Lan (perfektuaren) bila

Urriko datuei erreparatuta, badirudi oraindik ez dela krisi ekonomikoa amaitu. Izan ere, estatu mailan, 4.017.763 dira langabezian diren biztanleak eta Euskadin, berriz, 130.549. Krisi ekonomikoak biztanleriarengan eragina izaten jarraitzen du eta, are eta gehiago, gazteengan.

Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa hazi da 2007 urtetik hona. Behatokia Eustatek egindako estatistikez baliatu da eta, datu horien arabera, 2007 eta 2009 bitartean, langabezia-tasa % 8,2tik % 15,5era igo da.

Langabezia-tasaren bikoizketa horrek gazteen kezka nagusienak zergatik etxebizitza eta langabeziarekin uztarturik dauden azal dezake. Eusko Jaurlaritzak lau urtean behin, ‘Euskadiko Gazteak’ txostena argitaratzen du eta 2008ko txostenean 15 eta 29 urte bitarteko gazteen kezka nagusiak etxebizitza (% 67) eta lana (% 62) dira.

Euskadiko Gazteak 2008 txostena

Txosten horrek euskal gaztearekin eta lanarekin harremana duten 2008ko datuak ere aurkezten ditu. Lehenik eta behin, txostenean agertzen dira lanean eta ikasten dauden gazteen kopurua. Bertan jasotako datuen arabera, bakarrik ikasten dauden gazteak % 39 dira; ikasten eta lanean daudenak % 10; eta, azkenik, lanean daudenak % 41.

Adin-taldeka banaketak eginez gero, 15 eta 19 urte bitartekoen artean, gazteen % 87 ikasten dago, % 6 lanean eta ikasten eta % 5 lanean; 20 eta 24 urte bitartekoen artean, berriz, % 33 ikasten dago; % 16 lanean eta ikasten; eta, % 41 lanean. Azkenik, eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean ikasten % 6 dago, lanean eta ikasten % 7 eta lanean % 71.

Lan-baldintzak

Lana izatea gazteen kezka nagusia da baina, era berean, lan-baldintzei ere garrantzi handia ematen diote. Langabezia ezezik, lan-ez egonkorra ere arazo nabarmena da. Testuinguru horretan, gazteei ‘nolako lan-baldintzak dituzu edo zenituen’ galdetuz gero, 2008an kontratu mugagabea zutenek % 23 ziren; aldi baterako kontratua zutenek % 36; autonomoak % 5; eta kontraturik gabekoak % 6 ziren.

Sexuari dagokionez, emakumeen % 30k kontratu mugagabea zuten; % 51k aldi baterako kontratua; % 5 autonomo ziren eta % 12 kontraturik gabe zeuden. Mutilen kasuan, % 35k kontratu mugagabea zuten, %50 aldi baterako kontratua, % 8 autonomo zen eta % 6 kontraturik gabe zegoen.

Egonkortasunaren ildoa jarraituz, euskal gazteek batez beste 3,4 enplegu izan dituzte egun duten lana eta aurrekoak kontuan hartuta. Kontratuaren iraupenari dagokionez, lanean ari diren edo lan egin duten gazteen % 35k inoiz ez du urtebete baino gehiago igaro ordaindurik izandako lanpostu batean. Aitzitik, duela 50 urte, enpresa batean sartzean, bertan gera zinateke bizitza osoan.
Hala eta guztiz ere, gaur egun, ezegonkortasuna ematen da gazteak zenbaitetan ikus dezaketelako profesionalki hobeto egon daitezkela lanpostuz aldatuz gero eta beste batzuek aldi baterako lanak bilatzen dituzte oraindik ikasketekin baitaude.

Lana izatea gazteen kezka nagusia da baina, era berean, lan-baldintzei ere garrantzi handia ematen diote.

Lan esperientzia dutenen artean, ordaindutako lanpostu batean urte bat baino gehiago izan direnen portzentaia %38 izan da eta bi lanpostuetan izan direnak % 15. 6 hilabetez lanean egon direnei erreparatuz, ez dira 6 hilabetetara heldu % 48k, behin leku berean 6 hilabeteetan % 28 izan dira eta bitan edo gehiagotan % 24. 6 hilabete baino gutxiago lanean aritu dira soilik leku batean % 29k, birritan % 14k eta hiru edo gehiagotan 18k.

Lan ezaugarriak

Txostenak ere jasotzen du gazteen oraingo edo bere azkeneko lanpostuan zer nolako ezaugarriak egokitzen dieten. Horrela, oro har, honako ezaugarriak dituzte beren lanak: interesgarria, errepikakorra, kualifikatua, egonkorra eta arrisku txikikoa.

Laburbilduz, gizonezkoak emakumezkoak baino neurri handiagoan lan egonkorra eta ongi ordaindua dutela aipatzen dute. Adinari dagokionez, honek gora egin ahala, lana interesgarriagoa, kualifikatuagoa eta egonkorragoa dela erakusten dute gazteek. Gainera, Lanbide Heziketa edo goi-mailako ikasketak egin dituztenek ere honako ezaugarriak ematen dizkiote beren lanbideei. Eta batez ere Lanbide Heziketako gazteak dira lan egonkorrak dituztenak diotenak.

Gazteek ‘nolakoa da zure gaur egungo lana honako alderdiei dagokionez: interesgarria, errepikakorra, kualifikatua, egonkorra, etorkizunduna, ongi ordaindua, estresagarria, zure prestakuntzari lotuta eta arriskutsua’ galderari erantzun izan behar zioten.

Gazteen % 48k bere lana interesagarria dela dio, % 45ek errepikakorra, % 42ek kualifikatua, % 41ek egonkorra, % 37ek etorkizunduna, %b 33ek ongi ordaindua, % 31k estresagarria, % 29k prestakuntzari lotutakoa, eta % 15ek arriskutsua.

Zein den gazteak lanarekiko duten satisfazioa ere aztertu izan da txostenan eta ‘bila zenbiltzan lana daukazu’ eta ‘ahal bazenu lanez aldatuko zinateke’ baieztapenak pareko portzentaiak aurkezten dituzte, %45 eta %48 portzentaiekin, hurrenez hurren.

Adinean gora egin ahala, satisfazioak ere gora egiten du eta hiru urte baino gehiago enpresa batean daramatenek dira hoberen sentitzen direnak euren lanpostuan. Kontrato motak ere eragina du satisfakzioan. Izan ere, aldi baterako kontratua dutenek dira lanez aldatu nahi direnak (% 57) kontratu mugagabea dutenen aldean (% 41). Halaber, kontraturik barik daudenek aldatzeko desio handia dute. Hain zuzen % 65k aldatu nahi dute lanpostuz.

Halaber, gazteei lan inguruan bere aburua emateko tokia utzi zaie eta ea nolakoa izango litzateke bere lan perfektua itaundu zaie. Gehien nabarmentzen duten ezaugarria soldata da (% 59k aipatua). Alabaina, desberdintasunak agertzen dira ikasketa maila, sexua eta adinaren arabera. Gizon gehiagok lansariari garrantzia ematen diote emakumeak baino. Lehen mailako ikasketak egin dituztenek, gazteenek eta bere burua klase sozial baxukotzat dutenek ere garrantzia ematen diote diru kontuari.

Jarraitzen dioten ezaugarriak lan egonkortasuna eta laneko giro ona dira eta bi kasutan gazteen %42k erantzun du. Lehenengo ezaugarria aipatzen dute langabezian daudenek, klase sozial baxukoek eta 19 urte baino gehiago dituztenek eta bigarrena berriz, Lanbide Heziketako edo goi-mailako ikasketak dituztenek.

Hortik aurrera, gazteek aintzat hartzen dituzten beste ezaugarriak ordutegi eta egutegi ona izatea, ibilbide profesional emankorra garatzeko aukera, nork bere ideiak garatu ahal izateko autonomia, lanpostua etxetik hurbil egotea, eta egin beharrekoa zehatz-mehatz adieraztea dira, besteak beste.

Klase altu eta ertaineko gazteak dira laneko ordutegi eta egutegi ona izateari garrantzi handiena ematen diotenak eta goi-mailako ikasketak dituztenak gehiago aipatzen dute ibilbide profesionala garatu ahal izatearen garrantzia.

Lan perfektua erdiestea zaila izan arren, ea Gazteria Legeak eta III. Gazte Planak euskal gazteen egoera hobetzeko gai diren. Natxo Rodríguez, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendariak argi dauka “egonkortasuna eta kalitatea bermatzen duten enplegu alorreko neurriak eratu” behar direla eta “gazteak familia-etxea lehenago uzteko etxebizita politikak eratu” behar direla.