Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Euskaltzaindiak bi urtean behin antolatzen dituzte Koldo Mitxelena Sariak euskaraz idatzi diren tesi onenak saritzeko. Aipatu sarien xedea da euskaraz egiten den ikerketa sustatzea eta bultzatzea. Aurtengoa zortzigarren edizioa izan da eta bertan parte hartu ahal izan dute 2020ko irailetik 2022ko uztailera bitartean UPV/EHUn euskaraz idatzi eta aldeztutako doktorego-tesiak. Guztira 44 tesi aurkeztu dira lehiaketara; 13 zientzia arlokoak ziren, 4 ingeniaritza eta arkitektura arlokoak, 12 osasun zientzien arlokoak, 7 gizarte eta lege zientzien arlokoak eta 8 artearen eta giza zientzien arlokoak.
Euskaraz egiten diren tesien kopuruak nabarmen egin du gora azken urteetan. 2020-22 biurtekoan, guztira, 86 tesi aurkeztu dira eta horietatik 38 nazioartekoak izan dira. 2020/21 ikasturtean 25 izan ziren euskaraz idatzi eta aldeztutako doktorego-tesiak eta 2021/22 ikasturtean, berriz, 61.
Euskaraz idatzitako doktore-tesien % 90 baino gehiago EHUn egin dira.
2020-22 aldiko euskarazko tesirik onenak
Hauek izan dira Koldo Mitxelena sarien VIII. edizioan sarituak izan diren lanak eta egileak.
- Zientzien arloan: Iñigo Arrazola Maiztegui. Tesiaren izenburua: “Argi-Materia Elkarrekintzen Diseinua Teknologia Kuantikoetarako”.
- Ingeniaritza eta arkitekturaren arloa: Eneko Iradier Gil. Tesiaren izenburua: “Potentzia Domeinuko NOMA 5G Sareetarako eta Haratago”.
- Osasun zientzien arloa: Manu Araolaza Lasa. Tesiaren izenburua: “Morfinak dna-ren metilazioan duen eragin epigenetikoaren azterketa, bigarren belaunaldiko sekuentziazio teknikak erabiliz”.
- Gizarte eta lege zientzien arloa: Maitane Basasoro Ziganda. Tesiaren izenburua: “Ikasleen parte-hartzea eskola demokratikoak eraikitzeko giltzarri. Irakasleen begirada berritu batetik abiatutako Antzuola Herri Eskolako hezkuntza proiektua”.
- Artearen eta giza zientzien arloa: Beñat Garaio Mendizabal. Tesiaren izenburua: “Euskara eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztergai: D ereduko Gasteizko bi eskolaren indarguneak identifikatzen”.