izan dute. 2021ean proiektua Europako Kontseiluaren praktika egokien Gidan barne hartu zen gutxiengoen hizkuntzak sustatze aldera. Aurten, 2022, Espainiako Gobernuaren Kultura eta Kirol Ministerioaren bidez finantzatutako proiektu digitalen arteko bat izan da.