Unibertsitateko ikasle gazteek Euskal Autonomia Erkidegoan 1960. eta 2010. urteen artean izandako terrorismoaren eta giza eskubideak urratzearen inguruko ezagutza-mailari eta diskurtsoei buruzko azterlana burutu duzue Arrupe Giza Eskubideen Institutuan. Zertan oinarritu da azterlan hori?
Eusko Jaurlaritzak gai honekiko gazteek duten ezagutza-maila ezagutu nahi zuen. Gaia ahalik eta inklusiboena izatea nahi genuen eta, horregatik, terrorismoa eta giza eskubideen urraketak aipatzen dira, tartean, legez horrela jasotzen ez bada ere, estatu-terrorismoa ere hor dagoelako. Azterlana unibertsitate ikasleen artean burutu da, baina hori, bere osotasunean oso multzo heterogeneoa denez, lagin batekin lan egin dugu: lehen mailako ikasleak (institututik etorri berriak gehienak) eta fakultate zehatz batzuetakoak (gizarte zientziak eta hezkuntza). Hiru campusetan eta hiru unibertsitateetan egin dugu azterlana, hots, UPV/EHUn, Deustuko Unibertsitatean eta Mondragon Unibertsitatean. Lagin hori aukeratzeko bada arrazoi bat. Izan ere, aurretik bazen ‘Ahotsak’ izeneko esperientzia. Horren baitan, zenbait dokumentalen bidez eta eskola-orduetan, gai hori landu zen, eta esperientziari esker, sare bat eraiki genuen; hain zuzen ere, azterlan hau egiteko erabili dugun sarea.
Eta zein izan da azterlan horren xede nagusia?
Azterlanarekin lortu ditugun emaitzak argazki bat besterik ez dira. Objektibo angeluhandiaren metafora erabili ohi dut: mendilerroak azaltzen dira baina ez dago xehetasunik. Azterlan horrek emaitza kuantitatiboak eman ditu baina xehetasunetan sartzeko azterlan kualitatiboago bat beharko litzateke: elkarrizketak, talde lana…
Ikerketarekin hasi ginenean hiru helburu nagusi genituen. Lehenik eta behin, gazteek gai honekiko duten kezka-maila ezagutzea. Bigarrenik, gaiarekiko duten ezagutza-maila jakitea eta, azkenik, aipatu tarte horretan (1960-2010) izan diren urraketen inguruan zein nolako balorazio etikoa egiten duten.
Zein nolako kezka-maila azaldu dute?
Hasierako hipotesia zen gazteek ez dutela kezka-maila handirik. Badirudi aurreko belaunaldiaren kontu bat dela baina ikerketak adierazi digunez, ideia hori ez da guztiz zuzena. Egungo gazteek badute gai horrekiko kezka eta horren inguruan espresuki galdetzen zaienean emaitza halakoa da. Asko kezkatzen zaie? Bada, egia da ez dagoela euren lehentasunen artean. Baina hemen ere datuak arretaz irakurri behar dira. Izan ere, Soziometroak eman dituen azken datuekin alderatuta, gazteen kezka-maila helduok dugun kezka-mailaren antzekoa da, % 2 ingurukoa, hain zuzen ere.
Hedabideetan ikerlan honen berri eman denean, nagusiki, ETAk burutu dituen zenbait atentatu edo ekintzen inguruan gazteek duten ezjakintasuna azpimarratu da. Adibidez, Hipercorreko atentatua edo Miguel Ángel Blancorena. Normaltzat jo daiteke ezjakintasun hori?
Guk nahiago izan dugu irakurketa positibo bat egitea. Miguel Ángel Blancoren kasuan, inkestatu ditugun gazteen ia erdiak ez daki nor zen; baina, horrek esan nahi du, aldi berean, erdia baino gehiagok badakiela. Kontuan hartu behar da Miguel Ángel Blanco 1997 hil zutela eta ikerketa honetan parte hartu duten askok oraindik ez zirela jaio. Datuak, beraz, testuinguru batean ulertu behar dira. Egiten diren irakurketak apaltasunez egin beharko lirateke; ba al dugu gu jaio aurretik izandako gauza gehienen berri? Aurreko belaunaldiko gazteek, adibidez, ba al dakite estatutua noiz onartu zen edo zein urtetan izan zen 23F estatu kolpe saiakera? Eta Burgoseko prozesua? Hipercorreko atentatuaren kasuan, askoz lehenago izan zen eta, ondorioz, ezagutza-maila baxuagoa izatea normaltzat jo daiteke.
Azaldu dituzun arrazoiak direla eta, ulergarritzat jo daiteke gazteen ezjakintasun hori. Hala ere, ikerlanak zenbait datu bitxi ere utzi ditu. Adibidez, oso kopuru txikitan bada ere, zenbait gaztek GAL frankismoaren aurka borrokatu zuen talde bat zela adierazi du. Ezjakintasun horri, beraz, informazio ez-zuzena ere gehitu beharko genioke. Nondik jaso dute informazio hori?
Inkestan ikusi ahal izan dugunez, hainbat kasutan ezjakintasunarekin batera nahasmendua ere azaltzen da. Aipatu duzun adibide horretan, adibidez, garbi ikusten da jasotako informazioa ez dela zuzena edo, behintzat, nahasmendu-puntu bat dagoela. Zergatik ematen da hori? Bada, inkestan bertan erantzuna aurki dezakegu. Izan ere, gazteen % 60,5ek adierazten du ez dagoela gustura gai horren inguruan jaso duen informazioarekin. Iturriak, nagusiki, hiru izan dira: hedabideak, familia eta sare sozialak. Hezkuntzari dagokionez, ikasle batzuk pozik azaldu dira jasotako informazioarekin eta beste batzuk, berriz, ez. Kontuan izan behar da orain dela gutxi arte, eta seguruenik, oraindik ere, gai hori oso gatazkatsua izan dela eta, ondorioz, informazioa ezohiko bideetatik iritsi zaiela eta, kasu gehienetan, iragazki batetik pasatu ondoren.
Aipatu dituzun hasierako hiru helburuetatik azkena gazteok egiten duten balorazio etikoarena da. Zein nolako emaitza lortu dituzue atal horretan?
Bada, daturik itxaropentsuenak atal horretan lortu direla uste dut. Oro har, gazteak ez dira ados azaldu egin diren edota egin daitezkeen giza eskubideen urraketekin. Inkestan parte hartu dutenen % 91 ETAren indarkeriaren kontra azaldu da. GALen inguruan, adibidez, terrorismoari aurre egiteko edozerk balio ez duela adierazten dute. Horregatik, azpimarratu behar da giza eskubideen diskurtsoa barneratuta dutela.
Deigarri egiten den beste datu bat torturen inguruan azaldutakoa da. Izan ere, gazte gehienen ustez poliziak maiz erabili izan du tortura. Zer nolako balorazioa egiten duzue?
Tortura giza eskubideen urraketa nagusietako bat da. Gazteek oso barneratuta dute, orokorrean, poliziak tortura erabili izan duela. Datuek azaltzen dutena ez da tortura horien ziurtasun osoa duten ala ez; ostera, haien diskurtso edo ustearen barruan ideia hori oso barneratuta dago. Tortura maiz erabili izan denaren ideia oso zabalduta dago gazteen artean (% 72 inguru) eta, beraz, ez da soilik ideologia zehatz bateko gazteek, adibidez, ezker abertzalekoek, pentsa dezaketen zerbait.
Bakea eta bizikidetzaren arloan bi lirateke, gaur egun, gure artean eztabaidatzen ari diren gai nagusiak: biktimak eta presoak. Nola jorratu dituzue bi gai horiek?
Biktimena bai jorratu izan da, azken finean, giza eskubideen urraketen biktima direlako. Presoen inguruan ez da galdetu. Izan ere, presoen gaia ez da giza eskubideen urraketa bat. Eztabaida hori kalean dago baina, berez, zuzenbidearen ikuspegitik ez da urraketa bat.
Biktimak direla eta, memoria-politiken eta euren eskubideen inguruan galdetu zaie eta, gehiengoa egia, justizia eta ordainaren alde azaldu da.
Ikerketak, azaldu duzun moduan, argazki bat eman du. Hemendik aurrera zer da egin beharrekoa?
Ikerketaren amaieran gomendio batzuk egiten dira. Horietatik, lehenengoa gazteek gaiaren inguruan duten ezagutzan sakondu beharra litzateke. Hutsuneak eta nahasmenduak azaltzen dira eta horiek zuzentzeko zerbait egin beharko litzateke. Gainera, lehen aipatu dudan moduan, gazteak ez daude pozik jaso duten informazioarekin. Ikerketan gai horiek unibertsitatean jorratu behar diren ala ez galdetu zaie eta gehiengoak baiezkoa erantzun du, agian ez derrigorrezko ikasgai moduan, baina bai borondatezko ikasgai bezala. Azken finean, ezagutzak baldintza hobeak ematen ditu jazotakoa ez errepikatzeko.