“LH ON LH” lelopean, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian “Arabako LHko Enplegagarritasun Jardunaldiak” egingo dira azaroaren 21ean eta 22an. Ekitaldi horretan Lanbide Heziketako 550 ikasle eta tituludun bilduko dira, haien lan-orientazioa eta enplegagarritasuna hobetzeko. Jardunaldiak Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza, Turismo Sailak eta Foru Administrazioak antolatu ditu, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Euskadiko Lanbide Heziketako zentroen sarearen (Ikaslan Araba eta HETEL) babesarekin.
Orientazioa
“Arabako LHko Enplegagarritasun Jardunaldiak” bi kolektibo espezifikori zuzenduta daude. Lehenengo eguna, azaroaren 21a, Arabako ikastetxeetako Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta dago. Jardunaldi horretan, lan-orientazioari buruzko tailerrak egingo dira eta, besteak beste, gai hauek landuko dira:
- curriculum vitae modernoaren elaborazioa,
- marka pertsonalaren kudeaketa sare sozialetan,
- enplegurako motibazioa, lanerako trebetasunen garapena,
- genero-berdintasuna STEAM karreretan
- euskarazko lan-aukerak.
Gainera, CIFP Ostalaritzak LHII (Gamarra) showcooking bat egingo du, eta “Lanbide Heziketa, lana eta pasioa” izeneko mahai-inguru bat egingo da Lanbide Heziketarekin lotutako ikasle eta profesionalen testigantzekin. Jardunaldiari amaiera emateko, Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko, Lanbideko, Ikaslan Arabako eta HETEL Arabako ordezkariek hartuko dute parte.
Enplegua
Bigarren eguna, azaroaren 22a, Enplegu Azokari eskainiko zaio. Azokak Lanbide Heziketako tituludunen laneratzeko aukerak hobetzea du helburu, eta, batez ere, lana bilatzen ari diren edo hobetu nahi duten Lanbide Heziketako tituludunei zuzenduta dago. Azoka arrakastatsua izan zen iaz, eta Arabako enpresen beharrak gertutik ezagutzeko eta harremanak ezartzeko aukera emango die parte hartzaileei. Enplegu Azokarako izen-emateak doakoak dira eta azaroaren 16ra arte egongo dira zabalik www.fpalava.com webgunearen bitartez.
Ekitaldian Arabako 20 enpresa inguru izango dira, hala nola AEG Power Solutions, Alavesa de Mecánica y Transformaciones SL, Aldakin, Aciturri, Basquevolt, Bideki, PFERD, Fermisa, Naivan, Pepsico, Serveo eta Talgo enpresek LHko zentroen prestakuntza-prozesuetan parte har dezaten sustatzeko eta lanbide-prestakuntza duten pertsonen kontratazioa bultzatzeko. Gainera, ekintzailetza sustatu nahi da pertsona horien artean, baita sormeneko, motibazioko, lidergoko eta berrikuntzako zeharkako beste gaitasun batzuk ere, Arabako lan-merkatuan sartzea errazteko.