Abuztuak 12, gazteon eguna!

Gaur egungo gazteok zaila dugu bizitza proiektu duin bat garatzea, euskal gazteria lan egoera prekarioan bizi delako.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan, 35 urte daramatzagu gazteen eskubideak defendatzen, gazteen, gizartearen eta administrazioen arteko zubi lana eginez, azkenengo hauei gazteon beharrak, kezkak eta proposamenak helaraziz. Hori dela eta, abuztuaren 12an gazteen eguna izanda, aukera paregabea ikusten dugu gazteon aldarrikapenak berriz jaso eta plazaratzeko.

Gaur egungo gazteok zaila dugu bizitza proiektu duin bat garatzea, euskal gazteria lan egoera prekarioan bizi delako. Asko dira denbora baterako kontratuak dituztenak, praktika kontratuak edota lanaldi partziala dutenak. Datuak aztertuta, bereziki, emakume gazteak dira kaltetuenak. Honi aurre egiteko, beharrezkoa da kalitatezko enplegua sortzea lan kontratu eta baldintza duinekin, lan osasunaren alde egitea eta genero berdintasuna sustatzea lan merkatuan.

Emantzipazioa

Bizitza proiektuari lotuta, emantzipazioaren inguruan jasotako datuek bizitza proiektu duin bat garatzeko ezintasuna erakusten dute. Etxebizitza eskubide unibertsal bat izan arren, gaur egun euskal gazteen % 18,2k bakarrik lortzen du emantzipatzea. Horietatik gehiengoak alokairuan egiten du, etxebizitza bat erostea oso zaila delako dagoen ezegonkortasunagatik. Hala ere, alokairuak ez du egoera hobetzen, alokairu soziala urria delako eta librea, aldiz, oso garestia. Beraz, horren aurrean, epe motzerako etxebizitza laguntzez gain, beharrezkoa da alokairu libreari mugak jartzea eta etxebizitzaren parke publikoa modu nabarmenean handitzea. Gainera, etxebizitzak genero ikuspegitik diseinatzea beharrezkoa da, zaintza lanak erdigunean jarriz, eta etxebizitza komunitarioagoak sustatuz.

Bizitza proiektua sortzerakoan, emantzipazio prozesua emateko, kontutan ditugu beharrezkoak diren bi faktore, etxebizitza eta enplegua. Dena den, hezkuntzak ere eragin nabarmena du proiektu honen garapenean. Hau da, gazteon bizi baldintzak kontutan hartzean, ezinbestekoa da ikasleen egoera eta beharrak ere kontutan hartzea. Horretarako, ikasleek aldarrikatzen dituzten ikasteko baldintza duinak bermatu behar dira, bai behar materialei dagokienez zein giza baliabideei dagokienez. Honekin lotuta, ikasleak subjektu aktibo gisa erdigunean jarriko dituen hezkuntza sistema bat behar da, hauen partaidetza iraunkorra bermatuz. Eta noski, euskaraz ikasteko eskubidearen bermea izatea, gazteen aldetik nahi bat denez geroztik.

Etorkizunera begira

Honi lotuta, eta hau guztia bermatu eta beharrezko oinarri bat izateko, 2030 Agenda dugu. Garapen Iraunkorreko 2030 Agenda eta Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak (GJH), nazioarteko erronka berri bat dira pobrezia desagerrarazteko, giza eskubideak lortzeko, desberdintasunen aurka borrokatzeko eta planeta eta bere baliabideak errespetatzen dituen garapena lortzeko. Gazteok, etorkizunaren funtsezko zati gisa eta oraina aldatzeko eragile gisa, 2030 Agendaren ezarpenean lan garrantzitsua dugu egiteko.

Hau horrela, marko honetan sartzen dira ere gazteok ditugun beste hainbat eskaera zein ardura. Elkarbizitza dugu balio garrantzitsu gisa. Elkarbizitza baketsu baterako bidean, gazteak ezinbesteko agente eraldatzaileak gara. Arrazakeria, erlijioagatiko diskriminazioa eta mota guztietako indarkeriei aurre egiten ari gara gazteak. Eta honekin lotuta, kontutan izan behar dugu euskal gazteria askotarikoa, anitza eta heterogeneoa dela. Horregatik, bereizketarik gabeko eta sexu eta afektibitate-aniztasuna errespetatuko dituen gazteria eraikitzearen alde ari gara. Indarkeria matxista eta indarkeria LGTBI+fobikoa guztiz gaitzesten ditugularik. Pandemiaren geroztik, erasoek (edo erasoen salaketek) nabarmen egin dute gora. Zentzu horretan, ezin aipatu gabe utzi azken aldian presentzia izugarria hartzen ari den eraso forma berria, ziztada bidezko erasoak. Emakumeon aurkako eraso sistematiko hauen atzean ideologia matxista dago; horregatik, horren aurrean argi dugu #GukEzetz, erasoekiko zero tolerantzia izango dugu eta justizia aldarrikatuko dugu.

Asko dira esateko eta proposatzeko ditugunak eta hori guztia garatzeko partaidetza sustatzea ezinbestekoa da. Garrantzitsua ikusten dugu kontutan hartzea partaidetza ereduak aldatzen doazela eta horretara egokitu eta moldatu behar garela, eragile zein administrazioak. Gazteok parte hartzeko gogotsu gaude, baina parte hartzen ikasi egiten da eta horretarako partaidetza kultura sustatzea ezinbestekoa da.