Din dan don, din dan don, Eguberri on! Zorion, zorion, Gabonak gabon! Zein da zure Eguberri-iragarki gogokoena? “Tenemos que vernos más”, ez dakit zein likore zaharrenetakoa; “familiarizados: desconecta para volver a conectar”, brikomania-altzarietakoa; edo “LOL: hacer un chiste sale caro”, Eguberrietako indioilarrik modernoena.
Pentsatzen duzuen bitartean… Bost urtean behin Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Inkesta betetzen da. Azkena, aurkeztu berria da. Dioenez, gizonezkoen % 14k eta emakumezkoen % 11k gizentasuna pairatzen du; Europako batez bestekoaren azpitik (% 16 eta % 15, hurrenez hurren). Eta orain zer, ospatuko dugu? Gizentasunaren % 12,5, loditasunaren % 33,5 eta desnutrizioaren % 2,1 gehitzen baditugu; malnutrizioak gizartearen % 48,1 biltzen du. Hots, euskal jendearen erdiak arazo sendoa du.
Elikadurak gure osasuna zehazten du. Datuek diotenez: gazteen % 45ek ez du fruitu nahikorik jaten, % 78k ez du barazki nahikorik jaten eta % 68k ez du lekale nahikorik hartzen; hala ere, % 65ek haragi gehiegi jaten du, eta honi snack, fast-food eta gozokien gehiegikeria erantsi beharko genioke. Baina ez da determinatzaile bakarra. Osasuna diruaren kontua al da? Berri txarrak! Baietz esan dezakegu, euskaldunen artean gizentasunaren indizea bikoizten delako maila ekonomiko okerrenetan. Beraz, biak, elkar erlazionatuta daude, bai elikadurak eta bai ekonomiak gure osasuna zehazten dute. Batzuk gogoak bultzatuta elikatzen dira, beste batzuk osasunaren ikuspuntutik, baina badira ere, hilabete-amaierara bizirik irauten saiatzen direnak. Baliabide baxuko pertsonek, beharrezko kalorietara heltzea bilatzen dute nahiz eta hauen kalitatea baliogabekoa izan. Urdaila betetzeko beharrak emaitzat du: kaloria asko eta elikagarri gutxi. Hau da, elikatu gabeko gizenak.
Gaurko dieta oso gutxik duten luxuzko aukera da, baina inork ez du esan hau osasungarriena denik. Haragi-kontsumoa gutxituz eta hura egoskariengatik ordezkatzea, ona da gure osasunerako eta gure sakelarako. Barazki freskoak hozkailuan hondatzen zaizkizu? Elikagaiak xahutzea saihestu, ultraizoztutako barazkiak mantenugai ukigabe guztiak mantentzen ditu-eta. Ez ezazu zure burua engainatu, azukreak asetasun emozionalaren sentsazio faltsua eragiten du; baina denbora gutxitan gorputzak gehiago jatea eskatuko dizu. Eta kontuz itxuraz merkeagoak diren elikagaiekin: aurrez prestatuta, saltxitxak… itxuraz soilik merkeagoak dira. Se abre el telón eta agertzen da indioilar-bularkia “estra zukutsua”. Osagaiak: indiolar-bularkia (% 60), ura, lurrina, almidoia, egonkortzaileak (E-420a, E-451, E-407a, E-412a, E-508a), destrosa, gatza, azukrea, zapore-gehigarria (E-621etako), antioxidatzailea (E-316etako), espezieak, kontserbadoreak (E-250etako). Oihala ixten da. Nola du izena produktuak? Gakoa etiketan dago. “Estra” egositako sakotea dela esan nahi du, eta “estra zukutsuan” saltzen dizuten % 40a aparteko ordainsariak dira. Haragi-preziora, baino: ura, zaporea, irina, txungo jar ez dadin E mordoak, azukrea, gatza, azukre gehiago, gatz gehiago eta txungo jar ez dadin beste E gehiago. Spoiler! Spoiler! Eszeptizismoa indartzen duen umorea baino ez da onartuko eta orduan bai irri egin denok.
Erosten jakiteak ez du jaten jakitea esan nahi, eta jaten jakiteak erosten jakitea ez du esan nahi. Berriro galdetuko dizut: zein da zure iragarkirik gogokoena? Baten bat orain ez digu hainbesteko graziarik egiten!
Nerea Segura