Mende laurdena beteko du BAD jaialdiak

Urriaren 12tik 22ra bitartean izango den edizio berriaren programazioa 16 konpainiaren ikuskizunek osatuko dute.

Bilboko Udalak antolatzen duen BAD – Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiak bere 25. urteurrena ospatuko du aurten. Urriaren 12tik 22ra bitartean luzatuko den programazioan dantza-performancea, dramaturgia berriak edo antzerkia bezalako diziplinak izango dira protagonista.

Aurtengo edizioari hasiera emango dion lana Olfa Sendesni artistaren ‘Amorrua’ izango da. Sendesnik aurtengo Bilbaoeszena Artistak Egoitzan beka jaso du lan horregatik. Hitzordua urriaren 12an izango da, 19:00etan, La Fundicion aretoan. Areto berak hartuko du aurtengo edizioari amaiera emango dion ikuskizunetako bat: Aina Alegreren “ETUDE4 – Fandango y otras cadencias”. Hitzordua, kasu horretan, urriaren 22an izango da, 18:00etan.  Azken ikuskizuna, AzkonaToloza konpainiaren “Concierto geológico”, berriz, Bilborock aretoan izango da, egun berean, 20:00etan.

Aipatu lan horrez gain, programazioa 16 konpainiaren ikuskizunekin osatuko da. Horietatik zortzi Euskal Herrikoak izango dira, bost Estatukoak (Katalunia, Kanariar Uharteak, Andaluzia eta Madril) eta azken hirurak nazioartekoak (Argentina, Portugal eta Frantzia).

Estreinaldiak

Aurtengo edizioak hamar estreinaldi aurkeztuko ditu Euskadin, horietako bi erabateko estreinaldiak izanik Bilbon: La Higuera-ren “Nire usaina galdu nuen eguna” eta Cía Analogica-ren “Lo que pasa mientras”. Gainera, zortzi estreinaldi gehiago egingo dira Euskadin, Estatuko hainbat jatorritako artisten proposamenekin eta Aina Alegre konpainia frantsesaren nazioarteko emanaldi batekin.

BAD 2023k Portugaleko Teatro Praga-ren “Info Maniac” lana ere aurkeztuko du urriaren 20an, 19:00etan, La Fundicionen. Hau izango da obra hau Estatuan ikusiko den lehen aldia.

Sarrerek 10 euroko prezioa dute emanaldi bakoitzeko, eta erosketari buruzko informazio guztia eskuragarri dago jaialdiaren webgunean, baita deskontuak eskaintzen dituzten bonuak erosteko aukera ere.

Egitarau osoari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jaialdiaren webgune ofiziala bisitatu daiteke www.badbilbao.eus/eu/-en.