Euskadiko gazteen % 63k Europar Batasunarekiko konfiantza du

Maiatzaren 9an Europako Eguna ospatzen da. 1950ko maiatzaren 9an Frantziako Atzerri ministro Robert Schumanek Europar Batasunaren jaiotzatzat hartzen den hitzaldia eman zuen. Bigarren Mundu Gerra amaitu eta bost urte pasatu ostean Frantzia eta Alemania arteko harreman baketsuaren alde egin zuen Schumanek.

Europar Batasunak ibilbide gorabeheratsua izan du, baina ukaezina da Europan inoiz izan den gerra gabeko aldirik luzeena lortu duela, behintzat, bertako kideen artean. Hala ere, Europan hartu diren zenbait erabakik edo Brexit bezalako prozesuek EBrekiko den konfiantza gutxitu dute hainbat hiritarren artean.

Gurea artean, berriz, euskal gazteriak Europar Batasunarekiko duen konfiantzak gora egin du azken urteetan. Hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoaren Kabineteak iazko 69. Euskal Soziometroan jasotako datuek diotena. Izan ere, pasa den urtean Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 18 eta 29 urte bitarteko gazteen % 63k EBrekiko konfiantza altua zuela azaldu zuen. Datu hori, aurreko urtean jasotakoa baino 15 puntu altuagoa da (% 48) eta 2019an 30 urtetik gorako hiritarren artean jasotakoa (% 56) baino altuagoa ere.

Euskal Soziometroak 2004. urtean hasi zen EBrekiko konfiantza neurtzen eta iazkoa orain arte jaso den daturik positiboena da. Daturik baxuena, berriz, serie horren lehenengo datuan izan zen (% 38). Hamabost urtetan, beraz, euskal gazteriak EBrekiko duen konfiantza 25 puntutan hazi da.

Gazteek 2019an emandako erantzunak sexuaren, adinaren eta bizi diren lurralde historikoaren arabera aztertuz gero, ikus daiteke talde guztietan gehiengoa osatu dutela Europar Batasunean konfiantza duten kideek. Emakume gazteek gizon gazteek baino konfiantza gehixeago dute Europar Batasunean (% 66 eta % 60, hurrenez hurren). Adinak ia ez du alde nabarmenik erakusten, 18 eta 24 urte bitartekoen % 64k du konfiantza eta 25 eta 29 urte bitartekoen kasuan, % 61ek. Azkenik, Araban bizi diren gazteen artean jaso da konfiantza-ehunekorik handiena (% 68) eta Bizkaian bizi direnen artean, aldiz, konfiantza-ehunekorik txikiena (% 59).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.