Askok uste dutenaren aurka, tamalez, Indarkeria Matxista eta Indarkeria LGTBI+fobikoa ez dira desagertzen ari, nahiz eta gizarte bezala balore eraldaketa pixkanaka lortzen ari garen. Pentsamoldearen oinarria esleipen binarioa da, pentsaera patriarkalaren ondorioz. Emakumea ala gizona. Aukera elkar-baztertzailean oinarritutako eredu horrek, “guztia ala ezer ez” logikaren arabera eraikitakoa, egoera mehatxatzen duen errealitate orokoren aurka egiten du. Hori horrela izanda, Berdintasun erreala erdiestea askoz ere zailagoa da.
Hor daude datuak. 2015ean emakume gazteen aurkako indarkeria-tasa globala ‰ 7,3ra iritsi zen. Kontuan izan behar da gainerako emakumeen kopurua bikoizten duela datu horrek. Eta, testuingurua osatzeko, 2015ean 1.000 emakume gaztek baino gehiagok egin zituzten salaketak indarkeria jasateagatik. Azpimarratzekoa %73ak bikote eta bikote ohiengandik etorritako indarkeria salatu zuela.
Honen froga argia dugu oraindik ere ikerketarik berrienetan jasotzen dena: gazteria oraindik ez da gai izan balore matxistak guztiz atzean uzteko, gizartea bera gai izan ez delako. Zergatik? Ideologia patriarkalak badirauelako; gutxieneko aldaketak eginez, baina baloreen jarraipena ziurtatuz.
Egun indarrean dagoen estatu mailako 1/2004 Lege Organikoak Genero Indarkeriatzat bikote edo bikotekide ohiak egindakoak soilik ditu. Legeak berak, emakumeenganako indarkeria oro aipatu ostean, larrigarri hau soilik bikote eta bikote ohi testuinguruetan emango dela adierazten du. Era honetara, indarkeria matxista kontzeptua asko murrizten da. Zergatik ez edozein gizonek, emakume baten aurka(hau emakume izanagatik burutzen duen edozein eratako eraso? Hori baita Indarkeria Matxistaren definizioa. Era honetara,legedietako hizkuntza erabiliz, sexu-jazarpen, abusu, eraso eta bortxaketak, hala nola, bestelako tratu txar psikologiko zein fisikoak barnebilduko lirateke. Eta ez soilik bikote testuinguruan. Gizartean orokorrean ematen den kasu oro baizik.
Era berean, ez da ahaztu behar Indarkeria LGTBI+fobikoa. Hau ere, zoritxarrez, errealitatea da oraindik. Hala ere, ez dugu eskuragarri ikerketa sakonik edo datu landurik. Are gehiago, eskura daukagun informazio bakarra Estatu mailako StopLGTBfobia Behatokiak egiten duen gorroto delituen gaineko informazioa da. Horren arabera, sexu identitate edota orientazioagatik 27 eraso eman ziren EAEn. Kontuan izan behar da, gainera, gai honen inguruan ez dagoela oraindik ez Estatu mailako edo Autonomia Erkidegoko lege integralik. Ezta, Euskadi mailan, LGTBI+ kolektiboaren behatoki propiorik erez.
Nola atera ataka honetatik? Erantzukizuna guztiona da. Gizarte bezala bilatu behar dugu konponbidea, ahalik eta ahots gehien kontuan izanda neurri eta politiken diseinuan. Alde batetik, administrazioa. Etorkizuneko gizartean ideologia patriarkalaren zantzurik nahi ez badugu eguneroko lana da gakoa. Berdintasun politika konkretuak egin baino, berdintasuna zeharkako balore gisa txertatu behar da diseinatzen den politika publiko orok horren eragina izan dezan eta pausu oro bide berean joan dadin. Zehazki, gazteon ahotsa kontuan hartzea ezinbestekoa da. Horrekin estuki lotuta hezkuntzak sekulako garrantzia du, bertan indar gehiago egin beharko genuke. Eta horretarako ezinbestekoa da baliabideak eta formakuntza erraztea, bai hezkuntza formalean, eta bai ez-formalean. Berdintasunean oinarritutako formakuntza benetan zeharkakoa izan dadin, hainbat esparru falta dira: testuliburuak, ikasgaietan emakumeak zein baztertutako kolektiboak ere protagonista izatea…
Bestetik, gizartea eta, bereziki, gazteria. Belaunaldi berrienen eta helduenen arteko zubia gara eta erronka gure esku artean dago. Denoi eragiten digun kontua da eta ezin da beste alde batera begiratu. Horregatik eskatzen diogu 0 tolerantzia Indarkeria Matxista ala Indarkeria LGTBI+fobiko kasuen aurrean eta lekuko izanez gero ez isilik geratzea eta biktimari laguntza luzatzea. Eta biktima izanez gero, jakin ezazu bakarrik ez zaudela eta zure bizitza berreraiki dezakezula.
Guztion artean egin beharreko lana da. Administrazioa eta gizartea, gazte eta heldu, eragile eta norbanako. Are gehiago aurrez aipatutako datuak ikusita.
Maialen Olabe
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Presidentea