Superbakterioak gero eta hilgarriagoak dira

The Lancet aldizkarian argitaratutako ikerketa batek agerian uzten duenez, sendagaiekiko erresistenteak ziren bakterioek zuzeneko 1,27 milioi heriotza eragin zituzten 2019an

1945. urtean, penizilinaren aurkitzaile Alexander Flemingek, Nobel Saria jaso zuenean arrisku horren berri eman zigun: “gizon ezjakin batek erraz aplika dezake antibiotiko gutxiegi duen dosia, eta mikrobioak medikamentuaren kantitate ez-hilgarri baten eraginpean jartzean erresistenteak egingo ditu”. Flemingek bazekien bakterio batzuk, berez, antibiotikoekiko erresistenteak direla. Eta bakterioak berez erresistenteak izan badaitezke, erresistentzia hori sortzeko gai ere izan daitezkeela ulertu zuen.

Berriki jakin ahal izan denez, antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterio-infekzio arruntek jada HIESa edo malaria bezalako gaixotasunek baino hildako gehiago eragiten dituzte. Urtarrilean ‘The Lancet’ aldizkarian argitaratu den ikerlan baten arabera, 2019. urtean, sendagaiekiko erresistenteak diren bakterioek zuzeneko 1,27 milioi heriotza eragin zituzten. Horiez gain, azterlanaren arabera, zuzeneko kausa izan ez arren, beste 4,95 milioi pertsonen heriotzan eragin dute.

Superbakterioak

Ikerlanaren arabera, antibiotikoekiko erresistente diren bakterioak (superbakterio izenarekin ere ezagunak) hainbat infekzio eragin ditzakete . Horregatik, agintariek “jada diren antibiotikoak optimizatzea” gomendatzen dute. Osasun-agintarien arabera, antibiotikoak arrazoirik gabe errezetatzeari utzi behar zaio, eta, gainera, infekzioak kontrolatu eta jarraipen hobea egin behar da. Hori nahikoa izango ez delakoan, tratamendu eta antibiotiko berriak garatzeko fondo gehiago behar direla ohartarazten dute.

‘The Lancet’ aldizkarian argitaratu den ikerketa alor horretan orain arte egin den ikerketarik handiena da. Ikertzaileek 23 patogenori eta patogenoentzako 88 medikamentu-konbinaziori lotutako heriotzak aztertu zituzten 204 herrialdetan. Washington eta Oxford unibertsitateetako ikertzaileek, zenbait iturritatik lortutako 471 milioi banakako historialetatik abiatuta, eredu estatistiko bat erabili zuten mikrobioen aurkako erresistentziaren (AMR) eragin orokorra kalkulatzeko. Azterlanaren emaitzetan ikus daitekeenez, neumonia bezalako arnas-sistemaren infekzioen AMRak zuzenean 400.000 hildako baino gehiago eragin zituen eta beste 1,5 milioi heriotzetan eragin zuen.

Odol-infekzioen kasuan, bakterioen erresistentziak 370.00 hildako inguru eragin ditu eta beste 1,5 milioi heriotzetan eragin zuen.

Arrisku gehien duten taldeak

Printzipioz adin guztiei eragiten dien arazo baten aurrean gaude, baina haur txikiak dira arrisku gehien dutenak. Izan ere, superbakterioek eragiten dituzten bost hildakoetatik bat bost urtetik beherako haur bat da. Antibiotikoekiko erresistentziak eragindako heriotza gehienak Saharaz hegoaldeko Afrikan eta Asiako hegoaldean erregistratu ziren, 100.000 biztanleko 24 eta 22 hildako, hurrenez hurren.

Fenomeno horri lotutako heriotzei dagokienez, eskualde horietan 100.000 biztanleko 99 eta 77 hildako izan zirela kalkulatzen da. Diru-sarrera handiko herrialdeetan, berriz, kopuru horiek baxuagoak dira: 100.000 biztanleko 13 heriotzaren zuzeneko kausa eta beste 56 heriotzetan eragin zuten.

Infekzio larrietan erabiltzen ohi diren bi antibiotikoekiko erresistentziak (fluorokinolonak eta betalaktamikoak) eragiten ditu, gutxi gorabehera, hildako gehien: % 70 inguru. Patogenoen eragina ezberdina da lurraldearen arabera. Adibidez, Saharaz hegoaldeko Afrikan erresistentzia antimikrobianoari lotutako heriotza gehienak S. pneumoniagatik dira. Herrialde aberatsetan, berriz, batez ere, S. aureus eta E. coli-agatik.