BeatBullying: eskola jazarpenarekin amaitzeko ekimena

Eskola jazarpena gazte askok pairatzen duen arazoa da. BeatBullying erakundeak salatu duen bezala, Europar Batasunean soilik 24 milioi gaztek pairatzen du halako jazarpena eta hauetatik, aurten bakarrik, 1700 inguruk bere buruaz beste egingo duela kalkulatzen da. Arazo honi aurre egiteko BeatBullying erakundeak bere aldarrikapenak aurkeztu ditu Europar Batzorde eta Parlamentuaren aurrean. Erakunde britaniarrak, besteak beste, eskola jazarpenaren kontrako europar egun bat, Europar Batasuneko estatu guztietarako eskola jazarpenaren kontrako estrategia amankomun bat eta Internet bidez ematen den jazarpena ekiditzeko neurri zehatzak eskatu ditu.

BeatBullyingeko nazioarteko zuzendaria den Niall Cowleyren ustez, eskola jazarpenaren kontrako europar egun bat ezartzeak arazoa ikasgeletatik atera eta gizarte osoan ezagutarazteko baliogarri izango litzateke. Europar Parlamentuak begi onez ikusi du proposamen hau eta orain eguna zahaztea faltako litzateke.

Estrategia amankomuna
BeatBullyingek proposatutako bigarren lan ildo bat Europa mailan burutu beharreko estrategia amankomun bat litzateke. Estrategia amankomun honek, nolabait, eskola zentroetara eta familietara iristeko beharrezkoak diren tresnak eskura jarri beharko lituzke, batez ere, jada jazarpenak ematen ari diren kasuetan.

[pullquote]Eskola jazarpenarekin batera gehiegi hazi den antzeko arazo bat Internet bidezko jazarpena edo ciberbullying-a dugu[/pullquote]

Erakunde honek arrakasta handia lortu du Erresuma Batuan eskola jazarpenaren kontra garatutako kanpainekin eta datozen hilabeteetan Europako herrialde desberdinetan zehar hedatuko da. Bere estrategien barruan, adibidez, 5 eta 25 urte bitarteko gazteak prestatzen dituzte aholkulari aritzeko. Trebakuntza honen ildora, gazteek bullying-a prebenitzeko eta honi aurre egiteko tresnak eta ezagutza bereganatuko lukete. Estatu mailan, ‘No al acoso escolar’ erakundeak antzeko estrategia garatzen ari da DBHko 3. Eta 1. Mailako ikasleekin non zaharrenek ikasle gazteenen tutore izaten dira.

Europa mailan, une honetan, Daphne izeneko programa garatzen ari da. Programa honek, jada, hiru urtetako ibilbidea burutu du eta, batez ere, haur, gazte eta emakumeei zuzenduta dago.

Ciberbullying
Eskola jazarpenarekin batera gehiegi hazi den antzeko arazo bat Internet bidezko jazarpena edo ciberbullying-a dugu. INTECOk egindako ikerlan baten arabera, haurrek Interneterekin izaten duten lehen harremana 10 urte ingururekin izaten da. Hain adin gazteko haurrak jada Internet erabiltzen dutenez, oso zaila egiten da jazarpen mota honen inguruko benetazko datuak biltzea baina honen inguruan egindako ikerketa bakanetako batean (AVG Technologiesek Espainian, Alemanian, Kanadan, Frantzian, Australian, Estatu Batuetan, Italian, Erresuma Batuan eta Japonian egindakoa), sei gazteetatik batek halako jazarpena jasaten duela baieztatzen da. Kasu gehienak gizarte sareen bidez ematen direnez, BeatBullying-ek garatutako ekimen honek Facebooken laguntza izan du. Izan ere, ikerketa desberdinan arabera jazarpen mota honen kasu gehienak gizarte sare honetan ematen dira.

Honen aurrean, Facebookek berak hainbat neurri jarri ditu abian halako praktikak ekiditeko eta, adibidez, halako kasuren bat izatekotan Facebook bidez salatzeko aukera ematea ere ikertzen ari dira.

Eskola jazarpena Euskadin

Pasa den urtean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI-IVEI) eginfdako txosten baten arabera, EAEko Lehen Hezkuntzako ikasleen %21k eta DBHko %14,6k jazarpen motaren bat pairatu izan duela baieztatzen zuen. Datu hauek 2008an burututako antzeko ikerketa batekin alderatuta, eskola jazarpena euskadin hazten ari dela ondoriozta daiteke, %4 Lehen hezkuntzan eta %2,8 DBHn, hain zuzen ere. ISEI-IVEIko ordezkarien ustetan, hazkunde hau erlatibizatu beharko litzateke, azken finean, kasu gehiago eman baino, orain jazotzen dena da kasu gehiago jazarpen gisa hartzen direla.

Aipatu ikerketak Internet bidez ematen den jazarpenaren inguruan ere ematen ditu datuak. Horrela, LHko ikasleen %11,3k pairatu izan du, gutxienez behin, horrelako jazarpena eta DBHn, berriz, %10,3. Ikerketa honetan aztertu izan da ciberbullyingák Euskadin benetan duen eragina eta, horretarako, sei mila inkestatik gora burutu ziren. Ciberbullying kasuen artean, ikerketa honek benetan larriak zirenak (sexu jazarpena, mehatxuak…) ere bereizten zituen eta hauek soilik kontutan hartzen badira, jazarpen kasuak %2,6ra murriztuko lirateke LHn eta %1,8ra DBHn.

Eskola jazarpenean eman den igoera hau ulertzeko ISEI-IVEIk aldagai desberdinak hartu zituen kontutan, hala nola, ikasgelan den mutilen ratioa, atzerriko ikasleen kopurua eta honen eragina, ikasle errepikatzaileak edota familien ikasketa maila.