Maiatzaren erdialdean, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek amaitu berri den III. Gazte Plana 2014-2016aren balantzea aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean. Testuinguru okerrago batetik gatozen arren, egungo egoerak uzten dituen datuak oso kezkagarritzat jo daitezke. Hori ez da Gazteberrin egiten dugun balorazio subjektiboa; Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko sailburu Pedro Aspiazu edo Confebaskeko presidente Roberto Larrañaga iritzi berekoak dira. Gazteon lan baldintzak hobetu ezean, gure bizitza-proiektuak kolokan izan daitezke.
Normalean, gazteon bizitza-proeiktua emantzipazioari lotuta dago. Norberak bere bizitza-plana garatu ahal izateko, lehenik eta behin, gurasoen etxetik alde egin behar du. Kasu honetan, euskal gazteok, batez beste, 30 urterekin alde egiten dugu gure guseroen etxetik. Euskal gazteon emantzipazioa berantiarrenetakoa da Europa mailan, non emantzipazioarako batez besteko adina 26,1 urtetakoa den. Emantzipatu ahal izateko bi dira, nagusiki, eragiten duten faktoreak: enplegua eta etxebizitzaren prezioa. Ekuazioa sinplea da: gurasoen etxetik alde egiteko gure etxebizitza propioa ordaindu ahal izateko nahikoa baliabide ekonomiko izan behar ditugu.
Etxebizitzaren prezioari dagokionez, preziorik garestienetakoak dituzten Autonomia Erkidegoetan bizi gara gazte euskaldunak. Beraz, egoera aldatzen ez den bitartean prezio altuak ordaindu beharko ditugu.
Enplegu edo lanaren kontua, berriz, bestelakoa da. Azken urteetan egoera ekonomikoak, eta horrekin batera, lan merkatuak, hobera egin badu ere, horrek ez du gazteon lan-baldintzetan eragin zuzenik izan. Are gehiago, lanean ziren langileen soldatek gora egin duten bitartean, lan merkatuan sartu berri diren gazteon soldatek behera egin dute. Hori guztia gutxi balitz, kontratuen behin-behinekotasuna nagusi da gazteon artean. Lehen kontratua sinatzen duten gazteen heren batek lanaldi partzialeko kontratu bat sinatzen du. Kontratu mota horren kopurua biderkatu egin da azken urteetan.
Datuak
Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera, 2011. urtean 16 eta 29 urte bitarteko gazteen batez besteko soldata 998 eurotakoa zen. Ikerketa beraren arabera, 2015. urtean gazteon batez besteko soldata bi euro baxuagoa zen. Emakume gazteen kasuan, gainera, egoera askoz larriagoa da, aipatu bi urte horietan, batez besteko soldata 896 eta 867 eurotakoa baitzen, hurrenez hurren. Gaur egun, gazte baten lehen soldata nekez iristen da 900 eurotara. Duela zenbait urte lotsagarritzat jotzen zen mileurismoa egun jomuga bat da gazte askorentzat. Pasa den hilabeteko Gazteberrin azaldu genuen bezala, gainera, horretarako, sarritan aldez aurretik hainbat hilabete eman behar izaten dira praktikak egiten eta, askotan, xoxik kobratu gabe.
Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) ezagutzera eman dituen datuen arabera (Módulo EPA – Inserción de los jóvenes en el mercado laboral. Año 2016), Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko 16 eta 36 urte bitarteko gazteen heren batek lana eta ikasketak bateratu egin behar ditu UPV/EHUko Sara de la Ricak ohartarazten duenez, testuinguru horretan trebakuntza-mailarik altuena duten gazteek atzerrira alde egingo dute aukera baten bila.
Eta testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak IV. Gazte Plana 2020 diseinatzeari ekin dio. Artolazabalek aurreratu duenez, asmoa urte honen amaierarako prest izatea da eta helburu nagusia hemen aipatu diren alderdietan eragitea izango da, hots, enplegua eta etxebizitza, emantzipaziorako batez besteko adina murriztu ahal izateko.