Centro Reina Sofíak egin duen “Jóvenes y empleo, desde su propia mirada” ikerketaren arabera, Estatuko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen % 45ak enpresetan emakumeak diskriminatzen direla uste du. Emakumeak soilik kontuan hartzen badira, kopuru hori % 60raino igotzen da; gizonezkoen kasuan, berriz, % 37an geratuko litzateke. Era berean, eta ikerketak agerian uzten duenez, gazteek ez dute uste enpresetan gizonezkoak diskriminatzen direnik.
Diskriminazio moten artean soldatetan diren aldeak dira gazteek gehien aipatzen dutena. Inkestan parte hartu duten gazteen % 73k horrela adierazi du. Jarraian, emakumeek aginte-postuetara iristeko dituzten zailtasunak aipatzen dira (% 53). Gazteek aipatzen dituzten bestelako diskriminazioak lirateke, adibidez, lana eta familia uztartzeko zailtasunak (% 41), lan-merkatuan sartzeko aukera urriak (% 33) edota profesionalki garatzeko zailtasunak (% 23).
Ikerketak azpimarratzen duenez, langabezian eta gizarte maila baxuenetan jatorria duten gazteek lan merkatuan sartzeko arazoak aipatzen dituzte gehienbat. Goi-mailako ikasketak dituzten gazteek, aldiz, kontziliazioa eta aginte-postuetara iristeko zailtasunak aipatzen dituzte.