Argi berdea Nafarroako Euskararen II. Plan Estrategikoari

Hamasei kideren aldeko botoarekin, sei abstentziorekin eta kontrako boto batekin Euskararen Nafar Kontseiluak argi berdea eman dio Euskararen II. Plan Estrategikoa (2020-2027) dokumentuari. Nafarroako Gobernuak aurkeztutako plana 2027. urtera bitartean Nafarroan garatuko den hizkuntza politikaren ibilbide-orria izango da.

Euskararen Nafar Kontseiluaren oniritzia jaso ondoren, Gobernuak hil honetan bertan onartuko du Plana eta, horrela, Euskararen I. Plan Estrategikoarekin (2016-2019) hasitako ibilbideari jarraipena emango zaio. 

Plan estrategiko berriaren ardatzak

Izan ere, plan berriak aurreko planean zehaztutako ardatzak mantentzen dira. Alde batetik, euskara erabiltzeko aukerak zabaldu nahi dira. Horretarako, besteak beste, euskara ikasteko erraztasunak emango dira eta euskaraz eskaintzen diren zerbitzuak ere areagotu nahi dira. Bestalde, euskararen irudi positiboa indartu nahi da. Horretarako sei ardatz definitu dira: euskararen gizarte erabilera, hiztun berriak, zerbitzu publikoak, adostasun soziala, euskara eragile ekonomiko gisa eta hizkuntza esparrua. 

Euskararen II. Plan Estrategikoa gizartearen ekarpenekin egokitu da. Guztira 58 ekarpen jaso dira, baina horietatik guztietatik bakarrik 8 onartu dira.

Guztira proposatu dira sei helburu orokor (ardatz bakoitzeko bat), berariazko 42 helburu eta 206 proiektu, eta 30 adierazle definitu dira, dagokien jarraipena eta ebaluaketa egiteko.

2019-2023 legegintzaldirako Nafarroako Gobernurako Akordio Programatikoak Euskararen II. Plan Estrategikoa prestatzea ez ezik, Euskarabidea organismo autonomoari aski aurrekontu eta baliabide ematea ere jasoa du. Guztira, 2022-2024 aldirako 22,1 milioi euro inguru inbertituko dira.

Nafarrek beren ekarpenak egin ahal izan dizkiote Planaren zirriborroari urria eta azaroa bitartean. Gobernuak azaldu duenez, guztira 58 ekarpen jaso dira, baina horietatik guztietatik bakarrik zortzi onartu dira, osoki edo partzialki. Izan ere, Ana Ollo kontseilariak azaldu duenez, hainbat ekarpenetan euskara Nafarroako hizkuntza izate bera ukatzen zen edo, zuzenean, euskara sustatzeko edozein ekintza positiboren aurka azaltzen ziren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.