Ibon Zugasti lezotarraren kasua guztiz bitxia da. 39 urterekin profesionaletara salto egitea lortu du, Europan inoiz pauso hau eman duen txirrindularirik zaharrena bihurtuz. Argitaletxe batean zuen ardura alde batera utzi eta txirrindularitzari lehentasuna ematea erabaki zuen. Bost urte eta hainbat garaipen ondoren, aurten San Luis Tourrean egin du debuta Contador bezalako txirrindulariez inguratuta
39 urterekin profesional izatera pasa zara. Nola sentitu zinen Argentinan izandako debutean?
Oso pozik, azken finean, txirrindularitzako izar handienen artean ikusi bainuen nire burua. Hala ere, Boliviako Itzulian izan ondoren denboraz larri izan nintzen eta ezin izan nuen nahi bezalako prestaketarekin aurkeztu. Hori guztia nabaritu nuen eta hainbat etapetan larregi sufritu nuen. Gainera, aurrean ibiltzeko adina hanka ez nuela konturatu nintzen. Profesionaletara salto egitea sari polita izan da, baina nire helburua ez da edozein modutan ibiltzea eta, behin hemen egonda, ondo ibili nahi dut.
Zure kasua guztiz bitxia da. Lasterketan zarenean adina buruan izaten al duzu?
Bai, nire kasua guztiz bitxia da. Izan ere, esan didatenez, Europan inoiz profesionaletara salto egin duen txirrindularirik zaharrena naiz. Hala ere, kontutan izan behar da nire txirrindulari bizitza oso laburra izan dela, duela laupabost urte hasi bainintzen lasterketak korritzen. Adinaren kontua behin errepidean guztiz ahaztuta geratzen da!!
Zein helburu jarri dizkiozu zure buruari denboraldi honetarako?
Esan bezala, Boliviako Itzulia amaitu eta ez dut nahi adina prestatzeko betarik izan. Horrek, denboraldi hasiera mugatuko dit eta jakin badakit lehen lasterketa hauetan zaila izango dudala aurrean izatea. Denboraldiak aurrera egin ahala aurrerago ibiltzeko itxaropenak ditut. Lortzen ditudan postuak alde batera utzita, nire helburua lasterketetan eroso joatea da, hots, gehiegi sufritu gabe. Sasoian zaudenean sufrimendua hobeto pairatzen da. Gogorrena, etapa amaitu eta arrastaka ibili beharra da.
Zein lasterketetan hartuko duzu parte Europa aldean?
Argentinan debutatu ondoren, Uruguain izango naiz. Ondoren buelta etxera, jada ia bi hilabete emango baititut etxetik at. Bueltatu ondoren asmoa ondo entrenatzea da Marokoko Itzulia ahalik eta hoberen prestatzeko. Nire taldeak Belgikan izango du egoitza eta Belgikan bertan, Herbehereetan, Italian, Frantzian eta Polonian aritzea aurreikusita dugu. Estatuari dagokionez, azkenik burutzen badira, Asturiaseko Itzulia eta Narancoko Igoera baieztatuta ditugu. Euskal Herriari dagokionez, Laudioko lasterketan izatea espero dugu. Asian ere izateko aukera izango dugu Irango Itzulia eta Persiar Golkoko Itzulian hain zuzen. Hori guztia, bakarrik, maiatzera arte eh!! Nahikotxo bidaia egingo ditugu!! Egia esan, oso egutegi polita dut aurrean.
Zenbat urtez jarraitu ahal izango duzu lehen mailan?
Egia esan, ez dakit. Printzipioz, urtebeterako kontratua sinatu dut. Nire asmoa, hankak eta burua ondo diren bitartean, bota arte jarraitzea da. Hala ere, etxetik kanpo hainbeste denbora izateak ez dit grazia handirik egiten. Denboraldi honetan ditudan sentsazioak ikusi beharko ditut azken erabakia hartzeko.
Txirrindularitzari lotuta jarraitzea nahiko zenuke?
Ez naiz etorkizuna planteatzen duen horietako bat. Nahikoa dut oraina ‘a tope’ gozatzearekin. Hala ere, ez dut nire burua txirrindularitzari lotuta ikusten.
Zure hastapenetara bueltatuz, zer suposatu dizu txirrindularitzan hain berandu hasteak? Zer zioen jendeak?
Duela hogei urte inguru mendiko bizikletan lasterketak egiten hasi nintzen. Garai horretan, ikasketak eta lana uztartzen nituen, baina hala ere, aurrean izaten nintzen. Nahikoa bizimodu estresatua nuen; askok animatu egiten ninduten, eta beste askok, berriz, erotzat hartzen ninduten. Dena den, ez diot garrantzi handirik ematen jendeak esaten dionari.
Zure kasuan, adin handiagokoa izatea abantaila ala desabantaila izan al da?
Zalantzarik gabe abantaila izan da. Fisikoki oraindik ez dut beherakadarik sumatu eta buruan dudan esperientzia eta nire burua ondo baino hobeto ezagutzea laguntza izan da. Errepideetako lasterketetan berandu hasteak, berriz, zenbaitetan tropelean kokapen egokia lortzeko zailtasunak eman dizkit. Ez dut gustuko tropelaren erdian joatea eta profesionaletan larri zaudenean hor eroso joateak asko laguntzen du.
Nola erabaki zenuen zure bizitza-lanbidea alde batera utzi eta txirrindularitzan hastea?
Argitaletxe batean egiten nuen lan; Arte Zuzendaria nintzen eta hilero 15 aldizkarien ardura nuen. Azkenean 10-12 ordu ematen nituen lanean. Gero entrenamenduak. Azkenean, asteburuetako lasterketak prestatzeko oso denbora gutxi. Oso estresatuta bizi nintzen eta egun batean aski zela erabaki nuen. Gazte sentitzen nintzen eta gutxirekin konformatuta ondo bizitzea erabaki nuen. Eta ez naiz damutzen, nire bizitzako urterik politenak azken urte horetan bizi izan baititut. Egunero presarik gabe altxatzeak, lasai gosaltzeak, bizikletan nahi adina ibiltzeak niretzat ez du preziorik!