E.T.A. Errusian jaio zen 1776ko urtarrilaren 24an, Kaliningradon, hain zuzen ere, nahiz eta garai hartan hiriak oraindik Königsberg izena zuen eta Prusiako Erresumaren parte zen. Sortzaile legelariak izan zituen E.T.Ak, bere sorterrian bideratuko zituen zuzenbide ikasketak eta gerora administrazio karrera zein epaile-lanetarako E.T.Aren joeraren aitzindaritzat jo genitzakeenak beraz, nahiz eta haien arteko eztabaidak banaketara bideratu zituen eta 1778. urtean amaren aldekoek hartu zuten E.T.A.ren ardura.
E.T.Aren jaiotzaren hirugarren hamarkada ekintza profesional handiko garaia izan zen, baita artistikoa ere, banda bat sortu eta kontzertu anitz eskaini baitzituen erakunde musikal horrek. Garai hartan ordea, Napoleonek Prusia inbaditu ostean E.T.Ak herbestera jo behar izan zuen, Berlinera hain zuzen ere, eta handik Bavariako Erresumako Bamberg hirira, non 1808tik 1813ra bitartean burutu zituen bere ekintza artistikoak, musika kritika egiteaz gainera, kidea zuen Franz von Holbeinen zuzendaritzapeko antzerkian, eszena edota bandaren zuzendari, zein arkitektura lanetan. Geroago behin betiko itzuli zen Berlinera eta 1814. urtean hango prusiar administraritzaren auzitegiaren justizia kontseilari kargua onartu zuen E.T.Ak, legelari lanak burutu zituelarik heriotzaraino, baina inola ere ez zuela ahuldu urte haietako ikaragarrizko produkzio literarioa.
E.T.Aren fama handiagoa da sortutako obra literarioagatik konposizioengatik baino, Edgar Allan Poe eta Théophile Gautierren mailako ondorengo idazle esanguratsuengan eragin handia izan zuelarik E.T.Ak. Fikzio, suspense eta izua eragiten duten bere obrak, grotesko eta naturaz gaindiko, eta errealismo psikologiko boteretsuaren bateragune dira. E.T.Aren egintza, mugimendu erromantikoaren obra literario hoberen eta eraginkorren artean kokatzen da.
E.T.A Hoffmann alemaniar idazle, legelari, marrazkilari, karikaturalari, margolari, abeslari eta musikagilea izan zen, alemaniar literaturaren mugimendu erromantikoan gogotsu hartu zuena parte. Ernst Theodor Wilhelm Hoffmann izena eman zioten jaiotzerakoan, baina gerora Amadeus hartu zuen izentzat Wolfgang Amadeus Mozart konpositorearen omenez. Ernst Theodor Amadeus Hoffmann bezela ezagutua, Prusiako Erresumako Berlinen hil zen 1822ko ekainaren 25ean 46 urte zituela.
Herri puta honetan ez naute ulertzen. Horrela zioen Pottokaren kantak, eta horrela sentitzen gara euskal herritar asko bakearen bidean eta giza eskubideen alde egiten ditugun keinuei espainiar gobernuak kasurik txikienean bizkarra eman eta larrienean mespretxuz erantzuten dienean. Ez gaituzte aintzakotzat hartzen preso egonda ere, euskal presoek giza eskubideak dituztela eta urratuak izaten jarraitzen dutela aditzera ematen dugunean. Are gehiago, tankerako aitorpenak publikoki egiteagatik, ni neu hitzez hitz “ETA erakundeko hiltzaileen aldeko” agertzen naizela salatzera ere iritsi da zenbait kazetariren bidez biktima asoziazio ezagun bateko bozeramaleak.
Ba jakin beza izena aipatzeak ere merezi ez duen pertsona horrek, presoen giza eskubideen alde azaltzeak ez duela zertan Euskadi eta Askatasuna erakundeak burututako ekintzen aldekoa izatearekin zer ikusia. Jakin lainoetan dabilela bere argudioak inork sinistuko dituenaren ilusioz jantzita. Jakin bertan, lur azalean, E.T.A aipatzen dugun aldi oro ez garela ETA erakundeari buruz ari, mundua ez delako Euskadi eta Askatasunaren inguruan biratzen, eta egon litekeela erakunde armatuaren historia baino, idazle erromantiko alemaniar batena interesgarriagoa suerta lekiokeen pertsonarik, presoen giza eskubideen aldeko jarrera erakutsita ere. Azkenik, jakin beza bozeramale jaun horrek, tankera horretako saio guzti horiek izua baino gogoa pizten digutela, aurrera egiteko grina, eta hobe lukeela izua sortzeari utzi eta Hoffmannek bere obretan sortzen zuen izuaz gozatzen hastea.
Hainbestetan abestu dugun moduan, Telesforo Monzonen kantari kasu egin, jasandakoa lepoan hartu eta oraindik ere jarriko dizkiguten sasi guztien gainetik, Euskal Herria martxan dela zalantzarik ez dugu, izan ere, Miguel de Cervantes (1547-1616) idazleak aipatu moduan, zaunka egiten dute beraz zamalkatzen gara. Esaera hori bera erabili zuen Otto Eduard Leopold von Bismarck (1815-1898) aleman-prusiarrak, Burdinazko kantzilerra izenaz ezaguna, bere soldaduei zera adierazi nahian, etsaiaren tiro hotsak entzuterakoan, zalditeriaz oldartu zitezen haien aurka. On Kixote Mantxakoak eman zion zentzua jasoko dut bertan, Sancho Panzari esan zionean zera aditzera emateko: guri buruz ari badira, zuzen ari garenaren seinale. Hori bada, gora bakea eta bere heriotzaren 192. urtemugan, agur eta ohore E.T.A.(H) erromantikoari.
Gotzon Sanchez
Aktorea