Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako “Euskarari buruzko iritziak” ikerketaren arabera, herritarren % 95ek uste du Administrazioak herritarrei horiek aukeratzen duten hizkuntzan arreta eskaini behar diela.
Euskara sustatzeko balizko ekimenei buruz herritarrek duten iritzia jasotzea da azterlanaren ardatza eta, bertan jasotako ondorioen arabera, azpimarra daiteke herritarrek euskara sustatzearen aldeko ekimenei babes handia ematen dietela.
Ikerlana egiteko euskara sustatzeko zenbait neurri aurkeztu zaizkie herritarrei eta kasu guztietan gehiengoaren babesa jaso da.
Zehazki, % 95 oso edo nahiko ados dago administrazioak beti herritarrak aukeratzen duen hizkuntzan arreta eman behar izatearekin. Antzeko proportzioan herritarrek uste dute euskaltegi batean euskara ikasi nahi duten horiei haien beharretara egokitutako formakuntza bat eskaini behar zaiela.
Gainera, herritarren % 90en ustez enpresa edo erakunde pribatuek ahalegina egin beharko lukete bezeroak horiek aukeratzen duten hizkuntzan artatzeko. Eta % 84, berriz, Interneten euskarazko edukiak sustatzearen alde dago gazteek aukera gehiago izan ditzaten.
Ildo beretik, azterlanaren arabera, inkestatutakoen % 84 herritar gehienek euskara ezagutzen eta erabiltzen duten guneak, arnasguneak, sortzearen eta babestearen aldekoak dira, eta % 78k uste du bereizgarri bat jarri beharko litzatekeela bezeroak euskaraz artatu ditzaketen establezimenduetan.
Era berean, inkestatutakoen % 78aren arabera, euskara sustatzeko ‘ezinbestekoa’ da euskarazko hedabideak modu berezian babestea.
Euskara lanean eta aisialdian
Lan munduari dagokionez, inkestatutakoen gehiengoak (% 85) dio enpresek langile gazteei haien lanpostuetan euskaraz aritzeko aukera eskaini beharko lieketela. Adostasun-maila baxuagoarekin bada ere, gehiengoak (% 66), eskolaz kanpoko kirol- eta aisialdi-jarduerak euskaraz izan beharko liratekeela uste du.
Azterlanaren arabera, EAEko herritarren ustez Hezkuntza eta Administrazio Publikoa lirateke euskara sustatzeko lehentasunezko eremuak. 0 eta 10 artean doan eskala batean, ikastetxeek 8,6 puntu lortzen dituzte; administrazio publikoek 7,8 puntu; eta, kultura-jarduerek eta hedabideek 7,4 puntu.
Jarraian punturik gehien lortzen dituzten esparruak honako hauek izango lirateke: osasun-zentroak (7,3); esparru digitala (7,2); kirolak (7,1); eta, aisialdia (7,0). Lehentasun mailarik apalena duten esparruak, berriz, honako hauek dira: merkataritza (6,9) eta lan esparrua (6,6).
Euskararen ezagutza
Inkestaren arabera, inkestatutakoen % 68rentzat gaztelania da ama-hizkuntza, euskara % 19rentzat eta % 9rentzat gaztelania eta euskara.
Herritarren % 43k dio euskara ondo edo nahiko ondo ulertzen duela. Ezagutza maila nabarmen altuagoa da gazteen artean. Horrela, 18-29 urte bitartekoen artean % 82 ondo edo nahiko ondo moldatzen da euskaraz. 30 eta 45 urte bitartekoen artean, berriz, kopuru hori % 58raino jaisten da.
Inkestaren arabera, gazteen hizkuntza-gaitasuna ere handiagoa da. Horrela, biztanleria orokorraren heren batek (% 34) euskaraz ondo edo nahiko ondo hitz egiteko gai dela adierazten duen bitartean, 18-29 urte bitartekoen artean kopuru hori % 78koa da. Kasu honetan ere ehunekoa baxuagoa da 30-45 urte bitartekoen artean (% 48)
Euskara ondo edo nahiko ondo hitz egiten duten horien artean % 45 inguruk gaztelaniaz hobeto moldatzen dela dio. Euskaraz hobeto moldatzen direla diotenak % 27 lirateke eta % 28k dio antzera moldatzen direla bi hizkuntzetan.
Inkestaren arabera guztiz euskaraz (familiarekin, lanean edo ikastetxean) bizi diren herritarren kopurua % 13koa da eta % 7k lagunekin ere erabiltzen du.