
Amaia Gabantxok irabazi du Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria, Miren Agur Meaberen “Hezurren erretura” eleberria ingelesera itzultzeagatik. Jatorriz euskaraz idatzitako literatur lanen itzulpenak saritzeko sortu zen sariak, Gabantxoren itzulpenaren kalitatea ez ezik, Parthian Books argitaletxeak euskal literatura anglosaxoi munduan sustatzeko duen konpromisoa ere nabarmendu du.
“Hezurren erretura” eleberria ingelesez argitaratu du Parthian Books argitaletxeak, “Burning Bones” izenburupean, eta euskal literatura nazioarteko publikora eramateko etengabeko interesa erakutsi du.
Lehiaketako epaimahaiak itzulpenak zuzenean euskaratik ingelesera egitearen garrantzia nabarmendu du, eta horrek, aldi berean, Gabantxok euskal literaturaren sustapenean nazioartean izandako funtsezko papera azpimarratzen du. Gainera, sari honek Parthian Books argitaletxeak euskal kulturarekin duen konpromisoa ere berresten du. Izan ere, bigarrenez, Miren Agur Meaberen eleberri bat argitaratu du ingelesez. Meaberen bi lanez gain, ingelesez ere argitaratu du Karmele Jaioren “Amaren eskuak” liburua.
Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria
Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria 2015ean sortu zen jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lanen itzulpen lana aitortzeko. Irabazleak 4.000 euroko saria jasotzen du, eta itzulpenaren kalitatea eta argitaletxeak egindako sustapen-ahalegina aitortzen ditu. Irabazleek 2.000 euroko laguntza ere jaso ditzakete saritutako edizioaren herrialdean liburua sustatzeko.
Amaia Gabantxo, itzultzailea izateaz gain, idazlea eta flamenko abeslaria da. Bere lanari esker ingelesera itzuli dira “Twist” eta “Belarraren ahoa” (Harkaitz Cano), “Kristalezko begi bat” (Miren Agur Meabe), “Zorion perfektua” (Anjel Lertxundi), “Vredaman” (Unai Elorriaga), “Borrokaria” (Bernado Atxaga), “Harri eta herri” eta “Maldan behera” (Gabriel Aresti), eta berriki saritua izan den “Hezurren erretura” (Miren Agur Meabe).
Sari banaketa Bilboko Bidebarrieta Liburutegian egin da, eta bertan izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Jokin Gorriti, Laboral Kutxako ordezkaria; Amaia Gabantxo, itzultzailea bera, eta Miren Agur Meabe egilea.
Aurreko edizioetako irabazleak
2022
Mariolein Sabarte Belacortu eta Zirimiri Press argitaletxea
‘Amek ez dute’ (Katixa Agirre)
Eleberria
Nederlandera
2021
Nami Kaneko eta Shinchosha argitaletxea
Soinujolearen semea (Bernardo Atxaga)
Eleberria
Japoniera
2020
Eider Rodriguez eta Lander Garro eta Literatura Random House
Bihotz handiegia (Eider Rodriguez)
Ipuin bilduma
Gaztelania
2019
Ainara Munt eta Pol·len edicions
Hilda dago poesia? (Joseba Sarrionandia)
Poesia
Katalana
2018
Amaia Gabantxo eta Center for Basque Studies
Harri eta Herri eta Maldan Behera (Gabriel Aresti)
Poesia
Ingelesa
2017
Yaroslav Gubarev eta Anetta Antonenko
Behi euskaldun baten memoriak (Bernado Atxaga)
Eleberria
Ukrainera
2016
Nami Kaneko eta Hakusuisha argitaletxea
Mussche (Kirmen Uribe)
Eleberria
Japoniera
2015
Isaac Xubín eta Kalandraka argitaletxea
Tempo de exilio (Joseba Sarrionandia)
Poesia antologia
Galegoa