Datorren hilabeteetan PlayStation ez da Sonyrekin bakarrik erlazionatutako izena izango. Izan ere, Sonyk, jokoen merkatuak sakeleko telefonoetan izan duen garapena ikusirik, Android sistema eragilearekin lan egiteko erabakia hartu du. Sonyko presidentea den Kazuo Hiraik adierazi duenez, “sakeleko telefonoetan eman den eboluzioa ikusita guk PSP plataforman eskaintzen dugun esperientziaren antzekoa lor daiteke”. Horrela, uda ondoren, japoniar erraldoiak Playstation Suite delako online denda martxan jartzea planeatu du. Honen bidez, aurten merkaturatu diren Android tablet eta sakeleko telefonoetako erabiltzaileek hainbat joko deskargatzeko aukera izango dute. Hasiera batean, aipatu Playstation Suiten soilik joko sinpleak eskuratzeko aukera izango da, hots, denbora epe laburretan jokatzen ohi diren joko horiek deskagatzeko aukera.
Erreferentziazko sistema eragilea
Googlek garatutako Android sistema eragileak hazkunde itzela izan du 2010. urtean. Googlen xedea Android sistema eragile arrakastatsuena bilakatzea da, baina adituen esanetan, aurten behintzat, Nokiak garatutako Symbian sistema eragilearen atzetik jarraitu beharko du. Lidergotza lortu ahal izateko, Androidek esfortzu berezia egin nahi du jokuen esparruan. Android Marketen aurki daitezkeen aplikazioen kopurua ikaragarri hazi da, baina oraindik ere, jokoetan nahiko hankamotz dago, batez ere Applek bere iOS plataformarako garatutako jokoekin alderatuta.
Ohiko merkatua
Sonyk Androidekin egin beharreko lanak ez du orain arte egindako lana alde batera utzita. Horrela, urte amaierarako PSP ordezkatuko duen NGP (Next Generation Portable) izeneko bideokontsola eramangarria aurkeztuko du. Gaur egun kalitate handiko sakeleko telefonoek duten OLED teknologian oinarritutako bost hazbeteko pantaila izango du, gaur egun PSP duen erresoluzioaren laukoitzarekin. NGP etengabe konektatuta egongo da 3G teknologiari esker eta gizarte sare propio bati esker beste jokalariekin harremanetan jartzeko aukera izango da. Jokoak argazki kamerek erabiltzen dituzten Flash antzeko txarteletan gordeko dira. Momentuz ez dago NGPren salneurrien berri.