Gazteek Bilbo jasangarriago bat nahi dute

Ekintzailetza, bizitza osoko prestakuntza, etxebizitza, familia eta lana bateratzea, kultura, aisia, kirola, boluntariotza, ingurumena edo feminismoa. Bilboko 15 eta 30 urte bitarteko 40 gaztek baino gehiagok gai horiei guztiei buruz eman dituzte beren ikuspuntuak, Bilboko Udalak abiarazitako parte-hartze prozesuaren esparruan.

Urtarrilaren 26tik martxoaren 2ra bitartean garatu den egitasmo horren xedea izan da udaletako gazte arloko programa eta jardueren egokitasuna eta gazteen behar eta itxaropenak alderatzea.

Prozesu partizipatibo horren emaitzekin osatuko da Bilbao Hiri Gaztea 2021-2023 estrategia, eta horren helburu nagusia da “hiria gazteentzako hiri erakargarri bihurtzea, bertan bizi proiektua garatu ahal izateko”.

Lehen ondorioek erakusten dutenez gazteek ingurune berdeak, aire zabaleko topaguneak eta eremu babestuak nahi dituzte. Era berean, eskuratzeko moduko etxebizitza eta enplegu gehiago izatea eskatzen dute, baita ongizatearen eta ingurumenaren aldetik iraunkorra den abangoardian dagoen hiria izatea ere.

Bizitzeko leku aproposa

Prozesuan zehar gazteek hiru jarduera-esparru eta hamar gai ezberdin jorratu dituzte. Lehen jarduera-esparruan, emantzipatutako gazteria, besteak beste, honako gai hauek jorratu dituzte: ekintzailetza, bizitza osoko prestakuntza, etxebizitza eta familia eta lana uztartzea. Bigarrenean, berriz, gazteria aktiboarena, kultura, aisia eta kirola bezalako gaiak jorratu dira. Azkenik, hirugarren jarduera-esparruan, konprometitutako gazteria, boluntariotza, ingurumena eta feminismoa bezalako gaiak jorratu dira.

Gazteek Bilbo beren bizitzak garatzeko leku bikain gisa baloratzen dute. Berdintasuna eta jasangarritasuna dira balorazio altuena lortu duten eremuak. Etxebizitzarena da, berriz, hobetzeko marjina handiena duena, batez ere, 19 urtetik 30 urtera bitarteko gazteen artean.

15 eta 18 urte bitarteko gazteen artean, aire zabaleko eta euritik babestutako topaguneen eta kirola egiteko eremuen beharra azpimarratzen da. Azkenik, hezkuntza formalaren barruan hausnarketa-guneak ere eskatzen dituzte.

19 eta 25 urte bitarteko gazteen kasuan, beren ardura nagusia emantzipazioa, hiriaren ongizatea eta ingurumen-jasangarritasuna da. Kirola elkartzeko eta gozatzeko leku gisa aldarrikatzen dute. Espazio publikoa agertoki artistiko bihurtzeko malgutzearen eta artista gazteen lana ikusaraztearen aldekoak dira. Beren proiektu profesionalak plazaratzeko eta berritzeko espazioak behar direla nabarmendu dute.

26 eta 30 urte bitarteko gazteek, lana eta etxebizitza eskuragarriagoak eta iraunkorragoak izatea eskatzen dute. Hiria aldatzearen alde egiten dute, oinezkoek, bizikletek eta berdeguneek protagonismo handiagoa izan dezaten eta auzoetan ezaugarri komunitarioak sustatzeko.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.