Duela urtebete inguru, Gipuzkoako zazpi gaztek (Gorka Andueza, Borja Gainzarain, Amaia García, Mikel Otaegui, Maider Pagola, Alaia Amubieta eta Usue Irigoyen) Indiara egindako bidaia baten ondoren, genero berdintasunaren alde lan egiteko mugimendua jarri zuten abian. Aldazank lelopean, ekimen horrek gure gizartean diren desparekotasunak identifikatzea eta horiek zuzentzeko gizartean nagusi diren baloreak aldatzea du helburu. Une honetan, ekimena ikerketa fasean aurkitzen da, hots, hezkuntza, lan-mundua edota kirola bezalako esparruetan diren desparekotasunak aztertzen ari dira, ondoren, berdintasuna lortzeko bidea zabal dezaketen bestelako proiektuak diseinatu ahal izateko.
Helburu horrekin, pasa den martxoaren 8an, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, topaketa interesgarria burutu zen Donostiako Anoeta estadioan. Bertan, alor desberdineko 40 ordezkari inguru (enpresa munduko ordezkariak, irakasleak, ikasleak…) elkartu eta genero-desparekotasunaren inguruan diren ikuspegi desberdinak komunean jartzen saiatu ziren. Topaketa horretan lortutako ondorioak Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko dira.
Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundia, Real Sociedad Fundazioa, Kukuxumuxu, Aspegi eta Eroskiren laguntza du. Guztien artean, elkartasuna adierazteko eskumuturrekoak garatu dituzte. Horiek bi euroren truke eros daitezke Eroski dendetan.