Jada 2013an, ‘Black Mirror’ telesailaren ‘Be right back’ kapituluak robot batekin bizitzeko (eta sexu-harremanak izateko) aukera aurreratu zuen. Westworld telesail ospetsuan ere antzeko zerbait ikusi dugu. Gaur egun ere zientzia-fikzioa dirudien hori, uste baino hurbilago izan daiteke. Izan ere, hainbat adituk azaldu dutenez, azken urteetan izan diren aurrerapen teknologikoek eta konfinatuta egoteko beharrak joera sexual baten agerpena erraztu dute: digisexualitatea.
Elkarrekin egoteko ezintasunaren aurrean, konfinamendu garaian asko izan dira bide telematikoetara jo duten bikoteak. Baina digisexualitatea pantaila baten bidez izan daitekeen harremanetik haratago doa. Aurrerapen teknologikoek gero eta eragin handiagoa dute gure sexualitatean. Hor dugu, adibidez, iaz klitori zurgatzaileekin jazotakoa. Eta gezurra badirudi ere, jostailu sexualen industriak behar sexualak asetzeko robot hiperrealistak garatzen ari da. Aurten bertan, Adimen Artifiziala erabiltzen duten panpina sexualak merkaturatzen hasi dira.
Adituen ustez, etorkizunean gizakion harreman sexualak, gure bizitzaren beste hainbat esparru bezala, teknologiara lotuta izango dira bai ala bai. ‘Love and sex with robots’ liburuan, David Levy-k 2050. urterako gizakion eta roboten arteko sexu-harremanak orokortuta izango direla aurreratzen du. Europan jada panpina sexualen putetxeak daude.
Momentuz, gizakion eta roboten arteko harremana fisikoa dela dirudi. Hala ere, etorkizunean, ez da baztertzen harreman hori sexu-harreman hutsetik harreman erromantikoago batera pasatzea. Eta airean geratzen den galdera da: robot batekin maitemindu gaitezke?