Asier Hormaza: “Hau norberak sentitu behar duen lanbidea da”

“Gustuko lekuan aldaparik ez” esaera zaharrak ederki deskribatzen du zein den Asier Hormazaren (Getxo, 1970) sentipena antzezlanaren inguruan. Bai antzerkian, bai telebistan baita zineman ere ondo moldatzen den horietakoa da eta hark egindako lan mordoek baieztatzen dute. Esaterako, antzerkiko “Érase una vez… o casi”, “Katiuska eta “Mundopolis” lanetan esku hartu du, eta telebistako “Goenkale”, “Pilotari”, “Ander eta Konpainia” eta telecinco kateko “Hermanas” telesailetan parte hartu du. Zineman egindako lanak ez dira ahaztu behar, izan ere, bertan agerraldi garrantzitsuak izan ditu. Hala nola, “Requiem”, “Clara, “Kutsidazu bidea, Ixabel” eta “Eutsi” filmetan parte hartu du

Unibertsitatean zinela Getxoko Antzerki Eskolako tailerrean hasi zinen. Unibertsitatean piztu al zitzaizun antzerkiarekiko zaletasuna?

Lehenagotik ere neurri batean izan  nintzen antzerkian, udalekuetako tailerretan etab… Hor hasi zen nolabait antzerkiarekiko interesa. Behin unibertsitatean, Getxoko eskolako tailerretan sartzeko aukera izan nuen eta unibertsitatearekin batera hasi nintzen. Baina antzerkiarekiko interesa lehenagokoa zen.

Nola gogoratzen dituzu unibertsitateko urteak? Garai horretan kontaktuak lortu al zenituen antzezlan munduan sartzea erabakitzeko?

Egia esan, nire lehen antzezlan profesionala unibertsitateko bigarren-hirugarren ikastaroan izan zen, eta hortik aurrera izan nuen profesionalak zirenen kontaktua lortzeko eta, bereziki, haiekin lan egiteko aukera. Unibertsitatean nengoela hasi nintzen lanean.

Antzezleen hastapenak ez omen dira errazak izaten. Nola izan ziren zure lehen urratsak mundu honetan?

Unibertsitatea bukatu eta urtebetera antzerkian murgildurik nengoen erabat, Maskarada taldearekin. Urtero antzezlan bat behintzat egiten nuen. Lana nahiko modu jarraian nuen. Alde horretatik zortea izan nuen lan bat beste batekin lotu ahal izateko eta tarte horretan ere Unibertsitateko Aldizkarian ibili nintzen. Behin Maskaradakin hasita lanak bata bestearen atzetik etorri ziren.

Zer nahiago duzu, antzerkian, telebistan ala zinean aritu?

Oso gustura nago hiruretan. Arlo bakoitzak bere berezitasunak ditu baina oso gustura nabil batan zein bestean. Azken finean antzeztea da gustukoa dudana. Horregatik, antzezlearen inguruan dagoen lan hori guztia gustukoa dut. Desberdintasunak badaude bai. Antzerkian, publikoarekiko kontaktua zuzenagoa da eta zineak lan aldetik garapen berezia behar du, izan ere, esanahaia duten momentu guztiak banan banan prestatu behar dira. Antzerkian aktore lana segidan egiten da, zinean ez bezala. Telebistak, bai bata eta bai bestea uztartzen ditu.

Antzeztu dituzun paperetatik, zeinekin geratuko zinateke?

Zaila da esatea. Agian hemendik urte batzuen buruan esango nuke, baina momentuz egin ditudan guztiekin gustura ibili naiz eta zaila egiten zait aukeratzea. Lan ematen duten pertsonaiak ditut gustoko. Gauza errazak gustura hartzen dira baina zailtasun puntu hori eskatzen duten paperak ditut gustuko. Horretarako bilatu behar ere, aktore batentzat paper bat erraza izan daiteke eta beste batentzat paper bera zaila. Behintzat haratago joatea nahi izaten dut. 

Nola ikusten dituzu euskal antzerki, telebista eta film ekoizpenak estatuko ekoizpenekin alderatuta?

Hemen arlo guztietan oso profesional onak ditugu eta hemen egin izaten diren ekoizpenak behintzat oso arrakastatsuak izaten dira bai zineman, bai telebistan eta bai antzerkian. Nik uste dut estatukoekin alderatuz, oso maila altua daukagula eta horren seinale jasotzen diren sariak eta hemendik kanpo lan egiten duten euskal aktore, teknikari eta zuzendariak dira. Hemen dagoen maila pozik egoteko modukoa da eta kontutan hartzekoa. 

Makina bat lanetan parte hartu duzu eta lanik ez zaizu falta. Zer egingo zenuke bat batean antzezlan paperik gabe egongo bazina?

Ematen badu ere lanik gabe geratzen ez naizen horietakoa naizela, egoten dira denboraldiak hainbeste lana ez dudanetan eta une horiek hurrengo lanak prestatzeko dira. Zer egingo nukeen antzezle lanik geratuko banintz? Ez dakit. Orain arte bilatu izan dut modua eta bilatu izan dut bidea antzezlan munduan atzean ez geratzeko. Produktorarekin eta antzerki talde desberdinekin hitz egiten… beti bilatu izan dut antzezteko modua.

Zure aita futbolaria izan zen eta oraingoan ETB2ko Oscar Terolek aurkezten duen Uyyy saioan parte hartzen duzu. Futbolaria izatea nahi izan zenuen?

Futbola gustuko dut eta ahal dudanean nire lagunekin jokatzen dut, haiek astero jokatzen baitira. Garai batean hartu beharreko erabakia izan zen, eta nire kasuan ez zen gauzatu nahiz eta nire aita futbolaria izan.

Uyy telebista saioaz gain, La Huella antzezlanean zaude. Etorkizunera begira zein proiektu dituzu?

Momentuz ‘La huella’ gazteleraz eta ‘Arrastoa’ euskaraz lanarekin gaude eta horrekin lana izango dugu udazkenean. Datorren urtera arte nahikoa lan izango dugu nahiz eta antzerkia orain momentu zailan egon krisia dela eta. Krisiak bete betean jo gaitu eta ekoizpenak gero eta gutxiago izango dira. Behintzat arriskatzeko ez da une egokia. Telebistan badirudi lan bat edo beste izango dudala, baina momentuz ere finkatu gabeko gauzak dira. Bada zerbait eta egongo da zerbait, seguraski udazkenera begira. 

Aktore izan nahi duten gazteei ausartzea gomendatuko zenieke?

Lanbide hau bereziki, norberak sentitu behar duen lanbidea da. Beste lanbide batzuetan ikasi eta gero lan egiten da edota norberak lanbide bat betetzen du besterik ez duelako edo menderatzen duen arloan sartzen delako. Baina aktore izateak badu sentitu beharreko kontua eta txikitatik sentitu beharreko kontua da. Lanbide honetan inor ez dago behartuta eta bokazio puntu nabarmena du.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.