Emantzipazioa bizitza-proiektua modu autonomoan eta osoan egitea ahalbidetuko duen prozesua bezala ulertu behar da. Beste modu batera esanda, bakoitzak bere bizi proiektua egin ahal izatea. Zoritxarrez, egungo datuen arabera, ez goaz bide horretatik Euskal Autonomia Erkidegoan. Gazteen Euskal Behatokiak kaleratutako Euskadiko Gazteen Egoeraren Diagnostikoa 2017 txostenak dio 18 eta 34 urte bitartekoen % 40,9 emantzipatu dela, eta 15 eta 29 urte bitarteko gazteek emantzipatzeko adin egokitzat 24,2 urte badute ere, batez besteko adina 29,9 dela, hau da, gazteak izateari uztear daudenean.
Hainbat faktoreren ondorioa da, asko gazteontzat jada aski ezagunak direnak: lan-merkatuaren konfigurazioa, prekarietatea, soldata baxuak, lan-mundura sartzeko orduan onartu behar ditugun lan-baldintzak, kontratu mota edo gehiegizko orduak. Egoera ez da berria. Krisi ekonomikoak eztanda egin zuenetik gazteok hainbat diskriminazio jasan ditugu gazte izate hutsagatik. Formakuntza-aroa amaitu eta lan-mundura sartzera goazenean eskaintzen zaiguna, oro har, ez da zilegi: kontraturik gabeko enpleguak, autonomo faltsu izatea edo praktikak eta hauek dituzten baldintzak.
‘Gazteak’ eta ‘enplegua’ terminoak esaldi berean sartuz gero burura datorkigun hurrena langabezia-tasa da. Azkenaldian langabezia-tasa jaitsi dela eta jaisten jarraitzen duela diote hainbat lerro-buruk. Horrek ordea ez du esan nahi lan-merkatua hobera doanik, izan ere pertsona gazteok batez beste gutxiago irabazten jarraitzen dugu. Horregatik da garrantzitsua sortutako lanpostuen kalitateari begiratzea, eskaintzen dutenari gertutik begiratzea. Eta gazteon iritzia, beharrak eta proposamenak kontuan izatea. Izan ere, zer da Euskadiko gazteriarentzat lan egokia?
Subjektu aktibo izan nahi dugu. Bizitzako gainerako eremuetan bezala, gure ahotsa entzutea nahi dugulako. Aurreko paragrafoetan azaldu dugun egoeraren jakitun, gazteon iritzia jakin nahi genuen, modu propositiboan egindako burutazio eta ikuspegiak bildu, ondoren ekarpenak administrazio eta arduradun politikoei helarazi eta denon artean irtenbide bat bilatzeko. Alde batetik, sare sozialen bidez #TrabajoDecente traolan batu ditugu; eta, bestetik, UPV/EHUko kanpus unibertsitarioetara ere irteerak egin ditugu bertako ikasleen iritziak biltzeko. Horietako askok jada lan egiten dute eta beste askok laster lan-mundura salto egingo dute.
Gazteon artean aniztasun handia dago, eta, normala den bezala, jasotako erantzunetan aniztasun hori islatzen da. Batzuentzat lan egokia inolako diskriminaziorik ez egotea da, besteak beste, sexua edo arrazagatik ezberdintasunik ez egotea; beste batzuentzat bizitza pertsonala eta lana bateragarri egitea; entrenatzeko denbora izatea; familiarekin edo lagunekin egoteko denbora izatea; askok soldata minimoa igotzea aldarrikatu dute; egoera onartezinak sortzen dituzten praktikak eta bekak onartu behar ez izatea; kontratu gabe edo autonomo faltsu bezala lan egin behar ez izatea; aldi baterako edo lanaldi partzialeko kontratuez gain bestelako kontratu-ereduak eskaintzea…
Gazteon arazo bezala saltzen bada ere, gizarte bezala erantzun behar zaio. Etorkizuna izateaz gain oraina ere izan nahi dugulako. Eta, ildo horretan, beharrezkoa da gazteoi eragiten diguten politika publikoen diseinuan gure ahotsa kontuan izatea. Ahal dela pausu guztietan. Gainera, nabaria da horretarako aukera ematen zaigunean gazteok erantzuten dugula. Orduan, zergatik ez da berdin egiten laneratze politiken diseinuan?
Biztanleria zahartzen doa eta piramide demografikoan desoreka gero eta nabariagoa da. Azken 30 urteotan gazteria galdu egin da. Honen ondorioz, inoiz baino beharrezkoago eta garrantzitsuagoak dira gazteon kotizazioak ongizate- eta pentsio-sistema mantendu nahi baditugu. Lan Egokirik bermatu ezean (prekarietaterik eza, soldata egokiak, baldintza onak, etab.), gero eta zailagoa izango da.
MAIALEN OLABE
EGKko presidentea