Balea Urdina. Benetako mehatxu baten inguruan ari gara edo, soilik, amen-omen baten aurrean al gaude?
Gai honekin izan genuen lehen harreman zuzena ama batek egin zigun telefono dei bat izan zen. Bere ustez, bere alaba ‘joko’ horretan sartuta zegoen. Alabak hainbat seinale zituen besoetan eta adiskideekin gero eta denbora gutxiago ematen zuen, baina azken hori nahikoa ohikoa da nerabeen artean. Alabarekin izan genuen lehen elkarrizketan neskak jokoaren barruan zegoela baieztatu zigun. Psikologiaren ikuspuntutik guk ezin dugu baieztatu hori egia ala gezurra den, baina, gero eta gehiago dira gai horren inguruan kezkatuta deitzen diguten gurasoak.
Azken hilabeteetan Balea Urdina jokoan ari diren zenbait nerabeen testigantza zuzenak jaso ditugu eta, beraz, nik ez nuke amen-omen baten aurrean gaudela esango.
Zertan datza jokoa?
Guk jakin izan ahal dugunaren arabera, bai Internet bidez bai nerabeek eman dizkiguten zuzeneko testigantzen bidez, jokoa oso modu errazean hasten da. Gazteek gonbidapen bat jasotzen dute, normalean, Whatsapp edo sare sozialen bidez eta erronka moduan aurkezten zaie. Jokoa, jakina den moduan, hainbat probetan banatzen da, 50 proba hain zuzen ere, eta lagun bakoitzak probak zuzen bete diren ala ez egiaztatzen duen administratzaile bat du.
Zer nolako probak dira? Guztiak kaltegarriak al dira?
Ez. Berez, izan badira bale urdin bat marraztea bezalako proba oso sinpleak. Beste hainbat erritmo zirkadianoak apurtzera bideratuta daude: gau osoa esnatuta egotea, gaueko ordu txikitan beldurrezko filmak ikustea… Erritmo horiek apurtzen direnean gorputza nahaspilatu egiten da eta jokoak, sektetan gertatzen den modu berean, eguneroko errutinaren ardatz bilakatzen da. Izan badira proba zailagoak eta, zenbait kasutan, lesioak ere sortzera behartzen dituztenak. Azken kasu horretan jolaskideek seinaleak egin behar dituzte besoetan, soilik jokoaren barruan dauden kideekin hitz egitera behartzen zaie eta, azken proban, bere buruaz beste egin beharko lukete.
Zer nolako profila dute joko horretan hasten duten nerabeek?
Oro har, 12 eta 15 urte bitarteko nerabeak dira. Guk bi multzo nagusi bereizten ditugu.
Alde batetik, nolabaiteko depresio-maila duten gazteak ditugu. Hori, neurri batean, normala da, nerabetasunean familia-gunetik urrundu eta kanpoan sare sozial edo kanpo-harreman berriak bilatzeko prozesua abiarazten delako. Aldaketa hori oso garrantzitsua da eta, hainbat kasutan, nerabeek aintzatespena lortzeko edo garrantzitsu sentitzeko beharra azaltzen dute. Balea Urdina bezalako jokoek behar hori erantzuten diote eta horregatik dira hain arrakastatsu. Ez dugu ahaztu behar Balea Urdina ez dela horrelako ezaugarriak dituen lehen jokoa; hor ditugu, besteak beste, Kanelaren Erronka edo neskentzat espresuki sortutako Folioaren Erronka.
Bestalde, bada joko horietan jakin-minez soilik sartzen diren nerabeen multzo handi bat. Bigarren talde hori, printzipioz, gazte ‘normalez’ osatuta dago. Arazoa da ez direla arriskuaz ohartzen beranduegi den arte.
Zergatik dira hain arrakastatsu joko horiek nerabeen artean?
Bada, neurozientziak oso ondo azaltzen du. Gure garuna hiru eremutan banatzen da. Alde batetik, garun primarioa dugu, jarrera konpultsiboetara eramaten gaituena. Bigarrenik, garun linbikoa dugu, non zirrarak kudeatzen diren: tristura, oldarkortasuna… Eta, azkenik, neokortexa edo garun modernoa dugu, planifikatzeko aukera ematen diguna, hain zuzen ere. Nerabetasunean, azken garun hori oraindik garatzen ari da eta ohikoagoa da garun primarioarekin erlazionatutako jarrerak ikustea. Horregatik, nerabeak garenean heldutasunean egiteko gai ez garen gauzak egiten ditugu. Arazoa da nerabeak helduak izatea nahi dugula, eta nerabeak ez dira pertsona helduak. Gazteak pentsatzeko, planifikatzeko edo heldu izateko gai izatea nahi du, baina euren garuna oraindik ez dago horretarako prest. Ahalmena dute baina ez gaitasuna.
Ba al da nerabe bat arrisku-egoerako talde horietako batean den ala ez aurreikusteko modurik?
Hiru maila bereizi beharko lirateke: biologikoa, psikologikoa eta familiarra edo soziala. Printzipioz, nerabetasuna berez garai edo sasoi arriskutsua da; baina ez gaitu kezkatu behar: normala da eta horrela izan behar du. Badira, bere izaeragatik edo, sentiberagoak diren gazteak. Gazte barnerakoiak dira, isilak eta harreman sozialetarako zailtasun handiagoak dituztenak. Nerabetasuna etapa sozial bat da eta sozializazio prozesuan arazoak dituzten gazteen kasuan arriskua biderkatu egiten da. Kasu horietan, garrantzitsuena arazoak eragiten dituzten faktoreak behatzea da. Adibidez, gaitzespen soziala, norberaren gorputzarekin gustura ez egotea… horrelako faktoreek hain sozialak ez diren jarrerak izatera bultzatzen dute, ez sozializatzera. Eta hor da gurasoen arreta beharrezkoa egiten denean. Izan ere, hiper-komunikazio bat sortzen ari da, baina bakartasunean. Harremanak, nagusiki, birtualak dira eta horrek guztiak lan mental handia eskatzen du. Nerabea bere buruan ixten da eta horrek depresioak eta antzeko gaitzak emateko aukera ematen du.
Hedabideen bidez jakin ahal izan dugunez, gero eta gehiago dira depresioak jota medikuengana jotzen duten gazteak. Aipatu dituzun ohitura edo jarrera sozial berri horien ondorioz sortu den joera baten aurrean al gaude?
Nerabe guztiek familia-nukleotik ateratzeko eta nukleo sozial berri batean sartzeko erronka indibiduala gainditu behar dute. Maila sozialean arazo bat sortzen da: nerabeei ematen diegun heziketa dela eta horiek edozer egiteko gai direla uste dute, baina gizarteak ez die erantzuna ematen. Nerabeei baliabide ugari eskaintzen dizkiegu baina, ondoren, helduok ez dugu horiek guztiak bideratzeko gaitasunik. Azkenean, nagusitzen diren mezuak dira: “izan zaitez onena”, “izan zaitez lehena” edo “bizirik iraun”. Eta, berez, nagusitu beharko lukeen mezua honakoa izan beharko luke: “itxaron, horretarako garaia iritsiko da”. Nerabeak edozer egiteko gai dela uste du eta, bat-batean, hori ez dela horrela ikusten du. Horregatik, normala da autoikaskuntza bilakatu behar zukeen tristura hori azkenean depresioan edo amorruan amaitzea.
Eta nola kudeatzen da hori guztia?
Gurasoen ardura da. Pertsonalki gurasook eta gizarteak nerabeei ez diegula behar bezalako arreta eskaintzen uste dut. Nire egunerokotasunean nerabe diren guraso askorekin egiten dut topo. Gurasoek ez dute euren seme-alaben lagunak izan behar; euren gidari baizik. Guraso izateak ardura bat suposatzen du eta, sarritan, gurasooi hori ahazten zaigu. Ondo dago gure seme-alabetatik gertu izatea, baina ez dugu beraien ondoan geratu behar; distantzia bat utzi behar dugu. Nerabeek mugen beharra dute; ‘ez’ esan behar zaie bere izaera gara dezaten. Nerabe bati mugak jartzen zaizkionean, sor daitekeen frustrazio horretan, tristura garatzen da. Baina mugarik ez dagoenean, nerabeak edozer egin edo lor dezakeela uste du.
Gazteak ‘orain eta hemen’ dinamika batean bizi al dira?
Gazte asko gauzak inolako esfortzurik egin gabe lortzera ohitu dira. Gurasoen eta gizartearen lana galga egitea da. Gazte batentzat oso kaltegarria da bere gidari edo aitzindari izan behar diren pertsona horiek (gurasoak) baino indartsuagoa dela ohartzea. Egokiena gazteak lagunduta sentitzea litzateke, ulertuta sentitzea. Gurasoek euren seme-alabekin hitz egin behar dute, haien arazo, kezka, gustu eta abarrekoen inguruan, baina ez kontrolatzeko, ulertzeko baizik. Eta gazteek hori ulertzen badute, depresioa izateko arriskua nabarmen murrizten da.