Zeintzuk dira Korrikaren xedeak?
Korrika euskararen aldeko manifestaldi erraldoia da. Euskal Herrian ezezik, Europan eta mundu mailan ere hizkuntza baten alde egiten den manifestaldirik handiena da. Hamar eguneko iraupena izaten du, egunez zein gauez. Korrikak hiru ezaugarri nagusi ditue. Lehenik eta behin, lekukoa dugu, korrikaldiaren hasieratik amaieraraino eskuz eskuz pasatzen dena. Horrela, euskarak bere helmugara iristeko guztion beharra duela sinbolizatu nahi dugu. Bigarrenik, Euskal Herria osoan burutzen den jarduera da, zatiketa administratiboetatik aparte. Eta azkenik, izenak dioen bezala, korrika egiten den jarduera da, gure hizkuntzak ezin baitu astiro joateko astirik.
Aurtengo edizioa Trebiñon hasi eta Donostian amaitzen da. Zein nolako irizpideak jarraitzen dituzue ibilbidea zehazteko?
Lehenengo pausoa abiapuntua eta helmuga zehaztea da. Behin hori erabakita, teknologia berriei esker aukera dago denbora zehatz batean nahi duzun ibilbide hori zehazteko. Dena den, gauza konplexuagoa da, irizpide batzuk jarraitu behar ditugulako: hiriburuetatik egun eta ordutegi berezi batzuetan igarotzea, erakunde bezala indartu nahi dugun eskualdeetan inziditu…
Edizio bakoitzak lelo berezi bat izaten du. Aurtengoa “maitatu, ikasi, ari…euskalakari” da. Nola sortu zen ideia hau?
Korrikaren lehen pausoa transmititu nahi den mezua zehaztea da. Behin mezua erabakita ahalik eta eta lelorik esanguratsuena bilatzen saiatzen gara. Aurten, euskalakari leloaren burutazioa Igor Elortza bertsolariarena izan da. Berari bururatu zitzaion hitz berri bat asmatu behar genuela transmititu nahi genuen mezua zabaltzeko, eta buelta asko eman ondoren euskalakari hitzarekin jo genuen. Kalakari hitzak asko hitzegiten duena da, eta kasu honetan euskararekin lotu dugu.
Edizio bakoitzean pertsona edo erakunde bat omentzen da. Aurten Euskaltzaindia izango da omendutako erakundea. Zertan oinarritu da erabaki hau?
Omentzen den pertsona edo erakundea transmititu nahi den mezuari lotuta doa. Aurten, Euskaltzaindia omentzea erabaki da eta erabaki hau hiru zutabeetan oinarritu da. Lehenik eta behin, Euskaltzaindiak euskara batuaren sorkuntzan izan duen eta gaur egun duen papera eskertu nahi da. Euskaltzaindiak corpus bateratu bat sortzen jakin du, eztabaidak eztabaida, baina gaur egun zabalki onartua dagoena. Gure ustez, euskara batuari esker euskara dagoen tokian dago pauso honi eske. Ezinezkoa litzateke euskara uniberstitatean edota komunikabide nazionaletan ulertu batuarik gabe. Baina erabilera sustatu nahi den edizio honetan hori ez da nahikoa. Horregatik, eta bigarren arrazoia hauxe dugu, Euskaltzaindiak, euskara batuarekin batera, jakin izan du euskalkien ondarea gordetzen. Hor daude euskaltzaindiak dialektologiaren esparruan egindako lan guztiak. Beraz, batua eta euskalkiak uztartzen jakin. Azkenik, ezin ahaztu gure jatorria. Helduen euskalduntze osoa Euskaltzaindiatik dator eta AEK bera Euskaltzaindiaren parte zen, nahiz eta ondoren bakoitzak bere bidea egin. Euskaltzaindia da ofizialtasuna duen erakundea eta ondorioz, herri mugimendu batetik ere omentzea esanguratsua dela esan daiteke.
Korrikaren aspektu ezezagunago bat Korrika Kulturala dugu. Zertan datza hau?
Korrika, lasterketa, oso azkar pasatzen den zerbait da. Korrikan parte hartzen duen edonork momentu magiko bat bizi izan duela onartuko du. Baina bere izaeragatik iraupen laburra izaten du. Dena den, momentu magiko horiek bizi ahal izateko atzetik lan itzela egin beharra dago. Duela zenbait edizio, herriak oso erantzun ona zuela ikusita, baita ikuspegi ekonomikotik genuela sentitu genuen eta horrela Korrika Kulturala sortu zen, kultur makro ekitaldi bat, bi hilabetetan zehar hainbat ekitaldi burutzen direlarik. Zoritxarrez, gure herri honetan kulturak ez du dirurik ematen, are gehiago, dirua galtzen da, eta horregatik, AEK esfortzu hori egiten du jendeari Korrikaren alde egiten duen esfortzu hori eskertzeko. Gainera, AEKren helburuen artean euskal kulturaren sustapena ere aurkitzen da.
Korrika egiteaz gain, nola har daiteke parte Korrikan?
Mila bide daude Korrikan parte hartzeko, nahiz eta nabariena, noski, korrika egitea den. Herrietan martxan jartzear dira Korrika Batzordeak eta bertan nahi duen orok parte har dezake. Korrika Lagun kanpainan ere parte har daiteke, kilometroak margotzen… mila bide daude. Hauetaz guztietaz aparte, diru aportazioak ere eskertuko genituzke, beharrezkoak ditugulako. Hori bai, parte hartzen duenak, ziur naiz, errepikatu egingo duela.
Jada hamazazpigarren edizioa burutuko da. Zoriontzekoa da ala, zoritxarrekoa da oraindik horrelako ekimenen beharra izatea?
Zoritxarrez oraindik Korrika egin behar da. Dena den, ni emakume baikorra naiz eta uste dut, nahiz eta beharra izango ez den eguna iritsiko bada ere, Korrika egiten jarraituko dugula Korrikaz gozatzen jarraitu ahal izateko. Erreibindikaziorako ekitaldia bada ere alde ludikoa ere badu. AEK bera hiltzeko jaio zen, eta helburuak lortuta gure xedea lehen bait lehen hiltzea da. Euskal Herriak AEKren beharra ez duenean AEK desagertuko da, eta Korrikarekin gauza bera, baina bere alde ludikoa ikusita amnistiatu egin ahal dugula uste dut.