Agurtzane Llano: “Enplegua eta etxebizitza izango dira gazteria politiken ardatz nagusiak”

Zalantzarik gabe, 2020. urtea Covid-19k eragindako pandemiagatik baldintzatuta egon da. Pandemiaren albo-ondorio ekonomikoek, bereziki, gazteria kaltetu dute. Zuzentzen duzun Gazteria Zuzendaritzatik egoera berri eta berezi horri erantzuteko neurri berezirik planteatu(ko) duzue? 

Denok dakigu osasun-krisiak larriki eragin diola gure jarduera produktiboari. Beraz, enplegua berriz ere da gizartearen, erakundeen eta gobernu honen lehentasuna. Eusko Jaurlaritzak, ekonomia suspertzeko eta galdutako enplegu guztia berreskuratzeko Berpiztu Programa zehaztu egin berri du eta aurreikusten da urriaren amaieran onartuko dela Gobernu Kontseiluan. Programa horrek 13.250 milioi euroko aurrekontua izango du 2020-2024 aldirako, eta helburu hauek ditu: 135.000 lanpostu sustatu; 6.000 enpresa eta mikroenpresa berri sortzen lagundu; Ikerketa eta Garapeneko 1.000 proiektu berri sustatu; 10.000 industria-enpresei lagundu; 4.000 industriaren eta zerbitzu aurreratuen balio erantsia handitu; 100 elikagai-industriaren balio erantsia handitu; eta 1.400ean handitu merkataritzaren, ostalaritzaren eta turismoaren balio erantsia.

Horrez gain, gobernu osaketarako akordioan Gazteen Enplegurako Txoke-plan bat onestea adostu dute EAJ eta Alderdi Sozialistak. Horren helburua, 30.000 gazteri lehenengo lan-esperientzia bat eskaini ahal izatea da, hain zuzen ere. Horri ere laster ekingo diogu.

Pandemia dela eta, azken hilabeteetan, udako hilabeteetan alegia, hainbat hedabidetan gazteak aipatu dira berragertzeen arduradun nagusi gisa. Zein da zure iritzia gai horren inguruan?  

Hemen ez dago eztabaida posiblerik. Egoera honetan, osasun arloko adituek eta erakundeek markatutako irizpideak bete behar ditugu. Denok. Gazte gehienen portaera eredugarria izan dela esango nuke hemen. Salbuespenak izan direla? Seguru, baina baita helduagoak diren kolektiboen artean ere. Orokorrean, euskal gizartea ondo erantzuten ari dela iruditzen zait, eta gazteriari begira, gauza bera.

Egungo gazteak (adinez nagusiagoak direnak, behintzat) jada bi krisi pairatu behar izan dituzte. Horietako askok oso trebakuntza altua izan arren lan merkatuan sartzeko aukera gutxi izan dituzte. Zer egin daiteke erakunde publikoetatik egoera hori zuzentzeko edo leuntzeko?

Euri zaharraren gainean euri berria ari dela ondo dakigu. 2008an sortutako krisia luzea izan zelako eta ondorio latzak utzi zituelako. Orduko gazteek pairatu zuten, neurri handi batean. Eta orain, krisi berri honek pertsona berberengan eragina izan dezakeela ikusten dugu. Eta neurriak hartuko ditugu.

Esan dudanez, Gazteen Enplegurako Txoke-plan bat abiaraziko da, lehenengo lan-esperientzia bat eskainiko diena 30.000 gazteri. Bere jarduketa-ardatzak hauek izango dira: prestakuntza duala gazte-enplegurako, hezkuntza-mundutik lanerako trantsizioa, prestakuntza-bekak eta esperientzia profesionala kontratazio-konpromisoarekin, gazteen laneratzerako eta enplegurako berariazko programak, ekintzailetzaren, autoenpleguaren eta gazteen ‘start-up’en garapena, tokiko zein eskualdeko enplegu-planak, enplegu publikoko eskaintzak, eta gazteen kolektiboan enplegu-prekarietatea murrizteko programak.

Pasa den abuztuaren 12an ospatu zen Gazteriaren Nazioarteko Egunarekin batera argitaratu zen Lanaren Nazioarteko Erakundearen txosten baten arabera, pandemiak gazteengan izan dituen ondorioak iraunkorrak bilaka daitezke. Zeintzuk lirateke, une honetan, lehentasun gehien duten gaiak?

Pertsona bakoitzak bizi nahi duen bizitza proiektua martxan jarri ahal izatea da guretzat garrantzitsuena. Horretarako, euskal gazteriari bere emantzipazioa eta berezko familia proiektua garatzea errazten dizkion zeharkako ekintzak burutuko ditugu. Hori da guretzat lehentasuna. Eta horrek, bi jarduketa-ardatz eskatzen ditu: enplegua eta etxebizitza. 

Aurreko legealdian Gazteria Legea onartzeko asmoa zen. Hainbat aurrerapauso eman dira (zirriborroa jada aurkeztu zen…), baina azkenean onartu gabe geratu da. Legebiltzarraren osaketa berria ikusita, epe laburrean onar daitekeela deritzozu?

Horrela espero dugu, bai. Gure gazteriarekiko konpromisoa Gazteriaren Euskal Lege batean artikulatuta geldituko da era horretan. Gazteriaren Legearen helburua da azken hamarkadetan garatutako gazte-politikak sendotzea, bai eta areagotzea ere, gazte-ikuspegia politika publiko guztietan txertatuz, politika publikoak mobilizatzeko, gazte-ikuspegiaren aldekoak izan daitezen. 

“Gazte gehienen portaera eredugarria izan dela esango nuke hemen. Salbuespenak izan direla? Seguru, baina baita helduagoak diren kolektiboen artean ere”.

Pasa den urtearen amaieran Gazte Txartela berria EAEko 14 eta 30 urte bitarteko gazteei bidali zitzaien. Itxialdiak nabarmen eragingo zuen horren erabileran, baina ba al duzue horren gaineko baloraziorik?

Ez daukagu jakiterik zenbat erabili duten Gazte-txartela gazteek establezimenduetan, ez baitaukagu baliabiderik horretarako, baina bai igartzen dugu igoera bat dagoela zenbait arlotan. Adibidez, zozketetan, askoz jende gehiagok hartzen du parte, eta horren atzean, askoz Gazte-txarteldun gehiago dauzkagula dago, seguruenik. Hala ere, urte arraro honetan pairatzen gabiltzan pandemia horretan ere eragina izaten ari da. Kulturaren arloan, adibidez, emankizun gutxiago izanda, zozketak ere gutxiago izan direlako. 

Gazte-txarteldun gehiago izateak beste eragin batzuk izan ditu, eta adibidez, kolaboratzaile eta abantaila gehiago edukitzea ere. 2019an 864 kolaboratzaile eta 1.146 abantaila zenbatzen ziren eta 2020an, 998 kolaboratzaile eta 1.277 abantaila dira. Packeko kupoiak ere gehiago erabiltzen ari dira. Iaz, lehen bederatzi hilabetetan 688 erabili ziren eta aurten, epe berean, 1.413, eta hor pandemia izan dugula tartean kontutan hartu behar da. Beraz, orokorrean, pozik gaude.

Pandemiaren beste albo-ondorio bat auzolandegiak bertan behera utzi beharra izan da. Datorren urtean auzolandegiak berriz ere abian jartzeko asmoa al duzue? 

Osasun egoerak markatuko du gure jokabidea, noski. Une honetan ezin dugu beste erantzunik eman. Dena den, guretzat oso baliagarria den programa da, eta esango nuke parte hartzen duten udalen balorazioa ere oso positiboa dela. Beraz, egoerak bermeekin berriro ere abian jartzeko aukera eskaintzen duen unean, hor izango gara, proiektu honi berriro ere bultzada bat emateko.

Aurreko legealdian Gazteria Zuzendaritza Kultura Sailetik Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailera pasatu zen, eta orain, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailean dago. Zer dela eta aldaketa berri hau? 

Gazteriako zuzendaritza transbertsala izan behar du. Gazte-ikuspegiak politika publiko guztietan izan behar duelako. Gure sailean, pertsonei begira gaude. Berdintasun, justizia eta gizarte esparruko begiradarekin. Iruditzen zait kokagune aproposena dela gazteriaren kezkak eta beharrak aztertzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.