1921. urteko uztailaren 3an, hots, duela 100 urte, Museo Etnografikoa eta Bilboko Museo Arkeologikoa inauguratu ziren. Espazio fisiko eta arduradun partekatu arren, bi museoek titular edo jabe ezberdina zuten: Museo Arkeologikoa Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren esku zegoen bitartean, Museo Etnografikoa Foru Aldundiaren esku zegoen bakarrik. Egoera hori bi urtez luzatu zen, 1923. urtean bi museoek bat egin baitzuten eta museo bakarra sortu zen: Bizkaiko Arkeologia eta Euskal Etnografia Museoa, gaur egun, Euskal Museoa dena.
Euskal Museoaren mendeurrenarekin batera, museoa eraberritzeko egitasmoa aurkeztu da, Eko Nekta izenarekin ezagutzen dena eta Vaíllo-Irigaray eta JMASOC estudioek garatu dutena.
Eko nekta proposamen arkitektoniko eta museografiko bat da, eta esperientzien museo berri bat lortu nahi du, hainbat atmosferatan murgilduz. Esku-hartze erabakigarria da munduari gure historia ezagutarazteko, euskal kultura-ondarea balioesteko, museoaren bildumaz herritarrek duten erabilera eta gozamena handitzeko, eta ondare-balioak zabaltzeko.
Aldi berean, euskararen presentziari funtsezko papera ematen saiatuko gara, euskararen bilakaera eta bizitasuna ezagutarazten, bere biziberritze-prozesua erreferentea baita nazioartean; horrekin guztiarekin, kide izatearen eta etorkizunerako aukeren harrotasun-mezua proiektatu nahi da.
Eraberritze lanen ostean 6.400 metro koadroko museo-azalera geratuko da, hots, une honetan duena baino % 38 gehiago.
Kanpoaldeari dagokionez, berrikuntzarik aipagarriena museoa osatzen duten hiru bolumen-eraikin handiak bateratzeko egingo den estalduren konexioa da. Horretarako, beheko solairuko lotura sustatuko da patiotik argiztatutako korridore handi baten bidez, eta eraikin bakoitzaren komunikazioa indartuko da. Proiektuak 15 milioi euroko inbertsioa izango du.
Euskal Museoak 50.000 objektu ditu bere bilduman. 1962tik, Interes Kulturaleko Ondasuna (BIC) da, Monumentu Historiko-artistiko Nazionalaren kategoriarekin.
Hiru bolumen handi
Euskal Museo berriak 3 bolumen handi bereiziko ditu erakusketa erdi iraunkorretarako.
- Miserikordia. Espazio honen beheko solairua aurkezpen-gutuna izango da, eta, bertan, lekua emango zaie euskarari, lurraldeari eta ondare antropologikoari –azken hori museoaren funtsetako pieza bitxi ikonikoek ordezkatuta–. Arkitektonikoki, bolumen hustu handia izateagatik nabarmentzen da, azalpen-lengoaia berriekin eta puntako baliabideekin. Muturretako batean, murgiltze-atmosfera bat sortuko da, maketa multimedia handi bati esker, 4 metroko altuerako espazio horretako oihal edo hormetako batean proiektatuko baita. Hori guztia, bisitariari murgilaldi bat eskaintzeko euskal geografian.
- Klaustroa. Museoaren bihotza. Klaustroaren arkitektura gaur egun dagoen bezala errespetatuko da, museoaren erdigune historikoa den eraikinari duintasuna emanez. Paseatzeko moduko leku bat, bildumaren funts antropologikoak biltzen dituena. Bildumaren piezak gure eguneroko artelanen kategoriakoak dira, eta tradizioaren historia txiki batzuk kontatzen dizkiote bisitariari.
- Unamuno. Leku honek erakutsiko du nola aldatu zen merkataritzako Bilbo, itsasadarraren inguruko lurralde industrial indartsu bat izan arte. Burdina beltzeko bolumen handi bat izango da aretoko buru, eta ikus-entzunezko maketa berri bat edukiko du, Bilboko kontsulatu zaharraren eta lehenengo siderurgien pieza ikonikoekin lagunduta, eta argazki-erakusketa handi batekin. Eraikin horrekin bat egingo du Gastrolab delakoak, tailerrak egiteko eta sorkuntzarako gastronomia-laborategiak. Aldi baterako erakusketa-aretoak, bisitatzeko moduko biltegi batek edo jakintzarako eremu batek osatuko dute proposamena, besteak beste.