Inoiz izan diren animalia guztien artean, zalantza izpirik gabe, Tyrannosaurus Rex (T-Rex) dugu harraparirik nagusiena. 6 tonatik gorako pisua zuen haragijale honek beti izan du hiltzaile bihozgabearen fama, baina azken urteetan, zenbait zientzilarik T-Rexaren harrapari izaera zalantzan jarri eta sarraskijale bat besterik ez ote zenaren zalantza zabaldu dute.
Dena den, aurkikuntza berri bati esker T-Rexak ohiko ospea berreskuratu du. Izan ere, Kansas Unibertsitateko paleontologo talde batek T-Rex batek bere biktima izandako hadrosaurio belarjale baten buztanan emandako hozkadaren aztarna aurkitu berri du. Aipatu ikerlari taldeak T-Rex baten hagina aurkitu du hadrosaurioaren bizkarrezurrean sartuta eta, hortik abiatuta, ikerlariek T-Rexak ehiztariak zirela ondorioztatu dute.
Bestelako ikerlanetan zenbait T-Rexen sabeletan zeuden aztarnak aztertu dituzte. Bertan, hadrosurio gazteen aztarnak aurkitu dituzte baina ezin izan dute ondorioztatu horiek bizirik ala hilik zeuden. Azken aurkikuntza honetan, berriz, T-Rexaren hagina hadrosaurioaren bi bertebren artean kokatuta aurkitu da eta honen inguruan osatutako hezur ehunak aurkitu dira. Ondorioz, hadrosaurioa T-Rexaren erasotik bizirik atera zela ikus daiteke.
Liverpooleko Unibertsitateko ikerlari talde batek ordenagailuen bidez egindako simulazio bati esker, T-Rexaren hozkada, izan diren eta diren animalien artean, hozkadarik boteretsuena dela ondorioztatu du. Ikerketa honetan, gizaki, krokodilo eta Allosaurus teropo haragijale baten burmuinak T-Rex baten burmuinaren tamainarekin parekatu dituzte bakoitzaren hozkadak alderatzeko. Simulazioan lortutako emaitzen arabera, T-Rex baten hozkadak 20.000 Newtonetik gorako indarra zuen, eta zenbait kasutan, 57.000 newtonetara ere irits zitekeen. Liverpool Unibertsitateko Karl Bates-ek azaldu duenez, T-Rexaren hozkadaren indarra kalkulatzea zientzilarien artean eztabaida dexente sortu duen gaia izan da, azken finean, ez baitago T-Rexaren matrail-hezurreko giharrik. Hori dela eta, azterlan guztiak ordenagailuekin egiten diren modelo estatistikoetan oinarrituta burutu behar dira.