Nerabetasunaren, sexismoaren eta publizitatearen inguruan burutu berri duzun ikerketaren ondorioetako bat honako hau da: nerabe asko, bereziki mutilak, ez dira gai publizitatean azaltzen den sexismoa hautemateko. Zer dela eta zailtasun hori?
Ikerketa burutzeko estereotipo eta egoera sexistak azaltzen dituzten zenbait iragarki erabili ditugu. Ikerketan 15 eta 16 urte bitarteko 528 nerabek hartu dute parte eta aipatu iragarki horien inguruko euren iritzia eman behar izan dute, lehenik modu pertsonalean galdetegi baten bidez eta ondoren taldeka eztabaida-saioetan. Ikusi ahal izan duguna da, iragarki bakoitzaren sexismo mailaren arabera, nerabeek sexismoa edo estereotipoak oso modu ezberdinean hautematen dituztela.
Lortu diren emaitzen arabera, gazteak lau taldetan sailkatu ditugu. Lehenengo taldeko ikasleek (% 34) sexismoa arbuiatzen dute. Bigarren taldekoak sexismoa hautemateko gai lirateke, baina iragarkiaren eta sexismo mailaren arabera, alde edo kontra azaltzen ziren. Hirugarren taldeko ikasleek (% 33) sexismoa onartzen dute eta laugarren taldekoek (% 10) sexismoa onartzeaz gain, defendatu ere egiten dute berdintasunaren aurkako iruzkinak eginez etab. Horrelako iritziak, bakarrik bakarka bete behar ziren galdetegi anonimoetan azaldu dira; ez horrela taldekako eztabaida-saioetan, nahiz eta horretarako aukera ere izan.
Publizitate sexistak nerabeengan duen eragina gutxi arakatu izan den ikerketa-lerroa da. Ba al da heldutasunarekin batera publizitatean azaltzen diren eduki sexistak beste modu batera hautematen direla baieztatzeko bestelako ikerketarik?
Tradizionalki, sexismoaren eta publizitatearen inguruan egin diren ikerketa gehienak emakumeek iragarkietan betetzen dituzten rolen ingurukoak izan dira. Gure ikerketa, nolabait, berria da hartzailean eta horren pertzepzioan oinarrizten delako. Ikerketa Hartzearen Teorian oinarritzen da eta ikusentzuleek mezuak nola hautematen dituzten eta horiek zein nolako eragina duten aztertzen du. Ikertzailea naizenez, askoz ere interesgarriagoa iruditzen zait mezu sexistek nerabeengan duten eragina aztertzea jada hainbat aldiz aztertu den emakumearen papera publizitatean aztertzea baino.
Duela zenbait urte, UPV/EHUn bertan, bestelako ikerketa bat burutu zen baina ikasle helduagoekin: unibertsitatean ziren 18 eta 22 urte bitarteko ikasle euskaldunekin, hain zuzen ere. Oker ez banaiz, emaitzak oso antzekoak izan ziren. Zer adierazi nahi du horrek? Bada, kulturizatzen gaituen horrek gure bizitzaren etapa oso goiztiarretan garatzen dela, nagusiki, 12 urte ingururekin. Nerabetasun aurreko etapa horretan kontsumitzen ditugun eduki kultural horiek guztiek oso modu garrantzitsuan baldintzatuko dute gure izaera. Horregatik, mezu sexistak etengabe kontsumitzen direnean egoera horiek normaltzat onartzen dira.
Ikerketaren arabera, iragarkian azaltzen den sexismo mailaren arabera, horren hautematea nabarmen aldatzen da. Zein nolako tresnak dituzte nerabeek sexismo hori hautemateko?
Ikerketa burutzeko diziplina anitzeko metodologia erabili dugu. Galdera mota desberdinen bidez estereotipo sexisten hautemate-gaitasuna, emakumeei ematen zaien tratu apalgarriaren maila hautemateko gaitasuna edo emakumeek publizitatean izaten duten rolen ikuspegia bezalako gaiak zehaztu nahi izan ditugu.
Adibidez, ikerketarako erabili dugun iragarki batean erdi biluzik den etxekoandre bat azaltzen da sukaldean. Nerabe askok ez zuten etxekoandre bat zela hauteman, baina bai objektu sexuala. Gainera, eztabaida taldeetan, nerabe askok lanean ziren emakumeak gutxi zirela eta gehienak etxekoandreak zirela uste zutela azaldu zuten. Izan ere, publizitateak eta kontsumitzen dituzten edukiek ideia hori sustatu dute nahiz eta, errealitatean, eta estatistiken arabera, 18 eta 55 urte bitarteko emakumezkoen % 16 besterik etxekoandre izan.
Publizitatearen esparruan esperientzia handia duzun pertsona zara. Publizitatean eduki sexistak edo matxistak aurkitzea ez da gauza berria. Zer dela eta jarraitzen da horrelako mezuak jorratzen?
Geldotasun nabarmena ageri da bai publizitate sektorean zein hedabideen sektorean. Aipatu sektore horietako eskala hierarkikoa tentuz aztertuko bagenu, benetako ardura duten postuetan oso emakume gutxi daudela ikusiko genuke.
Bestalde, oso sexistak eta berdintasunarekiko oso beligerante diren hainbat sektorerekin egiten dugu topo. Hor dugu, adibidez, jostailuen industria, seguruenik, kasurik agerikoena. Duela zenbait urte Begiran Gabonetako jostailuen kanpainaren inguruko ikerketa bat egin genuen eta emaitzak benetan izugarriak izan ziren.
Arazo horrek ba al du konponbiderik?
Diru asko mugitzen duen sektorea da eta hainbat interes daude bertan. Inozoak izango ginateke arazo hori egun batetik bestera konpon daitekeela pentsatuko bagenu.Ikerketaren amaieran zenbait ekarpen egin ditugu, ahal den neurrian, problematika horietako batzuk zuzentzeko.
Adibidez, legegintza-esparruan garrantzitsua litzateke prozedura judiziala azkartzea salaketa-prozedura aldatuz. Gaur egun, indarrean den legediarekin, iragarle arau-hausleari merke ateratzen zaio publizitate sexista egitea.
Publizitatearen esparruan, berriz, komenigarria litzateke maila exekutiboan emakumeek duten protagonismoa sustatzea: publizitate-agentzietako exekutiboen % 70 inguru gizonezkoak dira. Antzeko kopuruak aurkituko ditugu sormen-sailetan. Gainera, AutoControl erakundea berritu eta hobetu beharko litzateke, zaharkituta dagoelako eta eragilea ez delako. Publizitatea kontrolatu behar duen erakundean agentziak, hedabideak eta iragarleak nagusi direnean ezer gutxi egin daiteke. Egokiena berdinatsunaren alde lan egiten duten erakundeak ordezkatuta egotea izango litzateke. Zentzu horretan, Begiran egin dugun lana azpimarratu nahiko nuke. Lan horri esker, adibidez, publizitate ez-sexistarako dekalogo bat garatu da, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten publizitate-agentzia guztiek onartu dutena, hain zuzen ere.
Azkenik, hezkuntza-esparruan, 12-13 urteko ikasleriari ikusentzunezko mezuak modu egokian dekodifikatzeko gaitasuna garatzeko aukera emango liokeen ikasgairen bat curriculumean sartzea gomendatuko nuke.
Azaldu duzunaren arabera, 15-16 urteko gazteek jada estereotipo batzuk eraikita dituzte. Zein iturritan oinarritu dira eraikuntza hori egiteko?
Azaldu dudan moduan, ikerketa zazpi iragarki grafikotan oinarritu da. Baina, bestalde, eztabaida taldeetan beste zenbait zeharkako gai ere barneratu ditugu. Horrela, gazteen artean gehien eman den eztabaidetako bat emakumeek bideo-jokoetan duten protagonismoaren ingurukoa izan da.
Eztabaida taldeetan asko eztabaidatu den beste gai bat musika eta bideo-klipena izan da. Zentzu horretan, badira musika eta abestien letren bidez emakumeak iraindu eta umiliatu egiten direla ondorioztatzen duten hainbat azterlan. Eta, zoritxarrez, musika mota hori da gaztetxoenen artean arrakasta gehien duena.
Azkenik, nerabeentzako literaturan ere antzeko zerbait gertzatzen dela azpimarratu behar da.
Ikerketaren emaitzen arabera, landa-munduko ikasleek hiriko ikasleek baino sexismo maila baxuagoa azaltzen dute. Zer dela eta ematen da alde hori?
Ikerketan hiru aldagairekin egin dugu lan: sexua, bizileku-esparrua eta jatorria. Alderik nabarmenenak, espero genuen moduan, lehenengo aldagaian eman dira, hots, neska eta mutilen artean. Hala ere, ondo diozun moduan, landa-munduko eta hiriko ikasleen artean alde nabarmenak ere antzeman ditugu, zenbait kasutan, 10 eta 15 puntukoak. Gure hipotesia da landa munduko ikasleriaren kasuan euren egitura sozialean baloreek garrantzia handiagoa dutela. Izan ere, mundu horretan jokorako kanpo espazioa partekatzen dute neskek eta mutilek eta, ondorioz, hortik eratorritako sozializazioan emakumeenganako errespetua handiagoa da. Ostera, hirietan gazteek beste modu batera sozializatzen dute, modu indibidualagoan eta, nagusiki, Internet bidez.