Euskaraldiko parte-hartzaileek hizkuntza-ohiturak aldatu dituzte

Pasa den urteko edizioaren inpaktua aztertu duen ikerketaren arabera, parte-hartzaileen bi herenek hizkuntza-ohiturak aldatu dituzte.

Pasa den urteko azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean Euskaraldiaren hirugarren edizioa egin zen. Jakina den moduan, Euskaraldiak euskararen erabilera sustatu nahi du eta, aldi berean, euskaldunon hizkuntza-ohituretan eragin nahi du. Aurreko bi edizioetan bezala, azken edizio honetan ere egitasmoan parte hartu duten pertsonetan eta erakundeetan izan den inpaktua aztertu nahi izan da. Siadecok egin du azterketa hori eta berriki eman ditu ezagutzera datuak.

Emaitzen arabera, Euskaraldia sendotu eta errotu egin da euskal gizartean. Egitasmoak aintzatespen publiko maila altua lortu du eta hizkuntza jokaerekin lotzen diren rolak eta ‘ariguneak’ ondo ulertu dira.

Txostenak jaso duen datu esanguratsuenetako bat honako hau da: 2022an ariketan parte hartu zutenen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza ohiturak aldatu dituzte. 

Ikerketa

Siadecok egindako azterketa bi ataletan banatu da. Alde batetik, Euskaraldian izen eman zuten pertsona eta erakundeen datu kuantitatiboak aztertu dira. Bigarrenean, berriz, Euskaraldiaren eraginaren azterketa sakonagoa egiteko, lagin bidezko inkestetatik eta informazio kualitatiboa jasotzeko teknikak erabiliz, informazio osagarria jaso da.

Datu kuantitatiboei dagokionez, pasa den edizioan 158.440 pertsona erregistratu ziren. Horietatik guztietatik % 77,6k ‘ahobizi’ rola aukeratu zuen eta % 22,4k ‘belarriprest’ rola. Kopuru hori aurreko edizioetakoa baino arinki baxuagoa da. Hala ere, antolatzaileek nabarmendu dute 25-64 urte bitarteko adin-taldea izan zela aktiboena azken edizioan. Izan ere, parte-hartzaile guztien heren bat baino gehiago adin-tarte horretakoa zen. Lurralde historikoei dagokienez, Gipuzkoa izan zen parte-hartzaile gehien izan zituena.

Erakundeei dagokienez, 8.610 elkarte, lantoki eta bestelako erakundek eman zuten izena 2022an. Aurreko edizioarekin alderatuta, % 3,6ko igoera izan da kasu horretan. Gainera, euskararen presentzia handiagoa duten eremu soziolinguistikoetan, entitateen izen-ematea proportzionalki handiagoa izan zen, % 56,8 hirugarren edo laugarren eremu soziolinguistikoan kokatutako udalerrietakoak izanik. Euskaraldiak entitateetan izan duen eragina, bai ariketa bitartean bai ondoren, barne zein kanpo harremanetan euskararen erabilera areagotzean islatu da.

Eragin positiboa

Ikerketak azpimarratzen du, halaber, ekimenaren eragina ingurunearekin lotuta dagoela, eta nabarmenagoa dela euskara hain ohikoa ez den arloetan. Hortaz, egitasmoak aldaketa esanguratsuak sortzeko gaitasuna nabarmentzen da.

Gainera, Euskaraldia parte-hartzaileek solasaldi elebidunak izateko duten gaitasuna handitzeko tresna eraginkorra izan daitekeela ikusi da. Entitateen eremuan, heren batek, gutxi gorabehera, hizkuntza-ohiturak aldatu ditu: % 10ek adierazi du euskara bihurtu dela hizkuntza nagusi, eta % 21,3k ordutik hona euskararen erabilera handiagoa izan duela.

Eusko Jaurlaritzako sailburuorde Miren Dobaranek Euskaraldiaren eraginkortasuna azpimarratu du. Dobaranen ustez, datuok euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak izan duen eragin positiboa berresten dute.

Javier Arakama Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaile berriak, berriz, parte-hartzaileen kopuruak hiru edizioetan 150.000 pertsonen langa gainditu duela azpimarratu nahi izan du.