Argazkigintzaren inguruko erakusketa ibiltaria FotoArteren eskutik

Bere XIX. edizioan argazkigintza herritarrengana hurbiltzea helburu duen lehiaketa honek hainbat jarduera osagarri ere programatu ditu.

Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak bultzatutako FotoArte argazki lehiaketa berritasunekin itzuliko da aurten. Izan ere, aurtengo edizioan, XIX. edizioan, ohiko lehiaketaz gain, programazio osagarria aurkeztu da.

FotoArteren helburua da argazkigintza herritarrengana hurbiltzea eta, aldi berean, esparru horretan sormena sustatzea eta jarduera artistikoa islatzen duten argazki-irudiak saritzea. Aurtengo edizioak antzerkia izan du ardatz eta 302 egilek aurkeztutako 501 lan jaso dira. Horietatik guztietatik epaimahaiak 32 argazki finalista eta 5 irabazleak aukeratu ditu.

Finalistak eta irabazleak

Finalistak diren argazki guztiekin eta 5 irabazleekin, erakusketa ibiltari bat egingo da Gasteizko gizarte-etxeetan zehar. Erakusketaren inaugurazioa sari banaketa ekitaldiarekin batera izango da datorren maiatzaren 30ean, Pilar gizarte-etxean. Erakusketa bertan izango da ekainaren 10era arte. Ondoren, erakusketa Judimendin izango da ekainaren 11tik 20ra. Erakusketa hartuko duen hurrengo gizarte-etxea, ekainaren 21etik 30era, Iparraldekoa izango da eta hortik, uztailaren 1etik 9ra Hegoalde gizarte-etxera mugituko da. Ondoren, Zabalganako gizarte-etxean izango da uztailaren 10etik 18ra; Lakuako gizarte-etxean uztailaren 19tik 28ra; Ibaiondon uztailaren 29tik irailaren 1era; eta, azkenik, erakusketa Salburuako gizarte-etxean ikusi ahal izango da irailaren 2tik 11ra.

Saritutako bost lanak honako hauek dira:

  • Arkaitz Ruiz Iglesiasen (Arka Devbil) “Penitencia II”
  • Oskar Manso Navasen “Ella_2”;
  • Maider Jiménez Gómezen “Osmose”;
  • Rubén Benito Fernándezen “La espera”
  • Camilo José Peña Pérezen “Ausencias”.
Jarduera osagarriak

Halaber, FotoArte 2024k argazkigintzaren arloan parte-hartzea eta ikaskuntza sustatzeko diseinatutako hainbat jarduera aurkeztu ditu. Maiatzaren 25ean Ani Chkhartishvilik zuzendutako Fotolibururako sarrera tailerra izango da. Bertan, parte-hartzaileei fotoliburu bat sortzeko kontzeptu bati forma ematen irakatsiko zaie, maketaziorako teknikak eta materialak arakatuz.

Maiatzaren 31n, Haz Laboratorio Visual elkarteak antolatutako argazkigintza analogiko eta antzeztuko ‘Tabalkako Ate Magikoa’ esperientzia eskainiko du karabana batean.

Azkenik, ekainaren 4an, Tamara García Iglesiasek ‘Nunca estuve ahí’ izenburuko tailer praktikoa eskainiko du. Bertan, argazkien bidez fikziozko artxibo bat nola sortu irakatsiko da.