Munduko marabillak (Marabilli Sormen Festibala)

Aitzol Aramaio zine zuzendari ondarrutarra ekarri nahiko nuke gogora oraingo honetan. Urte t´erdi da bere ibilbide artistikoa eten egin zela bihotzeko batek gure ondotik eraman zuenean 40 urte zituela. Hiru urte lehenago “Un poco de chocolate” filma estreinatu zuen Malagako Film Festibalean, bere film luze bakarra, Unai Elorriagaren “Sprako tranbia” nobelan oinarrituta, Héctor Alterio, Daniel Brül eta Bárbara Goenagak antzeztutako film marabillosoa.

Marabilla hitza aipatu eta segituan datorkit burura munduan badirela izen horrekin ezagutzen ditugun batzuk. Hau irakurri eta bilbotarren batek pentsatuko zuen jada horietako bat botxoan dutela, baina ene errespetu guztiarekin erantzungo diot marabillari buruz ari naizela eta ez Miribillari buruz. Sekula ez dut argi eduki hala ere zenbat eta zein diren Munduko Marabillak izenaz ezagutzen diren horiek. Pentsa nezake sei direla, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa, seiok bakar bat osatzen dutelarik, Euskal Herria alegia. Baina orduan ere izango litzateke nor zazpi direla esango lidakeenik, Nafarroa Garaian eta Beherean banatzen duen muga administratiboari amen eginez. Pentsa nezakela esan berri dut, bihotzez hala sentitzen badut ere, jakin baitadakit gure aberritik harago badagoela mundu gehiago, eta txapela buruan jarrita ibili dela horren bila euskaldun asko.

Munduko marabilla horiek zazpi direla pentsatzen nuen nik ere gaur arte, baina ez nuen argi behin betikoak ote diren edo urteak pasa ahala berriz hautatuak izateko prozesuan sartzen ote diren. Afera honen inguruan aztertzen hasi eta ni neu ere marabillatuta utzi nau zera jakiteak, Munduko Marabillak ez direla zazpi bakarrik, hogeita bat baizik zazpiko hiru multzotan sailkatuta.

Lehenengo multzoan Mundu Zaharreko Zazpi Marabillak biltzen dira. Antzinaro klasikoko zazpi eraikin azpimarragarrienak dira hauek, zeintzuetatik gaur egun bakar batek dirauen zutik, Gizako Piramide Handiak hain zuzen ere. Zerrenda klasiko hau Antzinako Greziako Sidoneko Antipatroren poemetako batean oinarritzen da. Mundu Modernoko Zazpi Marabillak dira bigarren multzoan biltzen direnak, eta niri ezagunenak suertatzen zitzaizkidanak, hau da, Yucataneko Chichén Itzá, Erromako Koliseoa, Rio de Janeiroko Kristo Berreroslea, Txinako Harresi Handia, Cuscoko Machu Picchu, Petra hiria Jordanian eta Agrako Taj Mahala. Hauek nazioarteko lehiaketa batean aukeratuak izan ziren 2007ko uztailaren 7an. Hirugarren multzoan, Munduko Zazpi Marabilla Naturalak biltzen dira. Hauek ere, aurreko multzokoak bezala, nazioarteko lehiaketa batean izan ziren aukeratuak, besteak beste Iguazuko ur-jauziak Hego Amerikan eta Amazonia bera ere, 2011ko azaroak 11ean.
Hilabete batzuk lehenago joan zitzaigun Aitzol Aramaio, 2011ko apirilaren 24ean, eta ordurako bazen bera marabilla naturala nahikoa, “Terminal” metraje laburreko filmarekin hainbat sari lortu baitzuen, Berlineko Festibalekoa tartean. Aitzolen hitzetan bizitza ez da ona ez txarra, bizitzarekiko dugun jarrera da axola duena. Bixitxi marabilli re! zioen berak, eta horregatik sortu dute bere omenez Ondarroan (www.marabilli.re).

Munduko Marabillak zazpi baino askoz ere gehiago direla ikasi dut gaurkoan, are marabillosoagoa dela bizitza honen parte izaten jarraitzea eta bidean pertsona marabillosoak ezagutu ahal izatea. Seguru naiz Ondarroa munduko zortzigarren marabilla izango dela urriaren 11tik 14ra. Txokolate pixka batekin bizitza goxoagoa delako, musu bat Aitzol.

Gotzon Sanchez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.