Baina hau, bai!
Irailean, udako jaiak oraindik oso present egonik, zutabe hau idatzi nuenean, jakin badakit beste behin ere sexualitatearen eta erotikaren aurpegi ezkorrena izan nuela hizpide. Erotika zer ez den landu, eta sexualitatea gozatzeko aukera eta intentzioa egonik ager litezkeen ondorengo negatiboetaz hitz egitea ez da ordea nire helburua, inondik ere. Ezezkotasunik ez dut nik jomuga espazio honetan, kontrakoa baizik.
Gazte-gaztetatik jaso dugu ezetz esaten ikasteko beharra, badaezpada. Erasoak, infekzioak, haurdunaldi ez-bilatuak… Dena arrisku, dena beldur, ezetza beti present, zer gerta ere. Mugak eta murruak eta limiteak, ongi zerrendatuak, denok eskolatik ikasi beharrekoak. Are argiagoa den zerbait emakume bezala heziak izan direnen kasuan; gizonezkoen heziketan arriskuen prebentzioak badu bere lekua, baina ez da horren zentrala, plazerarentzako espazioa egon bai baitago. Emakumeak aldiz beti ezetza ahoan haztera dira behartuak, haien inguruan hamaika barrera jasoz.
Sexualitatea, baina, hesitik bizi ote daiteke? Langaren atzetik? Sexualitatea ezer bada, norberak gorpuztu eta egiten duena da edo, are, norbere haragitik eraikitzen den hura. Ekinez eta barrutik. Eta ezetz esaten buruz ikasi? Baietza adierazten barrenetik ikasi beharko genukeenean! Aurreko batean ere saiatu nintzen hori adierazten: zer gara (bere burua) pentsatzen duen haragi ez bagara? Sexualitatea norbere gorputzean bizi badugu, erotikak gorputzak haina egongo dira; pertsonak haina. Nola ulertu orduan denok mugak eta desirak berdinak izan ditzakegunik? Nola demontre irakats daiteke ondorioz zeri esan ezetz? Norbere barrerak norberak aurkituko ditu, aurkitzekotan, baiezkoa eta plazera jokoan jarriaz.
Hori da hain zuzen filosofarria: sexualitatea haien desira gorpuztuak, edo gorputz desiratzaile eta desiragarriak, era askean eta errespetuz jokoan jartzen dituzten horiena da. Erotika plazer bilaketa konpartitua da, ez besterik. Alegia, norbere baiezkoen xerka eraikitzen eta zaintzen ditugun erlazioak dira erlazio sexualak. Eta balio horietan egongo beharko luke oinarritua heziketak.
Zera esan nahi da: txikitatik sexualitatea balore bezala jaso izan bagenu, balio positibo moduan eta bere alderdi baiezkorrenei erreparatuz garatzen ikasterik bagenu, ezetza bakarrik etorriko litzateke, behar izanez gero. Ikasgai urgente bat dugula ezin ukatu; ukazioa onartzen ez dakiten horiei kaskezurrean sartzea ezetzak definitiboak direla. Baina ezkortasuna ez dago desiran eta plazerean. Heziketak baiezkotasunean beharko luke oinarritu. Baietza bilatzen ikasirik, ez dago ezetza irakasteko beharrik.
[Peio Saez de Lafuente]