Bizkaiko Foru Aldundiak, Soziolinguistika Klusterrarekin batera egin duen azterlan baten arabera, Bizkaian 120 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira. Horietatik guztietatik, euskara eta gaztelaniaz gain, lau gailenduko lirateke beste guztien gainetik: galegoa, arabiera, tamazight (Ipar-Afrika) eta errumaniarra. Hala ere, txostenean azpimarratzen denez, Bizkaian badira 1.400 hiztun baino gehiago dituzten hamar hizkuntza. Azken horietatik, hiruk, 10.000 hiztun baino gehiago dituzte (arabiera, tamazight eta errumaniarra).
Txostenean jasotako datuen arabera, 2019. urtean jatorri atzerritarra zuten 115.686 pertsona bizi ziren Bizkaian, hots, biztanleria osoaren % 10 inguru. Horietatik guztietatik, askok (55.592) gaztelania dute ama hizkuntza, Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako herrialdeetatik baitatoz: Kolonbia, Bolivia, Paraguai, Nikaragua, Venezuela, Ekuador, Peru, Argentina, Honduras eta Kuba. Gainera, gaztelania aparte utzita, Espainiar estatuko beste hizkuntzek presentzia handia daukate Bizkaian: 25.697 biztanlek dute galegoa jatorri hizkuntza gisa eta katalana 7.018 biztanlek.
Mundu osoko hizkuntzak
Portugesak ere presentzia esanguratsua du herrialdean, Portugalen edo Brasilen jaio eta egun Bizkaian bizi diren pertsonen kopurua 5.793koa baita. Antzeko kopuruetan aurkituko lirateke mandarin txinera edota kantonera (4.159), frantsesa (2.529), baita Senegalen jatorria duten Wolof, fula edota serer hizkuntzak (hiru horien artean 3.259). Bestalde, Nigeriatik etorritakoak Jorubera, igboera eta hausa hizkuntzak dituzte, orotara 1.877 hiztun eta Pakistanetik etorritakoen hizkuntzak (Urdu eta Punjabera) 1.477 biztanlek hitz egiten dituzte.
Orotara 120 hizkuntza inguru hitz egiten dira Bizkaian, jatorri-hizkuntzen aniztasuna kontuan izanik:
- Europako hizkuntza ofizialak: galegoa, katalana, portugesa, ingelesa, alemana, errusiera, italiera, georgiera, moldaviera, poloniera, bulgariera, bielorrusiera, suediera, albaniera, greziera, lituaniera, txekiera, hungariera, armeniera, serbiera, daniera, norvegiera, finlandiera, kroaziera, letoniera, esloveniera, azerbaijanera
- Europako hizkuntza ez ofizialak: erromantxea, flandesera, frisiera, galesera edota Eskoziako edo Irlandako gaelikoa
- Amerikako hizkuntzak: guarania, kitxua, ketxua, aimara, nahuatl, mapudungun.
- Afrikako hizkuntzak: kikongo, lingala, swahili, fula, soninkera, wolofera, amarhera, sothoera, swaziera, jorubera, igboera, fula, bubiera, sekiera, soninkera, moorea, diolera, akanera, fang, bubiera, kombo, lingala, mandinkera, pulaarera, besteak beste.
- Asiako hizkuntzak: nepalera, bengalera, indi, asamera, bodoera, vietnamera, japoniera, indonesiera, kazakhera, persiera, paxtunera, mongoliera, malaysiera, besteak beste.
- Ozeaniako hizkuntzak: Maoriera, fijiera, tagalo, samoera…
Bizkaiko Eskualdeak kontuan hartuta, gaztelania eta euskara alde batera utzita, honako hau litzateke atzerriko hizkuntzen presentzia:
- Bilbo Handian eta Arratia-Nerbioin gehien hitz egiten diren hizkuntzak arabiera eta tamazight dira (Maroko eta Aljeria): atzerritar jatorriko biztanleen % 32 eta % 49,9ren hizkuntzak dira, hurrenez hurren.
- Durangaldean, Gernika-Bermeon (bereziki) eta Enkarterrin, berriz, presentzia handia du errumanierak: atzerritar jatorriko biztanleen % 34, % 61,4 eta % 34,2ren hizkuntzak dira, hurrenez hurren.
- Plentzia eta Mungian, portugesa jatorri hizkuntza duten biztanle ugari daude: atzerritar jatorriko biztanleen % 30en hizkuntza da.
- Lea-Artibain, presentzia handia dute Senegaleko hizkuntzek (wolof, fula, serer…): atzerritar jatorriko biztanleen % 47,3ren hizkuntza da.