Gero eta bakartiago

Nahi gabeko bakardadea, gero eta gehiago, gazteei eragiten dien arazoa da. Estatu mailan egin den azterlan baten arabera, ez dirudi fenomeno puntual edo iragankor baten aurrean gaudenik

Nahi gabeko bakardadearen inguruan pentsatzen dugunean, kasu gehienetan, bakarrik bizi den eta harreman sozial gutxi dituen adineko pertsona bat etortzen zaigu burura. Baina ‘SoledadES’ Nahi Gabeko Bakardadearen Estatuko Behatokiak argitaratu berri duen txosten baten arabera, arazo hori gero eta gehiago eragiten die gazteei eta, gainera, modu latzagoan. Izan ere, aipatu txostenaren arabera, bakardadeak Estatuko lau gaztetik bati eragiten dio: une honetan, bakarrik sentitzen diren 16 eta 29 urte bitarteko gazteen kopurua % 25,5 da. Gainera, ez dirudi fenomeno puntual edo iragankor baten aurrean gaudenik; izan ere, gaur egun bakarrik sentitzen diren gazteen ia erdiak (% 45,7) bakarrik sentitzen dira duela hiru urte baino gehiagotik. Gainera, azterlanak agerian utzi duenez, hiru gaztetik bi (% 69) bakarrik sentitzen da edo sentitu izan da noizbait.

ONCE Fundazioak eta Ayuda en Acciónek sustatzen duten ‘SoledadES’ nahi gabeko Bakardadearen Estatuko Behatokiaren txostena 16 eta 19 urte bitarteko 1.600 gazteri egindako inkestetan oinarritzen da.

Gazteen bakardadea heterogeneoa da eta ohikoagoa da emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino. Adin-taldeei dagokionez, bakardade-sentimendua handiagoa da 22 eta 27 urte bitarteko gazteen artean. Aldiz, 28-29 urte bitartekoen eta 16-20 urte bitartekoen artean sentimendu hori txikiagoa da, batez ere, azken horien artean. Gainera, gaur egun bakarrik sentitzen ez diren pertsonen % 58,4k sentimendu hori izan du aurretik.

Txostenaren arabera, gazteen artean bakardade sentimendua, nagusiki, gauean azaltzen da. Horrela adierazi du inkestatutako gazteen % 30,5ek. % 20,3k diote bakarrik sentitzen direla egunean zehar, eta % 17,8k diote bakarrik sentitzen direla egun osoan.

Harremanak eta bakardadea

Harreman kopurua faktore esanguratsua da nahi gabeko bakardadea azaltzeko. Adibidez, lagunek eragin handiagoa dute gazteen nahi gabeko bakardadean, familia, lana edo ikasketen gainetik.

Gazteen bakardadea heterogeneoa da eta ohikoagoa da emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino. Adin-taldeei dagokionez, bakardade-sentimendua handiagoa da 22 eta 27 urte bitarteko gazteen artean.

Bakarrik sentitzen diren pertsonen erdiak baino gehiagok (% 55,4) nahi baino lagun gutxiago dituztela diote. Sentimendu hori, berriz, % 13,9raino jaisten da bakarrik sentitzen ez direnen kasuan. Datu horrek, gainera, badu beste irakurketa interesgarri bat: bakarrik sentitzen diren pertsonen % 44,6 gustura dago dituen lagun kopuruarekin.

Harremanen kalitatea ere kontuan hartu beharreko aldagai bat da gazteen nahi gabeko bakardadea ulertzeko. Horrela, beren harremanekin gustura ez dauden gazteen kopurua handiagoa da bakarrik sentitzen diren gazteen artean bakarrik sentitzen ez direnen artean baino. Asebetetze falta hori bereziki altua da familia-inguruneko harremanei dagokienez (% 45,1) eta, jarraian, lan edo ikasketen ingurunea (% 40,2) eta adiskideak (% 31,4) aurkituko lirateke.

Lagunak

Trebetasun sozialek ere inpaktu handia dute gazteen bakardadean. Bakarrik sentitzen diren horiekin alderatuta bakarrik sentitzen ez diren pertsonek konfiantza handiagoa dute beste pertsonengan.

Aldi berean, zuzeneko harremana dago nahi gabeko bakardadearen eta jazarpenaren artean, lanean zein eskolan. Noizbait lan- edo eskola-jazarpena jasan dutenen ehunekoa bikoitza da nahi gabeko bakardadea sentitzen duten gazteen artean (% 58,1). Nahi gabeko bakardadea ez duten gazteen artean, berriz,  % 32,1k jasan du jazarpena.

Gazteen ustez norberak sentitzen duena edo nahi duena komunikatzeak oso eragin esanguratsua du bakardade-sentimenduan. Bakarrik sentitzen diren pertsona gehienak (% 76,1) seguru sentitzen dira gai horren inguruan hitz egiten modu orokorrean edo abstraktuan. Baina norberaren bakardade-sentimenduei buruz hitz egin behar denean segurtasuna adierazten dutenen ehunekoa nabarmen jaisten da (% 48,1). Gainera, bakarrik sentitzen diren hiru pertsonatik bakarra eroso sentitzen da laguntza eskatzen.

Bakardadea esparru digitalean

Zalantzarik gabe digitalizazioak eragin handia izan du gaur egun gizartean harremanak izateko nagusi den ereduan. Eta eragin hori, are nabariagoa da gazteen artean. Gazteen heren batek egunean hiru ordu baino gehiagoz erabiltzen ditu sare sozialak. Gazte gehienek uste dute beste pertsona batzuekin online harreman gehiegi izateak edo sare sozialei adiegi egoteak eragin nabarmena duela nahi gabeko bakardadean. Hala ere, bakarrik sentitzen diren gazteek bakarrik sentitzen ez direnen antzeko maiztasunarekin erabiltzen dituzte sare sozialak.

zuzeneko harremana dago nahi gabeko bakardadearen eta jazarpenaren artean, lanean zein eskolan. Noizbait lan- edo eskola-jazarpena jasan dutenen ehunekoa bikoitza da nahi gabeko bakardadea sentitzen duten gazteen artean (% 58,1).

Aurrez aurreko harremanen kasuan, horiek ohikoagoak dira bakarrik sentitzen ez diren gazteen artean. Bakarrik sentitzen ez diren pertsonen ehuneko handi batek (% 79,8) nagusiki horrela izaten ditu harreman sozialak. Bakarrik sentitzen diren gazteen artean, berriz, aurrez aurreko harremanen proportzioa % 55,9 baino ez da.

Hezkuntza, enplegua eta pobrezia

Azterlanak agerian utzi duenez, bada hezkuntza-mailaren eta bakardadearen arteko zuzeneko harremana. Horrela, zenbat eta ikasketa maila altuagoa izan orduan eta bakardade-sentimendu gutxiago. Gazteen kasuan, adibidez, errepikatzaileen artean nahi gabeko bakardadearen prebalentzia hamar puntu altuagoa da errepikatu ez duten horiekin alderatuta: % 31 eta % 21,3, hurrenez hurren. Gauza bera esan liteke eskola-uzte goiztiarraren eta eskola porrotaren inguruan. Eskolan errendimendu eskasa izan duten horien artean nahi gabeko bakardadea (% 32,7) ohikoagoa da emaitza hobeak lortu dituzten ikasleen artean (% 26,1) baino.

Ildo berean, langabezian diren pertsonen artean ere nahi gabeko bakardadearen prebalentzia altuagoa da; bost puntu, hain zuzen ere. Eta pobreziaren kasuan, aldagai horrek ere zuzeneko eragina du: zailtasun ekonomikoak dituzten etxeetan bizi diren gazteen artean prebalentzia handiagoa da.

Udalerriaren tamaina

Txostenaren arabera, udalerriaren tamaina ere aintzat hartu beharreko aldagaia da. Hala ere, kasu honetan oso fenomeno bitxia ematen da, bakardade-tasa baxuenak hiri oso handietan eta herri oso txikietan ematen baitira. Normalean, bakardade-indize handienak herri txikietan edo hiri handietan ematen direla pentsatzeko joera dago, baina txostenak agerian utzi duenez, nahi gabeko bakardade indize handienak, gazteen artean, tamaina ertaineko udalerrietan ematen da.

Horrela, 20.000-100.000 biztanle arteko udalerrietan nahi gabeko bakardadearen prebalentzia % 29,8 den bitartean, udalerri handiagoetan arinki baxuagoa da. Udalerri txikiagoetan, berriz, aipatu prebalentzia nabarmen baxuagoa da (% 18,9).

Emantzipazioak, berriz, ez du eragin esanguratsurik eta, horrela, emantzipatutako eta emantzipatu gabeko gazteen artean nahi gabeko bakardadearen prebalentzia oso antzekoa da.

Osasun okerragoa

Bakarrik sentitzen diren gazteek beren osasunarekiko pertzepzio okerragoa dute. Gainera, nahi gabeko bakardadea eta osasun mentaleko arazoak, sarritan, eskutik doaz. Bakardade-sentimendua duten pertsonek, kasu gehienetan, antsietate edo depresio arazoak ere izaten dituzte. Horrez gain, bakarrik sentitzen diren gazteek autoestimu baxuagoa izan ohi dute.

Bestalde, nahi gabeko bakardadea nork bere burua kaltetzeko pentsamenduen eta praktiken prebalentzia handiagoarekin lotuta dago. Horrelako pentsamenduak edo praktikak 2,5-3 aldiz ohikoagoak dira nahi gabeko bakardadea sentitzen duten gazteen artean. Gainera, bere burua bakarrik ikusten duten gazteen erdiak (% 50,5) pentsamendu suizidak ditu. Horrelako pentsamenduen eta nahi gabeko bakardadearen arteko harremana oso garrantzitsua da, suizidioa baita gazteen heriotza-kausa nagusia.

Gazteen nahi gabeko bakardadean eragin dezaketen beste aldagai batzuk desgaitasuna, sexu-orientazioa eta jatorria dira. Adibidez, desgaitasunen bat duten gazteen erdiak baino gehiagok (% 54,2) nahi gabeko bakardadea duela adierazten du. LGTBI taldeko gazteen artean horrelako bakardadearen prebalentzia gazte heterosexualen artean dagoenaren ia bikoitza da (% 39,7 eta % 22,7). Azkenik, atzerrian jatorria duten edo atzerritar jatorriko gurasoak dituzten gazteen artean ere nahi gabeko bakardadearen prebalentzia altuagoa da.