Gero eta futbol entrenatzaile gehiago euskaraz trebatzen

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Futbol Federazioak sustatutako euskarazko futbol entrenatzaile ikastaroak egonkortu egin dira hirugarren urtez.

200 pertsona baino gehiagok egin dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Futbol Federazioak sustatutako euskarazko futbol entrenatzaileen ikastaroak azken hiru urteetan. Eusko Jaurlaritzak, arloko adituen laguntzarekin, ikastaro horietarako materialak egokitu ditu.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Gipuzkoako Futbol Federazioa 2021ean hasi ziren elkarlanean eta, horri esker, hasi ziren 2021-2022 denboraldian UEFAko ikastaroak lehen aldiz euskaraz ematen.

Eusko Jaurlaritzak 2021eko uztailean jarri zuen abian Euskara Kirolean Sustatzeko 2021-2024 Plana. Proiektu horren funtsezko zutabeetako bat euskarazko prestakuntza sustatzea da, besteak beste, entrenatzaile eta teknikarien trebakuntza. Erreferentziazko figura horien eredugarritasuna oinarrizko baldintza da, ondoren gazteek euskara erabiltzean eragin nahi bada.

8 eta 18 urte bitarteko gazte kirolariak dira nagusi futbolean, eta adin-tarte horretako hamar gaztetik bost futbolean aritzen dira. Horregatik, eremu horretan eragiteko eta euskara bultzatzeko beharra lehentasun bihurtu da Gipuzkoako Futbol Federazioarentzat.

Euskarari bidea zabaltzen

Lehen urratsa UEFA B eta UEFA C tituluen ikastaroak euskaraz eskaintzea izan zen, Europa mailan entrenatzaile gisa aritzeko beharrezko baldintzak. Horrela, 21-22 denboraldian, UEFA C 53 ikaslerekin hasi zen lehen aldiz (8 emakume eta 45 gizon). 22-23 eta 23-24 denboraldietan 60 eta 85 lagunek egin dute ikastaroa, hurrenez hurren. UEFA B-ri dagokionez, goi maila horretan ikasten jarraitzen duten entrenatzaileen kopuruak behera egin duen arren, 28 ikaslek euskaraz egin dute ikasturtea bi urtetan.

Azken urtean ikus-entzunezko materialak ere euskarara egokitu dira. Guztira 50 bideo egin dira, 10 adituren azalpenekin.

Hemendik aurrera, beste federazio batzuek ere Gipuzkoan hasitako bideari jarraitzea da erronka.

Hizkuntza estrategiak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Hizkuntza Estrategien Modulua sortu zuen duela hiru urte, kirol-entrenatzaileentzat. Besteak beste, moduluak eguneroko entrenamenduetan euskara sustatzeko estrategiak, baliabideak eta gomendioak biltzen ditu, eta Kirolenek edo Kirolaren Euskal Eskolak emandako teknikari-ikastaroen gai-zerrenda bihurtu da. Gipuzkoako Futbol Federazioaren kasuan, entrenatzaileen eskolako irakasleak gaitu ondoren, UEFA B eta UEFA C ikastaroetako ikasleen lehen ikasgaia bilakatu da.