Musikaria izan nahi zenuen baina literaturan murgildurik amaitu duzu. Nolatan?
Bideak eraman nau horrantz. Gazte garaian, nire literaturarekiko harremana batik bat irakurmena gisa izan zen. Poesia munduan, pixkanaka sartuz joan nintzen kanten letren bidez eta nire lehenengo ahaleginak kantei letrak jarriz izan zen. Hortik murgildu nintzen literaturan. Musikari dagokionez, nolabait garai zailak ziren, Frankoren diktaduraren azkeneko urteak alegia, eta giro gaiztoa zen musika banda batean aritzeko.
Zein bilakaera izan du zure obra literarioak?
Poesia sozial sinbolistaren giroan, Gabriel Aresti, Xabier Lete eta abarreko giroan hasi nintzen eta ondoren niretzako berebiziko deskubrimendua izan zen Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Koldo Izagirre eta abarrek lanak argitaratzen hasi zirenean. Hor izan nuen nire aldaketa sakona, poesian. Narratibaren kasuan, nahiko berandu sartu izan naiz, baina nire lehenengo aldaketa euskal literatura tradizionaletik nik bizi izan nuen Ramón Saizarbitoriarekin, Jon Miranderekin, Anjel Lertxundirekin…
Era berean, Hego Amerikako olerkigintzak zure lanean eragina izan duela aipatu izan duzu.
Bai, nire istorio pertsonala izan da. Hego Amerikarekin bi motatako harreman izan nituen literaturari dagokionez. Batetik, literaturan murgiltzen hasi nintzen garaian, Hego Amerikan askatasun mugimenduak indar handia zuen eta garai hartan kantautore potenteak ezagutu nituen, esaterako Victor Jara edo Atahualpa Yupanqui. Azken horrek ama euskalduna zuen eta hark kantatzen zuen poesia izugarri iristen zitzaidan. Bestalde, bai ikasketak eta irakurketak eginez, Neruda topatzea izan zen niretzako gaur egun Shakespeare bat topatzea izango litzatekeena bezala. Garai hartan nire barruak behar zuena Nerudak hein handi batean eskaini zidan. Beste autore batzuk ere topatu nituen, adibidez, Octavio Paz eta Nicolás Gillén, baina lehenengo zirrara potentea, Nerudarekin hartu nuen. Ondoren nire bizitzaren bigarren pauso gisa Alfonsina Storni eta Alejandra Pizarnik etorri dira nire azken poema liburuetan eragin handia izan dutenak. Beste batzuen artean, noski. Askoren artean gutxi batzuk aipatzeagatik. Baina aipatutako oinarrizkoak izan dira.
Batez ere haur eta gazteentzako lanak egin dituzu. Zergatik publiko honetan indarra ezartzen duzu?
Niretzako nahiko naturala izan zen. Helduen literatura landuz hasi nintzen agian gaztaroan ez nuelako haurrentzako literatur gehiegi irakurri, baina maisu lanetan hasi nintzenetik pixkanaka haurrei literatura hurbiltzeko, haur literaturako obrekin harremanetan izan nintzen eta bai prosazko zein poesiazko zenbait libururekin topo egin nuen nigan eragina izan zutenak. Haurrekin batera edan dudan generoa da. Helduen literatura baino beranduago garatu dut baina gero gehiago sustraitu zaidana izan da.
Beraz, haur eta gazteak ezagutzea gakoa izan da haientzat idazteko?
Gakoa besteentzako agian ez, niretzako izan da. Literaturan bideak kontaezinak dira. Nire kasuan haur eta gazteekin lan egiteak eragin handia izan du haur eta gazteen literaturara hurbildu naizelako. Eta ez bakarrik hori, nire pertsonaiak irudikatzeko ere lagungarri izan da.
Zer eduki behar du olerki batek edo istorio batek haurrak eta gazteak erakartzeko?
Ez dago formularik. Batzuetan gutxien uste duzun elementu batek sortzen du irakurlearenganako magia eta besteetan, dena kontrolaturik duzula uste duzu eta agian ez du funtzionatzen. Barrendik ateratzen zaizun zerbait da, momentu bateko adierazpena. Irakurlearen behar anemiko batekin uztartzen bada magia gertatzen da. Ondo idaztea garrantzitsua da baina ondo idazteagatik batzuetan ez da lortzen arrakasta hori. Genero hau kontrolaezina da.
Eskoletan olerkigintza gehiago landu beharko litzatekeela uste duzu?
Bai dudarik gabe. Landu edo behintzat presentzia eman behar zaio haurrek era naturalean hartzeko. Izan ere, hori egiten denean, haurrek era naturalean hartzen dute poesia, eta ez dut nik bakarrik frogatu, beste irakasle dezenterekin izan dut harremana. Gainera, irakurtzen hasten diren haurrek, testu laburrak eskertzen dituzte. Testu hauek aukera ikaragarriak ematen dituzte jolasteko eta bere sentimenduak proiektatzeko.
Zer aldaketa nabarmenduko zenituzke antzinako eta gaur egungo gazteen artean?
Niretzako aldaketarik bortitzena naturarekiko harremana da, gaur egun asko zaildu dena. Gure gaztaroan, egunero lurrarekin, urarekin, belarrarekin… harremana genuen eta gaur egun ia kontaktu hori planifikaturik egin behar da. Adibidez, gurasoek mendira eraman behar dituzte haurrak. Naturarekin kontaktu hori galdu da batez ere hirietan. Pertsonek kontaktu hori behar dute eta hori kontuan hartu behar da bai eskolan, bai familian. Naturarekiko harreman hori bultzatu behar da. Eta gainera, nire ustez horrek badu hizkuntzarekin lotura zuzena eta hizkuntzaren garapenarekin.
Hizkuntza aipatzen duzula, ona al da euskal literaturaren osasuna?
Momentu honetan iruditzen zait euskal literatura munduan zehar konplexurik gabe ibili daitekeela. Badakigu arrakasta gutxi batzuentzako dela eta zorte kontua ere badela, baina euskal literatura oro har eta haur eta gazte literatura ere, nazioarteko foroetan, besteen paretsu ibiltzen da. Horregatik konplexu galtze bat izan dezakegu. Txikia izanik, zaila da konplexurik ez izatea baina gaur egungo poesia eta prosa kalitatekoak dira. Eta hori da XX. mendean egin den lan guztiaren ondorioz.
Unibertsitatean lanean aritzea literaturarekin uztartzea ez da erraza izango…
Unibertsitatean egiten dudan lana literaturarekin oso lotua dago, testuekin egiten dudalako lan. Niretzat beste motatako testuak dira, batzuetan testu zientifikoak, edo jakintza arlo askotakoak dira. Alabaina, ondo etortzen zait testu mota desberdinak ukitzea aberasgarria delako.
Obraren batean ari zara oraingoan?
Lan bat bukatu berri dut inprentan dagoena eta laster aurkeztuko dena. Gaztetxoentzako nobela labur bat da ‘misterioa argitu arte’ tituluduna eta bertan gazte talde baten abenturak kontatzen dira.