Gorabeherarik ez euskararen kale-erabileran

Soziolinguistika Klusterrak aurkeztu duen ‘Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketaren 2021’ txosteneko emaitzen arabera

Soziolingusitika Klusterrak aurkeztu berri duen ‘Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketaren 2021’ ikerketaren arabera, azken bost urteotan ez da aldaketa esanguratsurik izan euskararen kale-erabilera orokorrean. Azken datuen arabera, erabilera hori % 12,6koa da, gaztelaniatik oso urrun (% 75,8). Txostenak jasotzen duenez, 1989. urteaz geroztik euskararen kale-erabilera 1,8 puntu baino ez da igo.

Euskararen kale-erabilera orokorra aldaketarik gabe mantendu bada ere, Iparraldean erabilerak beherantz jarraitzen du. Horrela, 1997. urtean erregistratutako % 8,3tik 2021eko % 4,9ra pasatu da.

Herrialdeka, Gipuzkoa da erabilerarik altuena azaltzen duena (% 30,6). Ez hori bakarrik, azken 30 urteetan erabilera hori 7,3 puntutan hazi da. Araban eta Bizkaian ere igoerak izan dira 1989. urteaz geroztik, baina apalagoak, puntu bakarra Arabaren kasuan eta 1,3 puntu Bizkaiaren kasuan. Herrialde horietan kale-erabilera, une honetan, % 4,9koa eta % 9,4koa da, hurrenez hurren.

Euskararen kale-erabilera orokorra aldaketarik gabe mantendu bada ere, Iparraldean erabilerak beherantz jarraitzen du. Horrela, 1997. urtean erregistratutako % 8,3tik 2021eko % 4,9ra pasatu da.

Nafarroako Foru Erkidegoaren kasuan, berriz, joera gorabeheratsua antzeman zaio, nahiz eta gorabehera handiena 1,8 puntukoa den. Une honetan kale-erabilera % 5,9koa da.

Txostenak agerian utzi duenez gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak. Hala ere, nerabetasunean hizkuntza ohituren aldaketa bat ematen dela ikus daiteke, erabilerak 7 puntu egiten baitu behera.

Txostenak kezkarako datu bat utzi du. Izan ere, arnasguneetan, hots, bertako biztanleriaren % 75 baino gehiago euskalduna duten udalerrietan, erabilerak behera egin du. Zehazki, 2006. urteaz geroztik erabilera 5,9 puntutan jaitsi da gaur egungo % 61,9ra arte. 

Euskara hizkuntza gaztea

Txostenak jasotzen duenez, gazteak dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Zehazki, 2-14 urte bitartekoen artean kale-erabilera % 19,3koa da eta 15-24 bitartekoen artean, berriz % 12,5ekoa. Ikus daitekeez, nerabetasunean salto handia ematen da eta erabilerak nabarmen egiten du behera.