Gazteen 200 proiektu Elhuyar Zientzia Azokan

Ekainaren 2tik 5era bitartean Bilboko Areatzak Elhuyarrek antolatzen duen Zientzia Azokaren hamargarren edizioa hartu du. Aurtengo edizioan ikasturtean zehar ikasleek garatu dituzten 200 STEAM proiektu aurkeztu dira. Horrez gain, hainbat tailer, esperimentu eta zientzia ikuskizun ere izan dira. Elhuyar Fundazioaren 50. urteurrenarekin bat egin duen hamargarren edizioan 500 gazte inguruk hartu dute parte.

Lau egunetan zehar, 12 eta 18 urte bitarteko ikasleek ikasturtean zehar prestatu dituzten proiektu zientifikoak aurkeztu dituzte. Egitarauaren barruan programatuta zeuden , besteak beste, zientzia-ginkana bat, esperimentu ikusgarriak, ‘Matriuska’ zientzia-antzezlana, eta ‘Adrenalina’ zientzia-ikuskizuna. Aurtengo edizioari amaiera emateko, ekainaren 5ean Bizilabe aisialdi-tailerretan garatutako egitasmoak aurkeztu ziren.

Sariak egunero

Aurreko edizioetan ez bezala, aurten, sari banaketa egunerokoa izan da; etxoletan egin da eta irabazleak Elhuyarren sare sozialetan jakinarazi dira. Sarituek ikerketa-enpresetako egonaldiak, ikerketa-bekak eta nazioko eta nazioarteko azoketara bidaiatzeko aukera irabazi dute.

Zientzia Azokan, gazteekin batera, hainbat ikerketa zentro eta euskal unibertsitate izan dira. Ikasturtearen hasieran 218 ikertzailek izena eman zuten ikasleekin lan egiteko. Azpimarratzekoa da, horietatik guztietatik 199 emakumeak izan direla.

Gainera, azokan zientzia esparruan lan egiten duten hainbat profesional izan dira. Izan ere, Elhuyarrek UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, CFM-Polymat, TECNALIA eta BC Materialsen laguntza izan du.

Zientziarekiko zaletasuna

Zientzia Azokaren xedea da gazteen artean zientziarekiko zaletasuna sustatzea eta kultura zientifikoa sustatzea eta zabaltzea. Azken jaia Bilbon ospatu bada ere, Azoka urte osoan zehar ospatzen da. Antolatzaileek azaldu dutenez, guztira, 54 ikastetxetako 716 gaztek parte hartu dute.

Lehenengo edizioa 2013. urtean ospatu zen eta ordutik hona 6.000 gaztek baino gehiagok parte hartu dute egitasmo honetan. 900 egitasmo teknologiko edo zientifiko baino gehiago garatu dira.