Bekaturako programatuta

Lizunkeriari dagokion ikerketa AEBetako Northwestern unibertsitatean burutu da eta, horretarako, hainbat boluntarioen laguntzaz baliatu dira. Boluntario horiei guztiei burmuina aztertzen duen eskaner batera konektatu eta film erotikoetako irudiak erakutsi zizkieten. Irudi horiek ikustean, ikerlariek  estimuluen aurrean erantzun fisiologikoak prozesatzen dituen burmuinaren sistema linbikoan hainbat aldaketa ematen zirela ikusi ahal izan zuten. Hori ez da lizunkeriaren inguruan burutzen den lehen azterketa eta aurreko lanetan ikus zitekeen bezala, lizunkeria gizakion kode genetikoan txertaturik dagoen jarrera dela baiezta daiteke.

Sabelkeriaren kasuan antzeko fenomenoa gertatzen dela ikusi ahal izan da. Ikerketa taldeko kide den Adam Safronek adierazitakoaren arabera, sabelkeria ere gizakiaren eboluzioaren ondorio bat besterik ez litzateke izango. Zer dela eta? Hona hemen Safronek emandako azalpena: aintzinean, gizakiok ez zuten elikadura horniketa ziurtatuta, eta hainbat garaietan goseteak ere pairatu behar izan zituzten. Garai horietan, asko jatea biziraupen kontua zen; asko jaten zuenak nahikoa zuntz pilatzen zuen bere gorputzean janaririk gabeko egun luzeak igarotzeko. Gutxi jaten zutenek, berriz, elikagai eskasiarekin batera ahuleziaz hiltzen omen ziren. Paradoxikoki, bere garaian hil ala biziko kontua zena, gaur egun osasun arazoa bilakatu da. Izan ere, gure egunetan, mendebaldeko herrialdeetan bereziki, elikadura horniketa ziurtatuta dagoen heinean, asko jateak loditasun arazoak sortu ditu hainbat gizakietan.

Bekatuak mingarri direnean

Janariaren eskasiarekin erlazionatutako beste bekatu nagusietako bat, gezurra badirudi ere, nagitasuna dugu. Safronen esanetan, aipatu aintzinako garai gogor horietan, gizakiek ez zuten garbi noiz jan ahal izango zuten. Hori dela eta, janari oparo bat hartu ostean, gizakiak ahalik eta gutxien mugitzen saiatzen ziren. Jarrera horrekin, kaloria gutxiago erretzen zituzten eta, ondorioz, jandako elikagaien energiak iraupen edota eragin luzeagoa zuen haien gorputzetan.

Zazpi bekatu nagusiez hitz egitean, sarritan, horiek plazerarekin lotzen ditugu. Orain arte azaldutako hiru bekatu nagusien kasua arrazoia nahikoa garbia da. Baina plazeraz haratago, izan badira mina ere sortzen dituzten beste zenbait bekatu nagusi. Inbidia, harrokeria, amorrua eta zekenkeriaz ari gara.

Japoniako ikerketa zentro batean inbidiaren inguruan ikerketa neurologiko bat burutu dute. Kasu honetan, bi boluntario talde erabili dituzte. Lehenengo talde batean, bizitza arrakastatsua izan duten pertsonak bildu dituzte, eta bigarrenean, berriz, hala-nolako bizitza duten pertsonak elkartu dituzte. Azken talde honetako partaideei pertsona arrakastatsuen profila aurkeztean, lehenek burmuinean erreakzio berezi bat zutela ikusi ahal izan zuten japoniar ikerlariek. Erreakzio hau, min fisikoa nabaritzen dugun burmuineko eremu berean ematen zen, eta ondorioz, japoniar taldeak inbidia min ematen duen bekatua dela ondorioztatu dute.

Harrokeriaren kasuan antzeko fenomenoa jazotzen da. Kasu honetan, bekatu nagusi honen inguruan ikerketa burutu duen erakundea New Yorkeko Montclair Unibertsitatea izan da. Aipatu unibertsitatean garatutako ikerketaren arabera, pertsona harroek depresioa garatzen den burmuinaren eremuan hainbat eraldaketa pairatzen dituzte.

Amorruaren inguruko ikerketa Australiako New South Wales unibertsitatean burutu da. Bertan burututako ikerketa nahikoa bitxia izan da, izan ere, bertan parte hartu zuten boluntarioak jipoituak izan baitziren hauen amorrua edo haserrea pizteko. Boluntario horiek makina batera konektatuta zeuden eta jipoitzen zituzten bitartean haserreak burmuinean zein nolako eraldaketak sortzen zituen aztertu ahal izan zen. Lortutako emaitzen arabera, zenbait boluntario izaerak markatutako aurretiko jarreratik abiatzen ziren. Izaera depresiboa edota aiherra gordetzeko joera duten pertsonetan, berriz, burmuinean erreakzio berezia ematen da. Adituen ustetan, erreakzio hau gure eboluzioaren ondorioa da eta ingurugiroak baldintzatutakoa da.

Azkenik, zekenkeriaren kasu bitxia dugu. Zazpi bekatu nagusietatik hau da ikerketa neurologiko, soziologiko edota historikorik izan ez duen bakarra. Hainbat adituen esanetan, baliteke zekenkeriarako berezko oinarriak izatea, baina ikerketa ildo nagusia ingurugiroaren eta ikaskuntzaren eraginean zentratzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.