Pozik eta baikor

Nafarroako gazteriaren gehiengoa pozik azaltzen da bere egoera pertsonalarekin eta etorkizunera begira baikor da.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) argitaratu berri duen ‘2022ko Nafarroako Gazteen Inkestaren’ arabera, Nafarroako biztanleria gaztearen % 72,7k uste du bere egoera pertsonala nabarmen hobetu dela azken urteetan.

Oro har, nafar gazteak pozik azaltzen dira bere egoera pertsonalarekin eta hamar puntutik 7,8rekin baloratu dute. Era berean, etorkizunari begira baikor dira eta gazteen % 80,3k bere egoerak hobera egingo duela uste du.

Gazteek gehien aipatzen dituzten kezken artean langabezia eta lan-baldintzak daude. Etxebizitzarako sarbidea da gazteek beren bizitzako kezka nagusien artean gehien aipatzen duten gaietako bat.

Eta ez da harritzekoa. Izan ere, 2022ko lehen seihilekoari dagokion Gazteriaren Kontseiluaren Emantzipazio Behatokiak egindako azken txostenaren arabera, Foru Erkidegoan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen % 13,8 bakarrik bizi dira beren familietatik emantzipatuta.

Formakuntza eta enplegua

Inkestak azaltzen duenez, inkestatutako gazteen % 38k bere formakuntzarekin zuzeneko harremana duten enpleguetan lan egiten du (enplegu-ahokatua). Formakuntza eta enpleguaren arteko harreman handiena duten taldeak honako hauek dira: emakumeak (% 44); goi-mailako ikasketak dituzten gazteak (% 43,8); emantzipatuta bizi diren gazteak (% 42,8) eta Estatuan jaiotakoak (% 48,4). Azpimarratzekoa da unibertsitate-titulua duten emakumeak gizonak baino gehiago direla. Ildo berean, inkestatutako gazteen ustez gazte batek goi-mailako ikasketak izateko aukerak handiagoak dira bere gurasoek ere horrelako ikasketak ikasketak dituztenean.

Gizarte-babes nahikorik ez

Gazte gehienek adierazi dute laguntza pertsonalerako sare bat dutela eta nahi adina joan daitezkeela laguntza eske. Hala ere, uste dute erakunde publikoek kolektibo batzuei ematen dieten babesa ez dela nahikoa, hala nola bakarrik bizi diren adinekoei, pentsiodunei, gazteei, langabetuei edo migratzaileei. Gazteen kasuan, erdiak baino gehiagok (% 51,2) uste du babes gutxi jasotzen duela eta % 4,3k dio ez duela inolako babesik jasotzen. 

Oro har, Nafarroako gazte gehienek ez dute populazio migratzailea baztertzen, baina hamarretik bik atzerritar jatorriko pertsonen presentzia gehiegizkoa dela uste dute. Nafarroako gazte gehienak arrazoi politikoengatik, erlijiosoengatik, arrazazkoengatik eta abarrengatik jazarritako asilo-eskatzaileak hartzearen aldekoak dira, nahiz eta heren batek inguruabar horiek frogatzea eskatuko lukeen.

Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna

Inkestan parte hartu duten gazteen % 49,1ek dio gizon eta emakumeen artean diren desberdintasunak txikiak direla. Hala ere, puntu horretan gizon eta emakume gazteek duten iritzia oso ezberdina da. Horrela, emakume gazteen % 42,1arentzat aldeak oso agerikoak diren bitartean, iritzi bera duten gizon gazteen kopurua % 25,4koa baino ez da. Ikus daitekeen moduan, Nafarroako gizon gazte gehienentzat gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak ez dira oso agerikoak.

Lana eta familia bateragarri egiteari eta erantzunkidetasunari dagokienez, gehiengo handi batek (% 96,9) uste du modu orekatuan partekatu behar direla etxeko lanak eta seme-alaben hazkuntza.

Lana eta familia bateragarri egiteari eta erantzunkidetasunari dagokienez, gehiengo handi batek (% 96,9) uste du modu orekatuan partekatu behar direla etxeko lanak eta seme-alaben hazkuntza. Gai horretan, % 38,1ek uste du, emakumeak lanaldi osoko lana duenean, familiako bizitza ahuldu egiten dela. Ikus daitekeenez, oraindik bada tarte bat esaten eta pentsatzen denaren eta benetan egiten denaren artean.

Gazteen % 82,9k dio seme-alabak dituzten emakumeak soldatan zein promozioan baztertzen dituzten enpresak zigortu behar direla, baina, aldi berean, ez dute uste hizkuntza inklusiboaren erabilera lehentasun bat denik.

Emakumeen aurkako indarkeria

Nafarroako gazte gehienek emakumeen aurkako indarkeria oso larritzat jotzen dute. Indarkeriatzat jotzen dute, besteak beste, erabakiak hartzen ez uztea, mehatxatzea, etxetik irtetea debekatzea, borondatearen aurka sexu-harremanak mantentzera behartzea, mespretxuak egitea edo beste pertsonekin dituzten harremanak kontrolatzea.

Emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan kontzientziazio-maila handiagoa azaltzen duten taldeak gazte emantzipatuak, lanean diren gazteak eta goi-mailako ikasketak dituzten gazteak dira.

Emakumeen laurden batek (% 25) bikotekidearen, bikotekide ohiaren edo ezkongaiaren aldetik indarkeria jasan izan duela adierazi du: bere lagunengandik isolatzea, kontrolatzea, irainak eta umiliazioak… 

Internet bidez jazotzen diren indarkeriei dagokienez gazteek onartzen dute gero eta hedatuagoa dagoen arazo bat dela. Adibidez, inkestatutako gazteen ia heren batek izaera sexualeko argazkien eskaera jaso du Internet bidez edo horrelako irudiak jaso ditu eskatu gabe. Gazteen % 15,4ri, berriz, online sexua egitea eskatu diote.

Iritziak, balioak eta sinesmenak

Gazteek paso egiten dute politikaz. % 42,4k interes gutxi du gai horretan eta % 28k bat ere ez. Politikarekiko interesa handiagoa da goi-mailako ikasketak dituztenen artean eta goi-mailako ikasketak dituzten  gurasoak dituztenen artean.

Erakundeekiko konfiantza baloratzerakoan, gazteek klase politikoari suspentso bat ematen diote. Udalak, Nafarroako Gobernuak eta justizia epaitegiak dira gazteen onespena lortzen duten bakarrak, baina oso nota baxuarekin eta hamarretik sei puntutara iritsi gabe. 

Erlijioaren kasuan, nafar gazteriaren laurden batek bere burua ateotzat jotzen du; beste laurden batek bere burua katoliko ez-elizkoi edo ez-praktikatzailetzat jotzen du eta % 6,3k katoliko praktikatzailea dela dio. Nafarroako gazteen % 11k bestelako erlijioren bat jarraitzen du. Espainiatik kanpo jaio diren gazteen artean % 66,7k bere burua erlijiosotzat jotzen du. Estatuan jaio direnen artean, berriz, kopuru hori erdira jaisten da (% 34,9).

Osasuna

Osasunaren inguruan galdetu zaienean, gazteen % 80k osasun mental zein fisiko ona duela adierazi du. Ongizate emozionalaren kasuan, hamar gaztetik bederatzik normalean umore onez edo pozik sentitu ohi dela aitortu du. Hala ere, gazteen % 16 inguruk psikologiako edo psikiatriako espezialista batengana jo du osasun mentaleko arazoak direla eta.

Nafarroako gazteen % 16 inguruk psikologiako edo psikiatriako espezialista batengana jo du osasun mentaleko arazoak direla eta.

Osasun fisikoari eta osasun-ohiturei dagokienez, erdiek baino gehiagok (% 52,1) adierazi dute astean behin baino gehiagotan egiten dutela ariketa fisikoren bat; laurden batek, berriz, bizitza sedentarioa duela onartzen du. Bestalde, gazteen % 24,8k onartu du azken hilabetean mozkortzeko adina alkohol edan duela eta % 18,6k azken astean egin duela onartzen du. Gazteen % 17k tabakoa egunero erretzen duela dio eta erdiak baino gehiagok fruta eta barazkiak jaten ditu, gutxienez, astean bost egunetan. Kopuru hori nabarmen hazten da landa-eremuan bizi diren gazteen artean eta emakume gazteen artean.

Kultura eta aisia

Musika entzutea, telebista edo plataforma digitaletan telesailak ikustea eta lagunekin elkartzea dira gazteek ia egunero egiten dituzten jarduerak. Astean zehar, batez beste, gazteek aisialdirako 4,2 ordu izaten dituzte eta asteburutan, berriz, 8,4 ordu. Denbora horretan, sarritan pantailak izaten dira protagonista nagusiak: telebista, bideo-jokoak, ordenagailua, telefonoa… Batez beste egunean lau ordu inguru ematen dute pantailaren baten aurrean.

Jarduera kulturalak edo artistikoak ohikoak omen dira gazteen artean, kontuan hartuta gazteen heren batek adierazten duela jarduera horiek egiten dituela. % 16,7k jotzen du musika-tresnaren bat, eta hori da gazteen artean jarduerarik zabalduena. Gastu propioetarako astean izaten duten kopurua, batez beste, 52 euro ingurukoa da.