Nafarroako Gobernuak “Suspertu zure bizikleta, ez utzi aparkaturik” kanpaina aurkeztu du. Aipatu kanpainaren xedea da aipatu garraiobidearen erabilera sustatzea. Izan ere, gaur egun, biztanleen
% 2k besterik ez du bizikleta egunero erabiltzen.
Garraio zuzendari nagusi Berta Mirandak azpimarratu duenez, “une honetan ganbaretan geldirik dauden bizikleta horietako askori berriz ere bizia ematea da gure xedea”.
Nahiz eta oraindik ere orokortuta ez egon, bizikletaren erabilera handitu egin da pandemiaren ondorioz, desplazamenduak egiteko aukera ematen baitu, birusaren hedapena eragotziko duen distantzia fisikoa ziurtatuz.
2019an Estatu osoko 125 udalak osatzen duten Bizikletaren Aldeko Hirien Sareak Estatu mailan egin zuen ikerketa baten arabera, hamar etxetatik zazpitan bizikleta bat edo gehiago dago. Batez beste, etxe bakoitzeko 1,9 bizikleta daude.
Era berean, Gobernuak 50 euro bitarteko laguntzak emengo emango ditu bizikletak konpondu eta mantentzeko. Laguntzak urriaren 6tik aurrera eskatu ahal izango dira eta Nafarroako bizi diren 14 urtetik gorako hiritarrei zuzenduta daude. Diruz lagunduko dira konponketa-lanak (balaztatze-sistemaren elementuak; katea, aldagailuak, etab.); doikuntza-lanak (garbitzea eta olioztatzea; gurpilak zentratzea eta erradioak doitzea edo aldatzea; balaztak edo aldagailuak doitzea…), edo bizikletan segurtasun-elementuak jartzea (argia edo txirrina).
Programa honi entitate laguntzaile gisa atxiki zaizkion tailerretan egin beharko dira lanak, eta dirulaguntzen onuradunek konpromisoa hartuko dute bizikletaren erabileraren segimendua errazteko 2 urtez. Denbora-tarte horretan, ez da baimenduko bizikleta horiek hirugarrengoei saltzea.