Maitasuna ez da gizakien sentimendu esklusiboa, naturan espezie desberdinetan errepikatzen den emozioa da. Orain arte uste izan da oxitozinak, ‘maitasunaren hormonak’, eragin handia duela lotura afektiboak sortzeko orduan.
Neuron aldizkarian argitaratu den Kaliforniako Unibertsitateko ikerketa batek oxitozinak sentimenduetan eta zirraretan duen eragina aztertu du eta, emaitzak, nolabait, txundigarriak dira. Ikerketa egiteko ikertzaileek belardi-saguak (Microtus ochrogaster) erabili dituzte. Karraskari txiki hauek beren portaera monogamoa dute ezaugarri; izan ere, estali ondoren, bikotekide berarekin ematen dute bizitza osoa. Bikotekideen artean oso harreman sendoa eraikitzen da eta kontrako sexuko balizko beste edozein bikotekideri uko egiten diote. Zientzialariek ikusi zuten animalia txiki horiena eredu ezin hobea izan zitekeela gizateriaren bulkada misteriotsuenetako batzuk ulertzeko: zergatik maitemintzen garen, zergatik kezkatzen garen bikotekideez, zergatik zaintzen ditugun seme-alabak edo zergatik negar egiten diegun gure hildakoei.
Horretarako, laborategiko ingurune kontrolatu batean, oxitozinaren seinaleztapena inhibitzeko farmako bat injektatu zuten karraskari horietako batzuen garunean.
Hala ere, emaitzak ustekabekoak izan ziren. Izan ere, burmuinetako oxitozina inhibitu arren, bikotekidearekiko eta gainerako komunitatearekiko loturak ez zirela aldatzen ohartu ziren. Hortaz, ohartu ziren “lotura soziala, erditzea eta gurasoen portaera oxitozina-seinalerik gabe gerta daitezkeela belardi-saguetan”. Emeen kasuan, haien kumeak zaintzen jarraitu zuten eta ez zituzten bikotekideak abandonatu oxitozinaren ondorioak sentitzeari utzi ziotenean.
Emaitza horiek ikusita, Ikertzaileek uste dute oxitozina ez dela maitasun-lotura horien erantzule bakarra, eta lotura horiek zientziak oraindik deskodetu ezin izan duen interakzio kimiko askoz konplexuagoaren ondorio izan daitezkeela. Horregatik, ikertzaileek zalantzan jartzen dute ‘maitasunaren hormona’ ezinbestekoa ote den harreman sakonak sortzeko.
Ikerketak agerian utzi duenez, bereziki monogamoa den espezie horren kasuan ez da horrela.