Gure emozioei buruz modu natural eta irekian hitz egiteak indartsuago egiten gaitu, gure sentimenduek gure portaera gehienak baldintzatzen baitituzte. Horregatik, gehiago gelditu behar dugu kezka eta emozioak entzutera; larrialdiko deia botatzen diguten pertsona horiei eta batzuetan ondo entzuten ez ditugunei entzun behar diegu. Baita ondo entzun ere. Osasun mentalerako eskubidea giza osasunerako eskubidearen funtsezko zati bat da, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenak aitortzen duena. Izan ere, osasun mentala osasun fisikoari estuki lotuta dago, eta gure osasun mentala zaintzen ez badugu, ez da posible gizarte osasuntsu bat eraikitzea. Egia da emozio eta sentimenduei buruz hitz egingo duen konplexutasunik gabeko gizarte baterantz urratsak ematen ari garela, baina oraindik bide luzea dago egiteko. Osasun mentala gizarte osoan gainditu gabeko ikasgaia da.
UNICEFen 2021eko Haurren Munduko Egoera txostenak aurkeztutako azken datuen arabera, 10 eta 19 urte bitarteko nerabeen % 13 baino gehiago diagnostikatutako osasun mentaleko arazo batekin bizi da; antsietatea eta depresioa arazo horien % 40 inguru dira; gainerakoek arreta-/hiperaktibitate-gabeziagatiko nahasmendua, jokabide-nahasmendua, adimen-desgaitasuna, nahasmendu bipolarra, elikadura-nahasmenduak, autismoa, eskizofrenia eta nortasun-nahasmenduen multzo bat hartzen dituzte beren baitan. Hala ere, haurrek eta gazteek ondoez emozionala ere adierazten dute, osasun mentaleko arazo-mailara iristen ez dena, baina beren bizitza, osasuna eta etorkizunerako aukerak nahasten dituena, eta horregatik ikusarazi eta landu behar dugu. Geldi egotearen kostua handia da, bizitzetan duen ondorioengatik eta familietan, komunitateetan eta ekonomian duen eraginagatik.
Osasun mentala
UNICEFen kalkuluen arabera, urtero 45.800 nerabe hiltzen dira munduan bere buruaz beste egiteagatik, hau da, nerabe bat baino gehiago 11 minuturo. 15 eta 19 urte bitarteko nerabeen artean suizidioa da heriotza-kausa ohikoena, zirkulazio-istripuek, tuberkulosiak eta pertsonen arteko indarkeriak eragindako lesioen ondoren. COVID-19 pandemiak aurretiaz egon bazegoen arazoa erakutsi eta areagotu baino ez du egin, ondorioak epe erdi eta luzera gure artean utzirik. Eta ez da herrialde txiroetan soilik den arazoa. Osasun mentala zaintzea eta beronen inguruan hitz egitea gure artekoen arazoa ere bada.
Haurren eta nerabeen osasun mentala sustatu, babestu eta zaintzen duten erantzunak lortzeko eskaera orokorra izan arren, inbertsioa hutsala da. Gobernuek osasun mentalean egiten duen batez besteko inbertsioa, mundu osoan, osasuneko batez besteko gastuaren % 2 baino ez da. Herrialde txiroenetako batzuetan, gobernuek dolar bat baino gutxiago gastatzen dute pertsonako osasun mentaleko tratamenduan.
Eta pobreziak eta osasun mentalak bide bikoitzeko lotura dakarte berekin: pobreziak osasun mentaleko arazoak eragin ditzake, eta osasun mentaleko arazoek pobrezia eragin dezakete. Gogora dezagun mundu osoan 5 urtetik beherako haurren ia % 20 muturreko pobrezian bizi dela. Politiken ikuspegiek helburu izan behar dute arriskuak minimizatzea eta hiru eragin-eremutan antola ditzakegun babes-faktoreak maximizatzea: haurraren mundua, etxean eta arreta-inguruneetan zentratua; haurraren inguruko mundua, segurtasuna eta lotura osasungarriak inplikatzen dituena eskolaurreko ikastetxeetan, eskoletan eta komunitateetan; eta mundua, oro har, gizarte-mugatzaileak barne hartzen dituena, hala nola pobrezia eta desberdintasuna.
Eremu estigmatizatua
Osasun fisikoa bezala, osasun mentala ere kontuan hartu behar da: pentsatzeko, sentitzeko, ikasteko, lan egiteko, harreman esanguratsuak ezartzeko eta komunitateei eta munduari ekarpenak egiteko giza gaitasunaren barne dago. Norberaren osasunaren parte da eta komunitate eta nazio osasuntsuak lortzeko oinarria da. Errealitateak eta UNICEFek mahai gainean ipinitako azkenengo datuek panorama ilun eta ezkutatua erakusten dute, osasun mentala oraindik estigmaz betetako eremua dela plazaratuz. Osasun mentalaren inguruan dagoen isiltasuna apurtu behar dugu. Osasun mentalaren inguruan dagoen tabua hautsi behar dugu. Gure barne dagoena kontatu behar dugu. Orduan izango baikara osasuntsuago.