Gero eta gehiago dira euren negozio propioa antolatzera ausartzen diren gazteak, bai espiritu ekintzailea dutelako eta oso gustuko duten zerbaitetan lan egin nahi dutelako, bai euren denborarekin eta diruarekin askatasun gehiago izan nahi dutelako edo, azken batean, lan-merkatuak horretara bultzatzen dituelako.
Hala ere, gazte guztiek ez dute ekintzailetzak suposatzen duenaren inguruko beharrezkoak diren ezagutzak, horrek dituen abantailak eta desabantailak edo zein urrats eman behar diren negozio bat abian jarri ahal izateko.
Garbi izan behar den lehenengo kontua da, negozio ideia on bat duzula alde batera utzita, negozio bat abian jarri ahal izateko denbora, pazientzia, ardura, jarraitutasun, seriotasun eta ordu asko eskaini behar izango dizkiozula; uste duzuna baino askoz gehiago, eta lan gogorra. Thomas Alba Edisonek azaltzen zuenez, “talentua % 1 argitasuna da eta % 99 transpirazioa”.
Dena den, lan hori guztia bueltan lortuko duzun asebetetzearekin konpentsatuko da. Nekez lortuko duzu asebetetze hori beste batentzat lan eginez.
Eman beharreko lehenengo urratsak
Zure enpresa-ideia gauzatu ahal izateko egin behar duzun lehenengo gauza da negozio-plan bat lantzea. Plan horrek enpresa bat abian jartzeak dituen inplikazio guztiak ulertzen, ideia eraldatzen eta proiektua gauzatzen lagunduko zaitu. Modu horretan, zure ideiak garatzeko aukera duen eta zein nolako ahultasunak eta sendotasunak dituen jakin ahal izango duzu. Zure enpresa edonolakoa dela ere, derrigorrez zenbait izapide eta gestio egin beharko dituzu:
- Izaera juridikoa. Lehenik eta behin, zein enpresa mota sortu nahi duzun zehaztu beharko duzu eta, horrekin batera, horren izaera juridikoa: autonomoa, sozietate anonimoa, erantzukizun mugatuko sozietatea, kooperatiba…
- Ziurtagiri negatiboa. Sozietate bat eratzea aukeratzen baduzu eta horren izena zein izango den garbi baduzu, sozietate horren izenaren ziurtagiri negatiboa (CNN) lortu beharko duzu Merkataritza-Erregistro Zentralean. Ziurtagiri horrek aukeratu duzun izen horren esklusibotasuna egiaztatzen du eta, beraz, zure enpresaren izen bera duen beste enpresa bat ez dagoela bermatuko duzu.
- Kapital soziala. Enpresa bat sortzean diru kopuru bat gordailutu beharko duzu banketxeren batean. Kopuru hori sortu berri duzun enpresaren izaera juridikoaren araberakoa izango da. Autonomo izatea erabakitzen baduzu, ez duzu inolako kopururik gordailutu behar izango. Ostera, sozietate anonimo baterako, kopurua ezin da 60.000 euro baino gutxiagokoa izan.
- IFZ (Identifikazio Fiskalerako Zenbakia). Enpresaren IFZ lortu beharko duzu Ogasun foraletan edo Nafarroako Ogasunean.
- Sozietatearen eraketa eta erregistroa Merkataritza-erregistroan. Eskritura publiko bat egin behar duzu notario aurrean eta bertan, bazkide guztiek sozietatearen eraketa sinatzen dute. Ondoren, Merkataritza-erregistroan erregistratu beharko duzu. Autonomo izatea erabakitzen baduzu, ez dituzu pausu horiek guztiak eman behar.
- Ekonomia-jardueren gaineko Zerga. Alta eman behar duzu Ekonomia-jardueren gaineko Zergan burutuko duzun enpresa-jardueran. Alta hori enpresa kokatuta dagoen lurraldeko Ogasunean egin behar da.
- Sozietateen liburuak. Sozietatearen liburuak legeztatu beharko dituzu dagokion merkataritza-erregistroan. Legeztatzeak suposatzen du liburu horien lehenengo orrialdean ziurtagiri ofizial bat jarriko dutela. Beste orrialde guztietan, berriz, Erregistroaren zigilua jarriko dute.
- Patenteen eta marken erregistroa. Zure negozioaren ikur bereizgarriak erregistratu beharko zenituzke: hitzak, esaldiak, irudiak edo sinboloak (logoa). Izapide hori Espainiako Patente eta Marka Bulegoan egin behar da. Izendapen bat merkataritza-erregistroan erregistratuta izateak ez du esan nahi izendapen hori marka gisa babestuta duzunik.
- Martxan jartzea. Azaldutako izapide horiek guztiak egin ostean, negozioaren jarduerarekin hasteko ia prest egongo zara, baina enpresaren tipologiaren arabera, agian, zenbait izapide gehiago burutu beharko dituzu. Adibidez, langileak izan behar badituzu enpresaren irekitzearen berri eman behar duzu Enplegu eta Gizarte-segurantzaren Ministerioko Zuzendaritza probintzialean eta ikuskapenetarako bisiten liburua eskuratu. Gainera, komenigarria da ziurtagiri elektroniko bat ere eskuratzea agiriak elektronikoki sinatu ahal izateko eta, modu horretan, izapide guztiak ahalik eta azkarren burutzeko.
Prozesu administratibo hau guztia astunegia izan daiteke, baina enpresa bat sortzeko ordaindu beharreko bidesaria da. Gainera, beti duzu izapide horiekin guztiekin lagun zaitzaketen profesionalengana jotzeko aukera.
Behin martxan jarrita…
Garbi baduzu negozio bat sortu nahi duzula eta horretan sartu bazara, hona hemen kontuan hartu beharko dituzun zenbait aholku.
- Definitu zure negozioaren merkatu-hobia eta aukeratu zuretzat eta zure ekonomiarentzat onuragarrien den hori.
- Merkatu-ikerketa bat egin zure proposamena errentagarria den ala ez jakiteko.
- Finantza plangintza. Zure negozio propioa zentimorik inbertitu gabe sortzeko zenbait aukera dauden arren, komenigarria da finantzei dagokionez inbertitu aurretik ondo prestatzea, bereziki, negozioak etekinak ematen hasi arte zure gutxieneko beharrak asetu ahal izateko.
- Negozio-plan bat osatu. Bertan, daukazun aurrekontuan oinarrituta, jarraitu beharreko urratsak zehaztu beharko zenituzke. Txosten estrategiko bat da eta zure enpresaren ekintza guztiak orientatuko ditu. Plangintza horretan posible diren agertoki guztiak jaso beharko lirateke. Plan hori osatzeko epe motz, ertain eta luzerako helburuen ideia garbia izan behar duzu, beti ere, urtebeteko epea buruan duzularik.
- Gaur egun, marketina oso garrantzitsua da, bezeroek zure negozioa ezagutzea behar duzulako. Sarean zure marketin-plana osatzeko, zure produktu eta zerbitzuen inguruko informazioa zabaltzeko, bezeroekin komunikatzeko edota zure marka posizionatzeko hainbat tresna aurki ditzakezu.
- Talde on batekin inguratu. Enpresa baten sorrerari ekin behar zaionean beti positiboa da laguntza izatea, eta profesionalen laguntza bada, askoz hobe.
- Merkatuaren joera berrien eta sortzen diren tresnen jakinaren gainean egoteko etengabe ikasi beharko duzu.
- Networkinga egitea ere garrantzitsua da harreman berriak egiteko eta zure negoziorako ezagutza eta ideia berriak eskuratzeko.
Inma Ramos
Gaztenpresako Zuzendaria
Badira enpresa-ideiaren bat duten gazteak, baina hainbat kasutan ezin dute edo ez dakite hori aurrera eramaten. Zaila al da Euskadin enpresa bat sortzea? Nondik hasi beharko lirateke?
Ez dut uste Euskadin enpresa bat sortzea zaila denik. Une honetan, Euskadi ekintzailetzarako lurralde adeitsua izateko borondate politiko sendoa dago eta hori nabari da.
Baina horrek ez du esan nahi lasterbiderik dagoenik. Motibatzen zaituen ideia erakargarri bat baduzu, hartu zure denbora ikertzeko eta enpresa-plan bat osatzeko. Ez badakizu nondik hasi, Euskadin (www.garapen.net) diren hainbat erakundeetako batera jotzea gomendatuko nuke, eta horien artean, adibidez, Gaztenpresa (www.gaztenpresa.org) aurkitzen da.
Zein da gazte batek enpresa bat sortzerakoan aurki dezakeen zailtasunik handiena? Izapide administratiboak oztopo bat dira?
Zailena, zalantzarik gabe, saltzen hastea da, eta are garrantzitsuagoa, negozioa sostengatzeko eta sendotzeko adina saltzea. Puntu horretan konturatzen zara ondo kudeatzen jakitearen garrantzia, hots, plan bat izatea eta markatutako helburuak lortzeko lan egitea. Izapide administratiboak egin beharreko lan errazena da…jeje.
Normalean, enpresa bat sortzeko ideia batetik abiatu behar dugu. Ba al da ideia horrek funtzionatuko duen ala ez jakiteko moduren bat?
Ekintzaile izateko zalantzak eta arriskua kudeatzeko gaitasuna izan behar da. Inork ez dizu arrakasta bermatuko, asko baitira arrakasta horretan eragiten duten faktoreak. Horregatik, nik bi gomendio emango nizkieke ekin nahi duten gazteei. Lehena, erratu behar baduzu, egin azkar eta ahalik eta merkeen (Lean metodoa). Bigarrena, sortu kontrolatu ahal duzun negozio bat, betiere, zure esperientzian, finantza-gaitasunean eta kudeaketa ezagutzan oinarrituta.
Ekintzaileek oso ondo aztertu behar dute zein nolako negozioan sartzen diren eta, horretarako, laguntza bilatu beharko lukete. Garrantzitsua da duzun ideia hori esperientzia duen norbaitekin alderatzea. Beti dago hasi berri duzun ibilbide hori jada egin duen norbait eta bere gomendioak esanguratsuak izan daitezke.
Hainbat kasutan, nahiz eta ideia eta borondatea izan, negozioa abian jartzeko falta dena finantziazioa da. Zein nolako aukerak daude ekintzaile batentzat?
Finantziazioa lortzeak konpromiso eta ardura bat eskatzen du. Finantzaketa ez da dirulaguntza bat; jasotakoa bueltatu behar da eta horrela ez bada, ondorioak daude. Horregatik, funtsezkoa da proiektua bideragarria den ala ez egiaztatzea, eta horrela bada, talde sustatzaileak zein nolako kudeaketa gaitasuna duen ikustea. Dakizunaren, eskatzen duzunaren eta ematen duzunaren arteko oreka bat bada aukeran diren erraztasun guztiak ematen dira. Laboral Kutxak, adibidez, ekintzailetzara zuzendutako finantzaketa lerro bereziak ditu. Europako Inbertsio Funtsarekin sinatutako hitzarmenei esker, ekintzaileek euren proiektuen finantzaketarako sarbide eta baldintza hobeak dituzte. Argibide gehiago lor ditzakezue https://gaztenpresa.org/eu/finantza-zaitez/ estekan.